Gasteizko Michelinek lan hitzarmen berria izango du datozen lau urteetarako, hango langileek zuzendaritzaren proposamenaren aurka bozkatu duten arren. Multinazionalak Espainian dituen plantetan izandako emaitzek baldintzatu dute bozketa. Guztira, aldeko 3.297 boto jaso ditu enpresaren proposamenak (%56,54), kontrako 2.513 (%43,10), eta baliorik gabeko 21 (%0,36). Gasteizen, aldiz, ezezkoa nagusitu da, 2.007 botorekin (%65) eta aldeko 1.093rekin (%35). Erreferendumaren emaitza CC OO, UGT eta CSIFi esker gauzatu ahal izango da, zentroarteko langile batzordean gehiengoa baitute —13 aulkietatik 9—. Sindikatu horiek bozketaren emaitzak onartzeko konpromisoa hartu zuten. Joan den astean Gasteizen grebara deitu zuten sindikatuek, berriz —ELA, LAB, ESK eta CGTk—, esan dute ez direla emaitzari lotuta sentitzen eta «borrokan» jarraitzeko asmoa agertu dute.
Emaitzak Gasteizko lantegian eta konpainiak Espainian dituen besteetan izango du eragina: Aranda de Duerokoan, Valladolidekoan eta Almeriakoan. Lantegi horiek zentroarteko batzorde bakarra dute, eta lan hitzarmen bera. Arabako plantako langileek emandako botoak taldeko gainerakoekin batera zenbatu dira erreferendumean. Guztira 7.500 behargin dira, eta Gasteizen 3.500 daude.
Michelinek beste planta bat du Euskal Herrian: Lasarte-Oriakoa (Gipuzkoa). Horko langileak negoziazio eta erreferendum horretatik kanpo geratu dira, batzorde propioa baitute. Han ere negoziatzen ari dira hitzarmen berria, eta protestak hasi dituzte. Planta horretan LABek eta ELAk dute gehiengoa. LABek azaldu duenez, ostiral honetan biltzeko eskatu zuten, baina zuzendaritzak atzera egin, eta astearterako jarri dute hitzordua. Bitartean, asteburu honetarako eta astelehenerako deitutako lanuzte eta mobilizazioekin jarraituko dute. Lasarte-Oriako langileei gainerakoei egindako antzeko proposamena egin zien zuzendaritzak maiatzaren 23an. Gipuzkoako lantegian bostehun langile daude.
Zuzendaritzaren «xantaia»
Hauek dira Gasteizko Michelineko langileei aplikatuko zaizkien hobekuntzak: 1.500 euroko sari bat jasoko dute zuzendaritzaren proposamena onartzeagatik. Horrekin batera, %12ko soldata igoera izango dute, modu honetan banatuta: %5ekoa 2023an, %3koa 2024ean, %2koa 2025ean, eta %2koa 2026an. Horrez gain,biurteko bakoitzean %2ko igoera gehigarria izango dute, betiere inflazioak itundutako igoerak gainditzen baitu: KPIa %8tik gorakoa bada 2023 eta 2024 artean, eta %4koa 2025 eta 2026 bitartean—%3,5ekoa izan da maiatzean—.
Gasteizko plantan eskaintza horren aurka azaldu diren sindikatuek —ELA, LAB, ESK eta CGTk— salatu dute zuzendaritzaren proposamenak ez dituela bermatzen KPIaren araberako soldatak igoerak, eta gogoratu dute akordiotik kanpo geratu direla langileek negoziazio mahaira eramandako beste eskaera batzuk. «Xantaiatzat» jo dute zuzendaritzaren proposamena, eta CCOOren eta UGTren jarrera kritikatu dute. Emaitza ezbaian jarri dute, Gasteizko planta delako, alde handiz, langile gehien duena, eta langile batzorde eta hitzarmen propioa galdegin dute.
Gasteizko Michelinen itun berria izango dute, nahiz eta ezezkoak irabazi
Espainiako plantetako langileek alde bozkatu dute, eta lantegi guztietan ezarriko da, Lasarte-Oriakoan izan ezik. Gasteizen protestara deitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu