Garraioa, lan istripuen zulo beltza

ELAren arabera, 57 langile hil ziren iaz lan istripuetan; LABen zerrenda, berriz, 74koa da. Ezbehar larriena Fiteron jazo zen, martxoan: lau kamioilari hil ziren trafiko istripu batean.

Martxoaren 3an izandako trafiko istripu larria. Bi kamioik elkarren aurka jo zuten. VILLAR LOPEZ / EFE
Martxoaren 3an izandako trafiko istripu larria. Bi kamioik elkarren aurka jo zuten. VILLAR LOPEZ / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urtarrilaren 2a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garraioa izan zen iaz Euskal Herrian lan heriotza gehien eragin zuen sektorea. ELA eta LAB sindikatuen hildakoen zenbaketaren arabera —sindikatu horiek dira Euskal Herri osoa kontuan hartzen duten bakarrak—, lanean hildako hiru edo lau langiletik batek sektore horretan ziharduen. Datu horretan eragin zuzena du martxoaren 3an Fiteron (Nafarroa) izandako istripu larriak. Bi kamioik elkar jo, eta lau gidariak zendu ziren. 

ELAren zenbaketaren arabera, iaz 57 langile hil ziren istripuz Euskal Herrian; LABen arabera, berriz, 74 hil ziren. LABek, besteak beste, atzerrian hildako euskal langileak ere zenbatzen ditu. Hori da bi kopuru ezberdin izatearen arrazoietako bat, eta ohikoa da bat ez etortzea.

Lanean izandako heriotza bakoitzak bere ñabardurak ditu, eta nola sindikatuek hala erakunde publikoek ñabardura horien arabera erabakitzen dute lan istripua izan den ala ez. Dena den, baliteke datu horiek handitzea, gerta liteke eta urteko azken egunetako istripuren bati buruzko informazioa biltzeke egotea oraindik. 

LABek, esaterako, dagoeneko istripu gisa izendatu ditu abenduaren 29an hildako bi langileen heriotzak. Bat Laudioko (Araba) merkataritza gune batean zain zegoen garraiolari bat izan zen; sindikatuak heriotza ez-traumatikotzat jo du. Bestea, berriz, Azagran (Nafarroa) zendu zen, lanorduetan zela kamioi batek harrapatu zuen gizarte langile bat. Bada, bi horiek aintzat hartuta eman dute iazko lan heriotzei buruzko datua. 

ELAren zenbaketaren arabera, 2024an baino zazpi langile gutxiago hil ziren iaz; LABen datuei erreparatuz gero, berriz, hamar gehiago izan ziren. Sindikatuek, dena den, oraindik zerrenda ixteke dute, urteko azken egunetako informazioaren zain. 

Aurreko urteetako datuekin alderatuta, sindikatu bakoitzak joera ezberdina adierazi du. LABen datuei erreparatuta, handitu egin zen hildako kopurua iaz. Haren arabera, 2024an 64 langile hil ziren; 2023an, 59; 2022an, 69 eta 2021ean, 68.

ELAren zenbaketaren arabera, berriz, zazpi gutxiago izan ziren: 66 hildako 2024an; 51 hildako 2023an; 71 hildako 2022an, eta 64 hildako 2021ean. 

Kopuru ezberdinak eman arren, bi sindikatuek nabarmendu dute garraio sektorearen arriskua. LABen arabera, sektore horretako hemezortzi langile hil ziren lanean zihardutela; ELAren ustez, ostera, hamazazpi izan ziren. Alegia, hildako hiru edo lau langiletik bat garraiolaria zen. Batezbesteko hori oso handia da; izan ere, Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %4,7k dihardu garraio eta biltegi lanetan.

Datu horrek garraioaren hainbat alor biltzen ditu: garraiolariak, banatzaile handi zein txikiak… Era berean, martxoaren 3an Fiteron izandako istripu larriak asko handitu du zifra hori. Gauez jazo zen ezbeharra, eta nazioarteko garraioan aritzen ziren zama handiko bi kamioik aurrez aurre jo zuten. Lau gidariak atzerritarrak ziren: bi Bulgariakoak, eta beste biak, Txekiakoak.

Eraikuntza, industria…

Hego Euskal Herriko langileen %8 inguruk dihardute eraikuntzan. Heriotza kopuruari erreparatuz, baina, batezbestekoa askoz handiagoa da. ELAren arabera, iaz eraikuntzako zazpi langile hil ziren; LABen arabera, berriz, 11 izan ziren haien lanpostuetan edo lanpostuetarako bidean zendutakoak. Datu horretan, eraikuntzarekin zerikusia duten alor guztiak sartzen dira: etxeen eraikuntza, obra publikoak, teilatu eta pareten berritze lanak…

ELAren arabera, 11 langile hil ziren zerbitzuetan, beste hainbeste industrian, eta lau baso lanetan.

LABen datuei erreparatuta, berriz, hiru hil ziren baso lanetan. Dena den, lanpostuaren deskribapenaren araberakoa da aldea. Beste datu deigarri bat in itinere hildakoen kopurua da: ELAren arabera hamasei izan ziren, eta LABen ustez, 11. Etxetik lanerako edo lanetik etxerako bidean hildakoak dira horiek. 

Datu hori aipatzean, LABek eta ELAk salatu dute enpresek eta administrazio publikoek dutela ardura. Hainbatetan kritikatu dute lan istripuak —traumatikoak, ez-traumatikoak edo in itinere— ez direla zoriaren ondorio, baizik eta prekarizazioaren, azpikontratazioaren eta egungo lan harremanen esparruaren ondorio. Biek ala biek nabarmendu izan dute lan ikuskaritza eraginkor bat izateko baliabide gabezia: Hego Euskal Herrian 67 lan ikuskari bakarrik daude; bi sindikatuen ustez, Europako batezbestekotik oso urrun dago kopurua hori. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.