Gastua txikitzeko, 29 enpresa eta 32 goi kargu kenduko ditu Madrilek

Murrizketa horiei esker, 16 milioi euro aurreztea espero du Espainiako Gobernuak

Erredakzioa
Donostia
2010eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Grezian gertatzen ari dena Espainian gerta ez dadin, gastu publikoa murrizteko neurriak iragarri ditu Madrilgo Gobernuak. Ministerioetako 343 goi kargutatik 32 kenduko ditu, eta 106 enpresa publikotatik 29 desagerraraziko. Neurri horiekin 16 milioi euro aurreztuko dituela uste du.

Enpresa publikoen sektorea berregituratzeko, hamalau merkataritza sozietate kenduko ditu, eta beste 24 elkarren artean bat egingo dute. Fundazio gehienak, berriz, desagerrarazi egingo ditu. Kenduko dituen 32 goi kargutatik zortzi zuzendari nagusiak izango dira; bat, idazkari nagusia, eta beste hamalau, zuzendari nagusi maila duten erakunde autonomoak.

Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidenteordearen esanetan, Gobernuak «neurri sendoak» hartu ditu, eta Espainiako ekonomiak etxeko lanak ongi egingo dituen duda izpirik ez duela ziurtatu du.

Neurri horien helburu nagusiasektore publikoak efikazia eta efizientzia handiagoa izatea dela adierazi du, berriz, Elena Salgado Ekonomia ministroak. Onartu du, hala ere, gastu publikoa murriztea dela Espainiako Gobernuak neurri horiek hartu izanaren beste arrazoietako bat. Salgadoren arabera, seitik gora kontseilari dituzten enpresa publikok %15 murriztu beharko dute kargu horien kopurua uztailaren 31 baino lehen. Horrela, beste 150 kargu kentzea aurreikusten du Gobernuak. Enpresa horiek zuzendaritzako kideen zenbatekoa ere gutxienez %19 murriztu beharko dute.

Murrizketak murrizketa, enpresa publikoetan lan egiten duten 100.000 langileri lasaitasun mezua igorri die Ekonomia Ministerioaren arduradunak, haien lanpostuak kolokan ez daudela baieztatuta. Espainiako Gobernuak 16 milioi euro aurreztea aurreikusten badu ere emaitza zehatzak urte bukaeran jakingo dituztela esan du Salgadok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.