Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea

Andre Garreta: «Gastu publikoa murriztu behar da, eta gehiago ekoitzi eta esportatu»

Frantziako egoera politiko ezegonkorra ekonomiarako kaltegarria dela uste du Garretak. Nabarmendu du aurreztu behar dela, gastu publikoan murrizketak eginez.

Andre Garreta, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Andre Garreta, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak urri erditsuan aurkeztu zuen Ipar Euskal Herriko enpresen barometroa. Sei hilabetean behin bezala, egoera «kezkagarria» dela baieztatu du Andre Garreta presidenteak. Gastu publikoa murriztu eta enpresen fiskalitatea arintzera deitu du.

Zein da egoera gaur egun?

Gure ekonomiak oldarra eskas du oraindik, nahiz eta enpresak aktibo, ausart eta engaiatuak dauden, politikoki eta geopolitikoki kontrako haizeak izanik ere. Enpresen demografia kezkagarria da: urtarriletik %75 emendatu dira enpresen ezabatzeak. 

Baina enpresa gehiago sortzen dira; saldoa positiboa da. 

Bai, baina orain artekoa baino apalago emendatu da, %13 inguru. Haatik, prozedura kolektiboak, hala nola iraunbide judizialean ezarriak izan diren enpresak, gero eta gehiago dira. Gure egitura ekonomikoa bizi da, baina ahultzen ari da. Zerbitzuek eta industriak bultzatzen dute hazkundea, baina langileak kontratatzeko arazoak dituztela diote enpresaburuen %65ek. Langabezia apal da, baina %5,8an dago hala ere, eta gazteen eta arduradunen artean emendatzen ari da bereziki; beraz, adi egon behar dugu. Enpresen erdiek baino gehiagok urteko negozio zenbatekoari eusten diote, baina %20k baizik ez dute emendatzerik izan. 

Sektoreka, zein da argazkia?

Industriak sendo segitzen du, irabaziak higatzen ari badira ere. Aeronautikak du indar gehien, baina hor ere irabaziak eta eskugaineko dirua kaltetuak dira, eta horrek nau kezkatzen: bigarren seihilekoari begira inbertsio proiekzio gutxi dago. Horri gehitu behar zaio ziurgabetasun politikoa, energiaren kostua, karguen pisua, inflazioa... eta langileak kontratatzeko zailtasuna. Ipar Euskal Herriko enpleguari buruz sortu genuen plataforman ikusi dezakegu: badira 6.000 enplegu bete gabe, eta parean 20.000 pertsona enplegu eskean.

Badirudi Frantziako egoera instituzionala egonkortzeko bidean dela eta aitzinkontu bat bozkatuko dutela. Konfiantza ematen dizu?

Badu hilabete batzuk Frantzia turbulentzia gune batean sartua dela, gobernuak bat bestearen jarraian, ministroak joan-etorrian, norabideak iragarriak dira eta ondoren bertan behera utziak, erreformak sortzen dira baina ez dira aplikatzen... eta, aldi berean, enpresaburuek segitzen dute inbertsioak egiten, berrikuntzak egiten, enplegua atxikitzen. Norabidea atxikitzen dute, laino politikoa gorabehera. Baina ezegonkortasun politikoak ezegonkortasun ekonomikoa sortzen du ororen buru. 

«[Frantzian] Urtero 278 mila milioi euro galtzen ditugu, 3.200 mila milioi euro baino gehiagoko zorra dugu, eta zorraren interesak 60 milioi euro inguru dira urtero. Pribatuan, horri 'kiebra' deituko genioke; publikoan, 'aurrekontua' deitzen diogu»

Zer espero duzu?

Enpresaburuok ez dugu espero probidentzia estatu super babeslerik; estatu estratega bat nahi dugu, egonkorra, norabide bat ematen duena. Eta begira nora goazen: kontuak gorrian dira, urtero 278 mila milioi euro galtzen ditugu, 3.200 mila milioi euro baino gehiagoko zorra dugu, eta zorraren interesak 60 milioi euro inguru dira urtero. Pribatuan, horri kiebra deituko genioke; publikoan, aurrekontua deitzen diogu. Ez dago mirakuluzko zergarik, ez dago hor egia. Zergak eta zergak, ez dugu besterik aipatzen. Baina irabazten dugun baino gehiago gastatzen dugu, kreditura bizi gara, aberastasuna sortzen dutenak etsiarazten ditugu; alta, soluzioak badira. 

Publikoa eta pribatua parekatu dituzu. Diferentzia da publikoak baduela diru sarrerak erabakitzeko gaitasuna. Arazoa ez ote da diru sarreretan, gastuetan baino gehiago?

Inola ere ez. Estatuak laurehun agentzia baino gehiago ditu; 83 mila milioi euro baino gehiago kosta du. Alta, badira konpetentzia horiek dituzten ministerioak. Beharrezkoa da? Badira gastu anitz berrikusi behar direnak. Enpresa batean kudeaketa egin behar dugu, eta gaur egun gero eta mugatuagoak gara. Azkenerako, aberastasunik ez sortzera eramango gaituzte, dirua kentzen baitigute manera neurrigabean. 

