Enpresak

Gasteizko Mercedesek datorren astean ekingo dio berriz ekoizpenari

Asteartean jarriko du berriz martxan ekoizpena. Hiru astez izan du etenda, osagai faltagatik.VWek, berriz, ostegunean soilik egingo du lan.

Langile bat, Gasteizko Mercedes Benzen lantegian. Artxiboko irudia. DAVID AGUILAR/EFE
aitor biain
2021eko irailaren 15a
12:29
Entzun

Gasteizko Mercedes Benzen lantegiak ohiko jarduera berreskuratuko du datorren astean. Hiru astez izan du geldirik ekoizpena, autogintzako osagaien merkatuan dagoen krisiagatik; zehazki, mikrotxipen edo erdieroaleen krisiagatik. Baina langile batzordeak jakinarazi du asteartean berrekingo diotela.

Bilera izan dute goizean zuzendaritzarekin, eta orduan jakinarazi dizkiete xehetasunak. Langile guztiak itzuliko dira beharrera, 5.000 inguru, eta hiru lan txandak berreskuratuko dituzte. Halere, asteartetik ostiralera egingo dute lan datorren astean. Astelehenean oraindik enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteari eutsiko dio zuzendaritzak.

Abuztuaren 30ean geldiarazi zuen ekoizpena zuzendaritzak, txipak eta erdieroaleak falta zituelako. Urte honetako etenaldirik luzeena izan da, eta horrek zuzenean eragin die ekoizpen helburuei; izan ere, urtea amaitu arteko produkzio zifrak hainbatetan berrikusi behar izan dituzte: azkena, gaur bertan. Gasteizko fabrikako zuzendaritzaren arabera, aurten 134.561 auto egitea espero dute. Urte hasieran iragarritako 150.000 unitateetatik urrun, beraz. Orduan, oso aurreikuspen baikorra egin zuen enpresak, inoizko kopururik handienetatik gertu, eta beste 400 langile kontratatzeko aukera ere aipatu zuen.

Euskal Herriko beste auto lantegiak, Volkswagenek, berriz, kontrako panorama du datorren astean. Egun bakar batean egingo dute lan Landabenen, ostegunean. Beste egunetan itxita egongo da, erdieroaleak falta zaizkiolako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.