Pentsioak

Sindikatuen ezezkoarekin hasi du Bornek erretretaren erreforma

Frantziako Gobernuak 64 edo 65 urtera gibeleratu nahi du erretretaren adina, Gizarte Segurantzaren kontuak orekatzeko. Sindikatu guztiak bat eginik daude erreformaren aurka, eta protestak iragarri dituzte urtarrilerako

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroa, Asanblean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 8a
17:56
Entzun

Abiatu da, eta ez modu onenean gainera, Emmanuel Macronen bigarren agintaldiko lehen erreforma sakona: erretretaren adina atzeratzearena. Elisabeth Borne lehen ministroak bilera izan du gaur sindikatuekin, eta erantzun garbia eta aho batekoa jaso du, denak aurka baitaude. Urtarrilean, protesta handiak egiteko asmoa iragarri dute langileen ordezkariek.

Borne datorren ostegunean da erreformaren nondik norakoak aurkeztekoa, baina oinarri bat argi utzi du: erreformak aitzinera eginez gero, pentsioa jaso nahi duten lapurtarrek, baxenabartarrek eta zuberotarrek urte gehiago egin beharko dute lan.

Nicolas Sarkozyren 2010eko erreformak 60 urtetik 62ra gibeleratu zuen erretiroaren adin ofiziala —62 urte bete arte itxaron behar dute 1955etik aurrera jaiotakoek—, eta orain adin hori urte batzuk luzatu nahi ditu Macron-Borne bikoteak.

65 urte aipatu zituen presidenteak bere kanpainan, baina bozak irabazi ondoren onartu zuen agian nahikoa izango zela 64 urtera gibeleratzea, baldin eta pentsio osoa jasotzeko kotizatu beharreko urteak luzatzen badira.

Macronen eta Borneren argudio nagusia da lan bizitza luzatu ezean defizit «jasanezinak» bilduko dituela Frantziako pentsio sistemak. Desoreka hori txikitzeko beste bi bide dagoeneko baztertu ditu gobernuak: pentsioen zenbatekoa apaltzea, eta gizarte kotizazioak emendatzea.

Borneren gobernuaren helburua da legegaia udaberrian iristea parlamentura, eta uda bukatu aurretik indarrean jartzea. Badaki hori egin ahal izateko protesta olde bati egin beharko diola aurre, sindikatuek ohartarazi diotelako kalean erantzungo diotela erreformari. Frantziako zortzi sindikatu nagusiek, aspaldiko partez baturik, eta gazteen aldeko bost mugimenduk «grebak eta manifestazioak» iragarri dituzte erreformaren aurka. Intersindikalak dio ez dela beharrezkoa erretretaren adina atzeratzea, eta badirela kontuak orekatzeko beste modu batzuk.

Oposizioa ala 49.3 artikulua

Gizarte eragileekin ez ezik, alderdi politikoekin ere negoziatu behar du Frantziako Gobernuak, gutxiengoan baitago Parlamentuan. Lehenik, exekutiboa sustengatzen duten hiru alderdien barruan lortu behar dute adostasuna, eta helburu horrekin lan afari bat izan zuten atzo Renassaince, MoDem eta Horizons alderdiek.

Heldu den astean hasiko dira elkarrizketak oposizioko taldeekin, eta horien artean bat dute begiz jota: LR Errepublikanoak. Haiekin negoziatu zuen langabezia sariaren erreforma, eta hura da erretretaren adina gibeleratzea babesten duen bakarra.

Eskuinaren babesa lortu ezean, bigarren aukera bat izango du gobernuak: legegai bat botorik gabe aurrera egitea ahalbidetzen duen Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua. Hori baliatu zuen aurrekontuak onartzeko. Artikulu hori erabiltzeak badu arrisku bat, gobernuaren aurkako zentsura mozioak eragin ohi dituela. Hala gertatu zen urrian, baina Borneren gobernuak aise gainditu zuen erronka, eskuin muturrak eta ezkerrak ez ziotelako batak bestearen mozioa sustengatu.

Hegoaldean, jada abian

Azkenean erretirorako hautatutako adina bata edo bestea izan, ez da berehala ezarriko. 1961ean jaiotakoei aplikatuko zaie lehenik, baina horiek 62 urte eta hilabete gutxi batzuk egin beharko dute lan, eta urtero hilabete batzuk handituko da epe hori.

Hori gertatzen ari da Hego Euskal Herrian: erretiroaren adina 65 urtetik 67ra atzeratzeko prozesua abiatu zuten 2013an, eta 2017an bukatuko da. 2022an, 66 urte eta bi hilabete bete behar ditu erretiroa hartu nahi duenak, betiere 37 urte eta sei hilabete baino gutxiago kotizatu baditu; urtarrilaren 1etik aurrera, 66 urte eta lau hilabete izango dira, eta 37 urte eta bederatzi hilabetera igoko da gutxienez kotizatu beharreko garaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.