Gazpromek agindu du EBk ez duela hornidura arazorik izango

Ukrainatik barrena orain arte baino gas gehiago bidaliko du Gazpromek; Moskuk baimena eman dio jada

Erredakzioa
2010eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko gas kontsumitzaileek ez daukate kezkatzeko motiborik. Kontratatutakogasa inolako arazorik gabe jasoko dutela ziurtatu die Gazprom energia talde errusiarrak, hornidura bermatuta dutela, alegia.

Ezin ulertu politikoak direla bitarteko, Errusiak gas hornidura murriztu dio Bielorrusiari, zor dizkion 200 milioi euroak ordaintzen dizkionera arte. Zor hori soilik aurten egindakoa da; berez, gehiago zor dio. Herenegundik %15 gas gutxiago bidaltzen dio, eta, denbora pasatuz doan neurrian, portzentaje hori %85era arte handitzen joango dela ohartarazi dio.

Bi herrialdeek gauza askoren inguruan dituzte desadostasunak, baina elkarren beharra ere badute. Errusiak Bielorrusiatik barrena garraiatzen du Europara datorren gasaren %20 -gainerako %80 Ukrainatik barrena-. Eta, ordainetan, Errusiak merkeago saltzen dio erregaia.

Lantzean behin, txinpartaren batek sua pizten du bi herrialdeen artean, eta elkarren trapu zaharrak bistaratzen hasten dira. Oraingoan, Moskuk dio Minskek gasa iazko prezioan ordaintzen jarraitzen duela, 121 euro metro kuboko, etaaurtengoan ordaindu beharko lukeela, metro kuboko 137 euro, hain zuzen. Bielorrusiak, berriz, beste herrialde batzuei erregaia berari baino merkeago saltzea leporatu dio, eta gogorarazi du zorrak dituen bakarra ez dela bera, Gazpromek 176 milioi euro zor dizkiolako berari.

Kontua da, Bielorrusiak bere herrialdeko gasbideak erabiltzen ez diola utziko Errusiari. Horrek EBn kezka eragingo duen beldur, Sergei Kuprianov Gazpromeko bozeramaileak azalpenak eman ditu telebistaz. Esan du Bielorrusiak oraingo jarrerari eutsi bitartean, Ukrainatik barrena orain arte baino gas gehiago bidaliko duela Europara; hala, akabo horniduraren arazoa. Europan dituen lurpeko biltegiak erabiltzeko aukera ere badu, nahi izanez gero. «Ez dut arazorik ikusten, Europako gure bezeroek kontratatutako gasa jasoko baitute».

Kuprianoven esanetan, Vladimir Semanxko Bielorrusiako lehen ministrordeak eskutitz bat igorri dio Gazpromi, esanaz gasbidetik gasa ateratzen hasi direla bielorrusiaren erregai beharra asetzeko. Gazpromeko bozeramaileak nabarmendu du, gasbideetako gasa ez ezik, gasbideak ere beraienak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.