Erretreten erreforma

Gaur sartu da indarrean herritarren haserrea piztu zuen erretreten erreforma

Iparraldean milaka eta Frantzian milioika pertsona atera ziren kalera erretiro adina 64 urtera ez luzatzea eskatzeko.

Elisabeth Borne lehen ministroa eta Emmanuel Macron presidentea, apirilean sindikatuekin egindako bilera batean. STEPHANIE LECOCQ / EFE
inaut matauko rada
2023ko irailaren 1a
12:41
Entzun

Kaleak, Frantziako Asanblea eta Kontseilu Konstituzionala hankaz gora jarri zituen erreforma, erretreten erreforma hain zuzen, gaur sartu da indarrean, eta hemendik aurrera Ipar Euskal Herriko eta Frantziako langileek gutxienez 64 urte izan arte egin beharko dute lan erretiroa hartzeko.

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen bigarren agintaldiko lehen erreforma handia izan da hori, eta sindikatuak eta milioika herritar aurka izan ditu hainbat hilabetez, erreforma atzera botatzeko eskatuz. Frantziako Gobernuaren arabera, Gizarte Segurantzaren kontuak orekatzeko «ezinbesteko» erreforma izan da; izan ere, erreforma hori babesteko Macronek eta Elisabeth Borne lehen ministroak erabili duten argudio nagusia Gizarte Segurantzaren defizit maila izan da. Haien ustez, erretiro adina atzeratu ezean, Frantziako pentsio sitemak defizit eta presio «jasanezinak» izango lituzke.

Erretiro adina 62 urtetik 64ra gibelatzeaz gain, gehiengo pentsioa jasotzeko egin beharreko lan denbora ere handitu dute. Lehen, 42 urte kotizatu behar ziren pentsioa osorik jasotzeko, baina 2027tik aurrera 43 urtez kotizatu beharko dute langileek.

Apurkako aldaketa

Erretiroaren adina eta kotizatu beharreko denbora, baina, ez dira kolpez handituko, gutxinaka handituko baitira. Hala, erretiro adina 2030ean iritsiko da 64 urtera. Gaurtik aurrera, baina, erretiratu nahi duten Iparraldeko eta Frantziako langileek 62 urte eta hiru hilabete izan beharko dituzte eginak, eta ez 62 urte. 2027an 63 urtera iritsiko da erretiro adina, eta 2030ean, 64ra.

Kotizazio epeari dagokionez, atzo 168 hiruhileko kotizatu behar ziren pentsio osoa jasotzeko, baina gaur 169 hiruhileko dira. Gutxinaka handituz joango da lan egin beharreko denbora tartea, eta 2027an 172 hiruhilekora iritsiko da.

Hamaika buelta

Iazko abenduan azaldu zuen Bornek erretreten erreforma, eta hasieratik sortu zuen aurkako mugimendua. Erreformaren nondik norakoak aurkeztu aurretik, sindikatuek iragarri zuten protesta handiak antolatuko zituztela gobernuaren nahia zapuzteko. Urtarrilean hasi ziren protesta eta greba egunekin, eta hainbat hilabetez milaka lagun atera ziren kalera Ipar Euskal Herriko eta Frantziako hiri nagusietako kaleetara. Sindikatuen arabera, protesta egun batzuetan milioi bat lagun baino gehiagok hartu zuten parte manifestazioetan, eta gau batzuetan istilu larriak izan ziren manifestari eta poliziaren artean, Parisen eta Marseillan batez ere.

Frantziako Asanblean ere, hainbat alderdi politiko erreformaren aurka agertu ziren hasieratik, eta hainbat gauza egin zituzten gobernuaren nahia zapuzteko: jatorrizko testuari milaka zuzenketa aurkeztea, esaterako. Azkenean, Macronek Frantziako Konstituzioko 49.3 artikuluaren bidez onartu zuen erreforma, eta, ondoren, bi zentsura mozio gainditzea lortu zuen; horietako bat, LIOT taldeak aurkeztutakoa, gutxigatik gainditu zuen, bederatzi botorengatik.

Kaleak sutan ziren bitartean, kasua Frantziako Kontseilu Konstituzionalera iritsi zen, baina hark ere oniritzia eman zion testuari apirilaren 14ean, sei xedapeni izan ezik. Tartean, sindikatuak eta gobernua elkartu egin ziren, baina gutxirako balio izan zuen, inork ez baitzuen amore emateko asmorik. Erreferendumaren aukera ere entzun zen, baina Kontseilu Konstituzionalak ukatu egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.