Lan gatazkak

Gasteizko Michelineko langile batzordeak berretsi egin du Espainiako komitetik ateratzea

Langileen %51,43k bozkatu zuten Espainiako langileen batzordea uztearen alde, eta Gasteizko Michelineko batzordeak berretsi egin du erabaki hori. CCOO, CCM, ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek bozkatu dute alde.

Gasteizko Michelingo langileek ekainean egindako greba baten irudia. DAVID AGUILAR / EFE
inaut matauko rada
2023ko urriaren 17a
18:11
Entzun

Gasteizko Michelin fabrika Espainiako lantegien arteko batzordetik atera da. Hala bozkatu zuten joan den astean langile gehienek (%51,43k), eta hala berretsi du gaur lantegiko komiteak, ezohiko bilera baten ostean. Hala, Frantziako multinazionalak egun Hego Euskal Herrian dituen bi lantegiek langile batzorde propioak dituzte, eta beren kabuz negoziatu ahal izango dituzte lan baldintzak enpresarekin.

Espainiako komitetik banantzeko behar hori azken greban ikusi zen. Izan ere, orduan, ekainean, Gasteizko planta Espainiako gainontzeko lantegiekin batera zegoen zentro arteko batzordean; ez, ordea, Lasarte-Oriakoa (Gipuzkoa), batzorde propioa baitu hark.

Gasteizko lantegian haustura sortu zen nagusitasuna zuten sindikatuen eta ordezkari gutxi zutenen artean. Izan ere, lantegi horretan CCOO, UGT, CSIF eta CCM sindikatuek dute gehiengoa, eta ez zuten babestu gainontzeko sindikatuek —ELA, LAB, CGT eta ESK— deitu zuten greba. Izan ere, lehenak ados zeuden zuzendaritzaren proposamenarekin; ez, ordea, bigarrenak. Azken horiek grebara deitu zuten, eta, nahiz eta ordezkaritza gutxiko sindikatuak izan, langileen %93k babestu zuten greba.

Azkenean, zentro guztietan akordio bera lortu zuten sindikatuek eta zuzendaritzak, baina garbi geratu zen langileen ordezkariak eta langileak ez datozela bat. Gaur langileen batzordean egin duten bozketan, CCOO, CCM, ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuko ordezkariek alde bozkatu dute, UGTkoak abstenitu egin dira, eta CSIFkoek aurka bozkatu dute.

Sindikatuen arteko xextrak

Tirabirak izan dira sindikatuen artean gaurko bileran. LAB sindikatuak adierazi duenaren arabera, UGT sindikatua abstenitu egin da gaurko bozketan, eta CSIFk aurka bozkatu du. LABek kritikatu egin du erabaki hori, langileek joan den astean bozkatutakoa loteslea baita, eta gehitu du langileek bozkatutakoaren aurkakoa bozkatu duten ordezkariek «dimisioa» aurkeztu behar luketela.

Langileen eta sindikatuen arteko desadostasuna ikusita, baliteke sindikatuen ordezkaritza mailak aldatzea datozen hauteskunde sindikaletan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.