Garbiñe Aranburuk salatu du patronala ardura sozialik gabe jokatzen ari dela

Funtsezkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak geratzeko eskatu du berriro sindikatuak, ezin baita langileen osasuna bermatu. Espainiako Gobernuaren neurriak motz geratu direla uste du.

Garbiñe Aranburu, LABeko egoitzan, artxiboko irudian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 18a
11:13
Entzun

Koronabirusaren aurkako borrokan lehentasuna osasuna zaintzea dela uste du LABek, eta horregatik salatu du jarduera ekonomikoari eusteko politika. «Osasun agintariek diote lehentasuna birusaren zabalpena mugatzea dela. Benetan mugatu nahi bada, beharrezkoa da beharrezkoak ez diren zerbitzu guztiak etetea, jendartearentzat ezinbestekoak ez direnak», adierazi du Garbiñe Aranburuk, sindikatu abertzaleko idazkari nagusiak, Internet bidez zabaldutako agerraldi batean.

Aranburuk salatu du enpresa askotan ez direla langileak ez kutsatzeko neurriak hartzen ari. Haren iritziz, «arduragabekeria galanta» da horrela ibiltzea. Ziurtatu du enpresen «egoera jasanezina» dela lantokietan, eta «tentsio handiko uneak» sortzen ari direla. Gogorarazi duenez, azken egunotan itxi dituzten enpresa handi gehienak sindikatuen eta langileen presiopean itxi dituzte, zuzendaritzek fabrikak irekita uzteko asmoa baitzuten. «Patronalen erantzukizun soziala ez da inondik ageri. Saiatzen ari dira krisi honetatik bere posizioa indartuta ateratzen, eta kostuak langileen bizkar jartzen».

Horregatik, oharra egin die enpresaburuei eta administrazioei: «Lantokietan gure osasuna bermatzen ez bada, planto egingo dugu, bitarteko juridiko eta sindikal guztiak erabiliz. Ez dugu onartuko langileen osasuna arriskuan jartzea». Lan Ikuskaritzan, Osalanen eta Nafarroako Lan Osasuneko Institutuan salaketak jarri dituzte, lan osasunaren arloko arau hausteak salatzeko..

Emakume langileak gogoan

LABeko idazkari nagusiak gogoan izan ditu egun hauetan lan egiten ari diren sektore feminizatuetako langileak. «Denak ez gaude baldintza berdinetan. Etxeetako langileak, zahar etxeetakoak, garbitzaileak, supermerkatuetakoak.... Inolako prebentziorik gabe ari dira lanean kasu askotan. Ezinbesteko lanak egiten ari dira, eta haiek dira kolektiborik kaltetuena».

Aranburuk nabarmendu du gizartearen erantzuna « eredugarria» izaten ari dela, eta bereziki nabarmendu ditu joan den astean beren kabuz negozioak itxi zituzten merkatariak eta ostalariak.

Ziurtatu du 2020. urtea «latza eta odoltsua» izaten ari dela langileentzat, bere kontaketaren arabera hamasei langile hil baitira lanean zeudela, eta beste bi lurperatuta daude Zaldibarko zabortegian. Horiei gehitu dizkie amiantoaren eta beste gaixotasun profesional batzuen ondorioz hildakoak.

Espainiako Gobernuak asteartean iragarritako neurriak «oso motz geratu dira», Aranbururen esanetan. «Ez dagoelako erabakirik jarduera ekonomikoa geratzeko: enpresei erregulazioak errazten zaizkie, baina ez dituzte behartu langileek galduko duten soldata osatzera. Ez dago konpromiso argirik enplegua bermatzeko; desiragarria dela diote, baina neurririk ez».

Bada beste kritika bat: «Ez dago baimendutako lizentziarik haurrak zaindu behar dituzten gurasoentzat. Telelana eta haurren zaintza bateraezinak dira kasu askotan»

Gainera, armada kalera ateratzea eta politika zentralizatzailea inposatzea aurpegiratu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.