Haizea alde du sektore aeronautikoak, eta Europako agintariek gastu militarra handitzeko hartu dituzten erabakiak erru handia du horretan. Azken urteetan izugarri aldatu sektorearen egoera, baita Euskal Herrian ere. 2020an, kolpe latza hartu zuten Hegan klusterrean biltzen diren 77 bazkideek: salmentak %30 gutxitu zitzaizkien, eta enpleguaren %10 galdu zen. Bada, bost urte geroago, pandemia aurreko kopuruen gainetik ibili dira. «Markak hautsi ditugu».
Sektoreak iaz hartu zuen gorako bidea, eta gurutzaldi horretan jarraitzen du. Ekonomian oro har eta industrian bereziki laino beltzak agertu diren arren, aurreikuspen «ikusgarriak» ditu sektoreak.
Hegan-eko arduradunek ostiral honetan eman dute 2024ko emaitzen berri, eta aurrera begirako erronkak azaldu dituzte. Klusterrean biltzen diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek aurreko urtean baino %20 gehiago fakturatu zuten iaz, 3.459 milioi euro guztira, eta horietatik 1.497 milioi euro bertako instalazioetan. 2028ra arte, urtero batez beste %9,5 haztea aurreikusten dute.
Klusterreko enpresek 173 lantegi dituzte guztira, eta horietatik 101 hiru herrialdeetan. Konpainia nagusiak Aernnova, ITP Aero, Sener eta Aciturri dira. Ez dituzte emaitza horiek xehatu, ez azpisektoreetan, ez produktu motan; ezta bezeroen arabera ere. Baina gauza jakina da horien artean defentsa ministerioen eskari ugari jasotzen dituztela. Ricardo Txokarrok, Aernnovako kontseilari ordezkari eta Hegan-eko presidenteak aitortu du «merkatu nitxo» garrantzitsua dela euskal enpresentzat.
Aeronautika sektore esportatzailea da: Hegan-eko kideen salmenta guztien %80 baino gehiago kanpoan egiten dituzte. Merkatu nagusiak Erresuma Batua (%27), Alemania (%22), AEBak (%19) eta Frantzia (%10) dira.
14
Aernnovaren galerak, milioi eurotan Sektoreak oro har emaitza onak aurkeztu arren, badago salbuespenik, eta horien artean enpresa ikurretako bat azaltzen da: Aernnova. Iaz 14 milioi euroren galerak izan zituen. Azken urteetan inbertsio handiak egin ditu bere instalazioetan, eta horretarako zorpetu behar izan du. Interes tasek eragin handia izan dute galera horietan. Baita esku artean zituen zenbait egitasmo erori izanak ere. Hala ere, iaz eta aurten eskari zorroa nabarmen handitzea lortu du.
Emaitza on horiek enpleguan ere izan dute isla: %13,8 handitu zen iaz. Sektoreak 18.000 langile inguru ditu, horietatik ia 6.000 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Haren jardunean, ikerketa eta garapenak leku berezia hartzen du. 2.500 langile daude horretara jarriak. Eta iaz 215 milioi euro erabili zituen horretarako, %87 enpresek berek jarriak, klusterreko arduradunek azpimarratu dutenez.
Aukerak eta kezkak
Hori iazko urteko argazkia da. Baina aurrera begira zer? Itxaropentsu mintzatu dira Hegan-eko arduradunak. «Epe ertainera, ekonomia global ahula aurreikusten dugu, mundu egoera ezegonkor batean; baina, hazkunderako oso aurreikuspen positiboak ditugu, eta esku artean ditugun egitasmoek aukera ugariko bide bat zabaltzen dute», adierazi du Txokarrok.
«Hazkunderako oso aurreikuspen positiboak ditugu, eta esku artean ditugun egitasmoek aukera ugariko bide bat zabaltzen dute»
RICARDO TXOKARROHegan klusterreko presidentea
Azaldu dutenez, bidaiari eta salgaien garraioan, aire trafikoak pandemia aurreko kopuruak gainditu ditu. Eta uste dute goranzko bidean jarraituko duela: munduko bi ekoizle nagusiek, Airbusek eta Boeingek egindako kalkuluak gogoratu dituzte: horien arabera, hogei urte barru orain halako bi izango da hegazkin komertzialen munduko flota.
Espazioaren alorrean ere izango dute lanik. ESA Europako Espazio Agentziaren aurreikuspenen arabera, hamar urteren buruan 100.000 satelite ibiliko dira, egungo kopuruaren halako zortzi.
Gastu militarrean aurreikusten diren inbertsio handiek emango diete lana Hegan-eko bazkide batzuei. Hala ere, ez dute zehaztasunik eman. Horrez gain, «mugikortasun eredu berriak» ere negozio aukera handia direla gaineratu dute.
Badituzte kezkarako motibo batzuk, hala ere. Osagai elektronikoen hornikuntza izan daiteke tentsioetako bat. Eskari handiak prezioak garestitu ditzake, eta material jakin batzuen hornikuntzan atzerapenak eragin. Txokarrok aitortu du horregatik «sufritzen» ari direla eta arazoak izaten ari direla zorroan dituzten eskariei aterabidea emateko.
Hegan-eko enpresen beste kezka handia «talentuarekin» lotuta dago. Beste sektore batzuetan bezala, zailtasunak dituzte langileak erakartzeko, lotzeko eta atxikitzeko. Eta AEBek muga zerga berriekin abiatutako gerra komertzialak ere eragin kaltegarriak izan ditzakeela ohartarazi dute. «Arazo horiek gure eskutik at daude, ezin dugu horietan asko eragin, eta horiek guztiek gure lehiakortasuna eta lan ona murriztu dezakete», ohartarazi du Ana Villate klusterreko zuzendariak. Txokarrok gogoratu du sektorea muga zergetatik salbu egon dela 1979. urtetik.