Herrialde bat enpresa bat bezalakoa da. Lehiakortasun, zorroztasun eta ausardiarik gabe, ezin da ekin. Frantziak ez du zerga gehiago behar; zentzu ona eta argitasuna behar ditu. Arrastoak argi dira: gastu publikoa murriztu behar da, eta gehiago ekoitzi eta esportatu. Horretarako baliabideak behar dira. Gure ekonomia enpresaburu baten zorroztasunaz kudeatu behar da. 

«Zer gertatuko da multinazional bateko buruari halako zerga ezartzen bazaio? Beste leku batera joanen dela. Beraz, kanporatzeak izanen dira; enplegua galduko da»

Gastu publikoa aipatu duzu: Frantziako Senatuaren txosten baten arabera, 2023an 211 mila milioi euroren laguntza publikoak eman zizkien estatuak enpresei, inolako kontrolik gabe. 

Enpresa handiak aipatzen dituzu; hemen %98 enpresa txikiak dira. Guk ez dugu ezer jasotzen. Beraz, bai, badira enpresa handiak, baina guk ez dugu laguntzarik itxaroten; guri interesatzen zaiguna da eskaera liburuak betetzea. 

Zuchman zerga denen ahotan izan da azken asteetan. Ez ote litzateke aberatsenen ekarpena emendatu behar?

Ez da haren izena baizik entzuten; badirudi mirakuluzko sendagarria asmatu duela. Zer gertatuko da multinazional bateko buruari halako zerga ezartzen bazaio? Beste leku batera joanen dela. Beraz, kanporatzeak izanen dira; enplegua galduko da. Klase ertainak ordaindu beharko du horren ondorioa. Ez dut uste horretarako gogorik daukatenik. Ez da hori soluzioa. Soluzioa aurreztea da. 

Erretreten erreforma etetea aipatzen ari dira. Zer iritzi duzu?

Gaur egun luzeago bizi gara, gutxiago lan egiten dugu, eta gehiago gastatzen dugu. Nik ez dut politikarik egiten; erantzukizun kontu bat da. Azken hamar urteetan, zorra mila miliar euro emendatu da, eta batzuek sinetsarazi nahi digute goizago joan gaitezkeela ondoriorik gabe. Gezur garesti bat da. Gehiago lan egitea ez da eskandalu bat. Ezin gara beti gure haurren kreditura bizi; ezin diegu erreforma eta bisiorik gabeko herrialde baten kontua ordainarazi. Nahiago dut zutik den herrialde bat, zorpetua den bat baino. Eta nahiago dut ausardia demagogia baino.  

Aurreikus ditzakegu malgutasunak lan dorpeentzat. Hor ados naiz. Hargin bat momentu batean ahitua izanen da lan fisikoagatik. Normala da 60 urtetan erretiratu dadin. Baina beste jarduera batzuetan indar gehiago egin daiteke. 

«Ez dizut ukatuko enpresaburuek dudak dituztela. Guk bultzatu genuen Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera, baina emandako hitza ez da bete»

Politikarik ez duzula egiten diozu, baina enpresaburuak politikan engaiatzera deitu zenituen iaz. Zer espero duzu martxoko herriko bozetatik?

Mundu ekonomikoa eta enpresak hobeki kontuan hartuak izatea espero dut. Era berean, enpresak ekarri nahi baditugu enplegua sor dezaten, presio fiskala apaldu behar da. Lurraldeko enpresak, industrian nagusiki, jomugan dira. Ez da arrunta prefeta batek elkargoa enpresen gaineko zerga apaltzera behartzea, hura neurrigabea baita.  

Merkataritza eta Industria Ganberatik fiskalitateari buruzko elkarrizketa bat eskatzen dugu. Enpresek ez dute inbertsiorik eginen fiskalitatea urtero aldatzen bada. Bada zerbait ez doana: Euskal Elkargoak bere gastuak berrikus ditzake. Sortu zenean, 750 langile zituen; orain 1.450 ditu; 119 hartu zituen iaz bakarrik. Hori guzia berrikusi behar da. 

Batera plataforma birfundatu da estatus bereziko lurralde elkargo baten alde. 2012an bilakaera horren alde agertu zineten. Nola kokatzen zarete gaur egun?

Ez dizut ukatuko enpresaburuek dudak dituztela. Guk bultzatu genuen Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera, baina emandako hitza ez da bete. merkataritza eta industria, laborantza, eta ofizialeen ganberekin elkarlanean arituko zela erran zen, baina ez da hala. Nik neuk pentsatzen nuen zentzu berean arituko ginela lanean, fiteago, urrunago eta indartsuago joateko elkarrekin. Baina kontrakoa gertatzen ari da. Biziki dudakor gaude; zinez, biziki dudakor.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.