Ormuzko itsasartearen blokeoaren ondorioak nabaritzen hasi dira Euskal Herriko gasolindegietan ere. Atzo hala moduzko barealdi bat egon zen energien merkatuan, baina gaur berriro ere itzuli da aurreko egunetako joera: Brent upela 83 dolar inguruan kotizatzen da, atzo baino %2 inguru gehiago, eta duela astebete baino ia %17 garestiago. Urtebeteko preziorik altuena da.
Aurreko egunetan gas likidotuak erakarri du merkatuen arreta: %15 inguru garestitu da gatazka hasi zenetik, baina azken egunetan egonkor mantendu da. Hilabete amaieran, fakturak kontsumitzaileen eskuetara iristean, jakin ahal izango da orain arteko igoeraren neurria.
Gasolinaren eta gasolioaren kasuan, berriz, petrolio upelaren garestitzea Euskal Herriko zerbitzuguneetan ere nabari da. Atzo, gasolina 1,566 euroan zegoen batez beste, joan den larunbatean baino sei zentimo garestiago. Handiagoa izan da dieselaren igoera: 11 zentimo garestitu da, eta 1,582 euro balio du litroak.
Urte hasi zenetik astez aste garestitu dira erregaiak, AEBak Iranen operazio militar bat prestatzen ari ziren espekulazioek indarra hartzen zuten neurrian. Urtarriletik hona, gasolinak zortzi zentimo egin du gora, eta dieselak, berriz, 12,3 zentimo. Bi erregaiak oraindik iazko martxoan baino merkeago daude, baina inor gutxik jartzen du zalantzan ordu edo egun batzuk barru garestiago jarriko direla.
2022ko prezioak urrunago daude oraindik. Ukrainako gerra hasi eta gutxira, gasolina bi eurotik gora ordaintzen zen litroa Euskal Herrian. Orduan, ez zen berehala garestitu, zerbitzugune batzuek prezioei eustea erabaki baitzuten 1,80 euro inguruan, beren irabazi marjinaren parte bat xurgatuz. Ondoren etorri zen igoera orokortuago bat, zerbitzuguneetako biltegiak berriz bete behar izan zituztenean, kostu askoz ere handiagoa zela.
Kostu txikiko gasolindegietan, beste bat izaten da jokabidea:Â prezioen gorabeherak maizago eta azkarrago islatzen dituzte, eta ohikoa izaten da egun berean aldaketak egitea ere.
Hornidura, bermatuta
Irango gerraren iraupenak baldintzatuko du aurrera begira zer gertatuko den. OCU kontsumitzaileen elkartearen arabera, oraingoz mugatua izan da haren eragina. Gasolindegietako prezio igoerak lotura estuagoa du AEBen eta Israelen erasoen aurretik izandako prezio gorakadarekin. OCUk uste du egun gutxi barru edo aste batzuk barru iritsiko dela bigarren olatua.
Gogoratu du 2022an ere gertatu zela hori, Ukrainako gerra hasi eta hamar egunera. Oraingoan, uste du eragina pixkanakakoa izango dela: Brent upela 80 euroren bueltan egonkortzen bada, bi aste barru nabarituko dela gasolindegietan bigarren igoera, beste zortzi eta hamar zentimo artekoa.
Persiar golkoko azkeneko petrolio bidalketak gerra hasi aurretik egin ziren, Ormuzko itsasartea blokeatu baino lehen. Europako portuetara iristeko, hilabete behar izaten da, eta aurki iritsiko dira, bide erdian gelditu eta prezio hobea eskaini dien beste portu baterako bidea hartzen ez badute behintzat, bereziki Asiara. Momentuz, Europako biltegietan ez da alarmarik piztu.
Euskal Herrian ere ez dago kezkarako motiborik. Bermatuta dago erregaien hornidura, bai erreserbei esker, bai jatorrien dibertsifikazioagatik. Persiar golkoko petrolioarekiko mendekotasuna txikia da —%5 eta %10 artekoa—, eta hornitzaile nagusiak AEBak eta Norvegia dira; bien artean, esportatutakoaren erdia inguru osatzen dute. Dena dela, munduan merkatu globalik baldin bada, petrolioarena da; ekoizle handi batek bere prezioak igotzen baditu, horrek erreakzio kate eragin ohi du gainerakoetan.
Izan ere, Pertsiar golkoko ekoizle nagusiak arazo larri baten aurrean daude: esportazioak berriro martxan jarri ezean, biltegiak betetzen hasiko zaizkie eta ekoizpena murriztu beharko dute. Irakek jada hasi du produkzioa gutxitzen, eta Kuwait, Arabiar Emirerri Batuak eta Saudi Arabia ere bide berean joan litezke. Horrek milioika upel merkatutik kentzea ekarriko luke eta prezioetan goranzko presioa sortu. Oraingoz, merkatuek uste dute krisia laburra izango dela, baina luzatzen bada, ondorioak nabarmenagoak izango dira.
Hala ere, badago funtsezko alderdi bat: Golkoko herrialdeek, oro har, nahi dutenean moteldu edo handitu dezakete ekoizpena. AEBeek, ordea, ez. Han fracking-a erabiltzen dute petrolioa lurretik ateratzeko eta zailtasun tekniko handiagoak dituzte putzuak gelditu eta berriro martxan jartzeko.