Garraio greba (4. eguna)

Garraiolarien grebak industrian utzi du arrasto sakonena

Fundizioak eta industria kimikoko enpresak lehengai gabezia sumatzen ari dira, eta Bilboko portuko egoerari egozten diote bereziki. Eroskik aitortu du bere dendak hornitzeko lehen arazoak sortu zaizkiola.

Ehundaka kamioi geldirik daude Bilboko portuko aparkalekuan. MIGUEL TOñA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 17a
18:17
Entzun 00:00:0000:00:00

Hego Euskal Herriko garraiolarien grebaren eragina apurka zabalduz doa, eta industriaren hainbat azpisektoreren jardunari kalte egiten hasia da. Industria kimikoan eta altzairuarenean hornidura arazoak nabaritzen ari direla aitortu dute, eta siderurgian egoera okertzen ari da. Elikadura kateari dagokionez, arrain falta sumatzen da, hein handi batean baxurako arrantzaleak lotuta daudelako astelehenera arte. Mercabilbaon eta Mercairuñan asteburura begira daude, eta Eroskik aitortu du bere plataforma eta dendetako hornidurarekin arazoak izaten ari dela.

«Bilboko portua ezin da izan inbutu estu bat», adierazi du gaur goizean Rikardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak. Santurtziko (Bizkaia) azpiegitura Euskal Herriko gune logistiko handiena da, eta astelehenaz geroztik kamioi mugimendua hutsaren hurrengoa da. Asteazken goizaldean Ertzaintzaren babesarekin soja bila sartu zen berrogei kamioiko konboia albo batera utzita, tantaka ari dira sartzen kamioiak. Portuan diharduten kamioilari gehienak autonomoak dira, eta ez dute beren burua ordezkatua ikusten garraio patronal handiak erakundeekin egiten ari diren negoziazioetan. Oraingoz ez dute greba uzteko asmorik.

Portua nabarmentzea garrantzitsua da, harekiko menpekotasuna duten jardunak direlako greba gehien sumatzen ari direnak. Kamioiak Aparkabisa gunean geldirik daude, eta edukiontziak pilatzen ari dira —600 eta 800 artean iristen dira egun normal batean—. AVEQ industria kimikoko ordezkariak izan ziren argi gorria pizten lehenak, asteazkenean. Luis Blando idazkari nagusiak salatu zuen ospitaleetako medikuntza gasen, gas naturalaren edo garbiketan erabiltzen diren produktuen gabezia dagoela. Fundizioetan ere egoera okertzen ari dela aitortu du AFV Hego Euskal Herriko fundizioen elkarteak: «Enpresa asko daude, baina ez litzateke harritzekoa baten batek jarduera eten behar izatea». Txatarra, aluminioa eta burdin lingoteak falta zaizkie batez ere.

Siderex siderurgia arloko enpresak elkartzen dituen klusterra da. Talde oso plurala da, eta zaila da balorazio orokor bat egitea, baina ez du ukatzen batzuek arazoak dituztela: «Oraingoz, lehengaia hartzeko baino gehiago, produktua ateratzeko arazoak dituzte». Horrek, baina, ez du esan nahi horniduran arazorik ez dagoenik: «Oinarrizko lehengaiak luzeagora begira erosten dira, eta grebak egun gutxi daramatza. Baina sumatzen dute, ordea, erabiltzen dituzten beste produktuetan: paletak, plastikozko edukiontziak...».

Siderurgiako patronalak 2020ko zamaketarien greban bizi izandakoarekin alderatzen dute egoera, eta argi dute ez duela laguntzen. Energiaren kostuekin nahikoa buruhauste ez, eta orain hau. Gainera, diotenez, haiek katebegi bat dira, eta beherago ere eragiten du kaltea. Esaterako, eraikuntzan. BERRIAk jakin ahal izan duenez, eraikuntzan asko nozitu dute garraio greba, eta ez bakarrik horniduran. Lan batzuetan hondakinak pilatzen ari zaizkie. Azkenik, egur sektorean ere badaude arazoak: «Batez ere haritza falta da», zehaztu dute Egurgintza klusterreko arduradunek.

Ez da falta elikagairik
Elikagaiei dagokienez, baxurako arraina da ageriko gabeziarik handiena, arrantzaleak lotuta baitaude astelehenera arte. Jon Ander Egaña Euskadiko Elikadura Klusterreko zuzendariak lasai egoteko eskatu du, Euskadi Irratian: «Oraingoz, ez dago hornidura arazo orokorrik. Daudenak puntualak dira». Eroskik, baina, onartu du bere plataformak eta dendak hornitzeko lehen arazoak izan dituela, eta egoera konpontzen ez bada horniduran «okerrera» egin dezakeela.

Mercabilbaon eta Mercairuñan, berriz, zuhurragoak dira, eta asteburura begira daude. Espainian gogortzen ari da greba, eta barazki eta fruta gehien handik jasotzen dute. Bi banaketa zentro horietan ez dago gabeziarik, baina aitortu dute produktu gutxiago sartzen ari dela. Itsaskien hutsunea nabaria da Iruñean, eta arrain freskoa banatzen duen Mercabilbaoko biltegiren batek egun batzuetarako itxi du.

Eta esnea? Garraio asko behar duen produktu bat da. Espainiako ekoizleen patronalak gelditzea erabaki du. Hego Euskal Herriko banatzaileek, berriz, ez. Kaikuk eta Lacturalek esnea biltzen jarraitzen dute, baita Euskal Herria eta Bizkaia esneek ere. Horiek, baina, ontziratzeko arazoak dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.