Bere historia garaikideko murrizketarik handiena martxan du Eusko Jaurlaritzak. 2013. urterako aurrekontu proiektuan gastuak %10,8 jaistea aurreikusi du: 1.132 milioi euro gutxiago izango dira. 1980. urtean sortu zenetik, gobernuak ez dio sekula horrelako jaitsiera bati aurre egin, eta 80ko edo 90eko hamarkadetan izandako krisi ekonomiko larrietan ere gastu publikoa handitzeko aukera izan zuen. Unearen garrantziaz zalantzarik bazegoen, argi geratu zen kontuen berri Iñigo Urkullu lehendakariak berak aurkezpena egiterakoan, Ogasun sailburuarekin batera.
Aldez aurretik ezagunak ziren kontu publikoaren zenbaki nagusiak, baina murrizketa orokorraren irudia aski garbia da: departamentu guztietan jaitsiko dira gastuak. Iragarritako jaitsiera — 1.200 milioi euro — apur bat arintzea lortu du gobernuak, ezohiko diru sarrera batzuei esker.
Murrizketaren tamaina ezkutatu gabe, kontuokin oinarrizko gizarte zerbitzuei eutsiko zaiela defendatzen ahalegindu da Jaurlaritza. Ideia bat ere nabarmendu nahi izan zuen Urkulluk aurkezpenean: gastu sozial modura sailkatutako ataletara joango dela diruaren %73,9. Pisu erlatiboan iaz baino apur bat gehiago da, baina horrek ez du esan nahi gizarte gastuan murrizketarik ez dagoenik, eta adierazgarria da: 711,5 milioi gutxiago bideratuko dira atal horietara, 2012. urteko aurrekontuarekin alderatuz. Murrizketa %9,3 da, aurrekontu orokorrak duen jaitsieratik oso gertu.
Eusko Jaurlaritzak 9.316 milioi izango ditu gastatzeko aurten. Kopuru hori orain dela bospasei urte zeukan gastu mailara itzultzea esan nahi du. Gainera, kontuan hartu behar da orain dela gutxi enplegu politika aktiboen eskumena jaso duela Jaurlaritzak. Azken urteotarako murrizketarik gabe, gobernuaren gastu maila 11.000 milioi euroren bueltan egongo litzateke.
Gastu jaitsierak sail gehienetan %10 gainditzen du. Horren azpitik geratu dira soilik Osasun Saila (%4,2 gutxiago), eta administrazio publikoa eta justizia (%7,9 gutxiago). Jaitsierarik handienak Lehendakaritzan (%36), Ekonomia Garapenean (%25,9), eta Enplegu eta Gizarte Gaietan (%25,4) egingo dira.
Gobernuaren «marra gorriak» hiru izan direla argudiatu zuten kontuen aurkezpenean Urkullu lehendakariak eta Rikardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak. Osakidetzaren aurrekontuak %1,7 baino ez direla jaitsiko, hezkuntza itunen finantzaketan murrizketa %1 izango dela, eta gizarteratzeko gutxieneko errentari aurre egiteko kredituan ez dela inolako murrizketarik izango. Azken puntu horretan ez du hainbesteko garrantzirik aurrekontuan agertzen den zenbatekoak, eskubide bat den neurrian diru sail hori behar adina handitu behar delako. Iaz, laguntza hori %7 jaitsi zuen Lopezen gobernuak, eta, hasiera batean, jaitsiera horri eutsiko zaio aurten. Hiru puntu horietan oinarrituta, aurrekontu «soziala» izango dela aldarrikatu zuen Urkulluk.
Aurrekontuak bihar eramango ditu gobernuak Eusko Legebiltzarrera. Orduan jakingo dira diru sail guztien xehetasunak. Hala ere, zenbait datu aurreratu ziren atzoko aurkezpenean. Hezkuntza, hizkuntz politika eta kultura biltzen dituen sailaren gastua %10,1 jaitsiko dira. Oso-osorik hartuta —bekak barne— hezkuntza atalak %7ko jaitsiera izango duela aurreratu zuen Gatzagaetxebarriak. Horrek esan nahi du jaitsiera batez bestekoaren gainetik egongo dela hala hizkuntz politikan nola kulturan, nabarmen gainera.
Inbertsio berririk ez
Jaurlaritzak ez ditu aurten inbertsio berririk abiatuko, eta martxan daudenen eraikuntza moteldu edo atzeratuko du. Erabaki horrek bidean zeuden proiektu askotan eragingo du: etxebizitza berrien eraikuntza, Donostia aldeko Metroa, Eibarko ospitalea, Gasteizko tranbia eta trenaren lurperatzea, edo hirugarren linea eraikitzeko lanak Bilboko Metroan. Inbertsio errealetarako aurrekontua 493 milioi euroan geratuko da, %19,5 murriztu ondoren.
Inbertsioen atal horretan, Abiadura Handiko Trena (AHT) finantzatzeko erabiltzen ari den kudeaketa kredituak — ondoren Espainiak Kupoaren bidez itzultzen duena — ez duela aldaketarik izango aurreratu zuen Ogasun eta Finantza sailburuak. 350 milioi izan ziren iaz. Ez zuen zehaztu gobernuak jartzen duen partean aldaketarik izango den (joan den urtean 29 milioi euro). Era berean, inbertsioak eta funtzionamendu gastua ordaintzeko beste sozietate publikoen esku uzten den dirua %30 jaitsiko da.
Lehendakaritzaren egituraren barruan dauden beste bi alorretan ere diru gutxiago izango da: berrikuntza sustatzeko funtsa eta garapen lankidetza. Diru gutxiagorekin izango bada ere, bi alor horietan egiten diren programa eta deialdi guztiei eutsiko zaiela jakinarazi zuen Urkulluk.
«Ez dago alternatibarik»
Murrizketaren ondorioz, aurrekontu proiektua «gogorra eta mingarria» dela onartu zuen lehendakariak, baina horren beharra dagoela ziurtatu zuen. «Uneotan euskal gizarteak behar dituen aurrekontuak direla uste dut». Beste alderdi bateko edozein gobernuk tamaina bereko murrizketa egitera behartuta egongo zela ere ohartarazi zuen, nahi edo ez nahi. «Ez dago alternatibarik», laburbildu zuen.
Zer dela-eta halako gastu jaitsiera? Azalpena aurrekontu publikoak osatzen dituen beste atalean dago: diru sarreretan. Foru aldundien diru ekarpenak %8 jaitsiko dira (680 milioi gutxiago), zorpetzeko aukera %28 murriztu du defizit mugak (335 milioi gutxiago), eta aparteko diru sarrerak %30 jaitsiko dira (117 milioi gutxiago). 1.200 milioi euroren murrizketa iragarrita bazegoen ere, apur bat arindu du gobernuak bi aparteko diru sarrerei esker: Naturgas enpresako akzioen salmenta eta azalera eskubidean zeuden etxebizitzen salmenta.
Espainiako Gobernuak hala behartuta, defizit publikoa %1,5 izatetik %0,7 izatera jaitsi behar du aurten Jaurlaritzak. Erabaki horri aurre egiteko dituen balizko aukerei buruz eztabaidatzea «antzua» dela argudiatu zuen Urkulluk. «Defizita ez da borondate politiko edo aukera kontua. Legeak agindutako muga da». Oposizioaren kritika nagusiak, hortik baino gehiago, diru sarrerak handitzeko zerga erreforma baterako erresistentziatik iritsi izan zaizkio EAJri, batez ere PSEren eta EH Bilduren aldetik.
EH Bildu eta PSE, arduratuta
Bihartik aurrera legebiltzar taldeek eskura izango dute aurrekontu osoa. Hilaren 25ean sailburuen agerraldiak hasiko dira, departamentu bakoitzean kontuek dituzten xehetasunak argitzeko. Urkulluren gobernuak badaki oposizioaren babesa behar duela kontuak aurrera ateratzeko, edo, behintzat, onartzen direla ez trabatzeko. Lehendakariak aurrekontu eguneratuen beharra defendatu zuen, eta «errealismoa» eskatu zien gainerako alderdiei, egingo den jaitsiera «saihetsezina» zela argudiatuta.
Orain arte kontuei buruz jakindakoarekin kezkatu daude, behintzat, EH Bildu eta PSE-EE. «Hauek ez dira herritarrek dituzten beharrei erantzuteko aurrekontuak. Ez dira herri honek behar eta merezi dituenak», azaldu zuen EH Bilduk, prentsa ohar baten bidez. Kontu sozialak direla esanda, errealitatea «mozorrotzea» egotzi zion koalizioak Urkulluri. «Inbertsio sozialetara doan aurrekontua nabarmen jaitsi da».
PSE-EEk uste du, berriz, proiektuaren mamia «doikuntza gordina» dela eta ez duela balio ekonomia suspertzeko. Era berean, xehetasunen zain daude gastu jaitsiera zerbitzuen murrizketa adierazgarriak eragingo dituen edo ez egiaztatzeko. «Zenbakien magia oso boteretsua da, baina ez gastu soziala handitu dela esateko bezainbeste, bistan baitago gastu horretara doan dirua ere jaitsiko dela.»
Eusko Jaurlaritza. 2013ko aurrekontu proiektua
Gastu soziala ere %9,3 jaitsiko du historiako murrizketarik handienak
Aurrekontuen jaitsiera «saihetsezina» zela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak: «edozein gobernuk egin beharko zuen»711 milioi gutxiago daude gobernuak gizarte gastutzat zenbatzen dituen diru sailetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu