Espainia bera erreskate oso baten atarian dagoela, bere menpeko erkidegoak banan-banan porrotetik salbatu beharrean dago. Valentziaren eta Murtziaren eskaerei garrantzi politiko handiagoko bat batuko zaio aurki: Kataluniarena. Esanahi politikoa are handiagoa da orain, gaur bertan onartu behar duelako Kataluniako Parlamentuak bere finantzaketa handitzeko proposamena. Proiektu horren azken xehetasunak jakitea falta den arren, garbi dago ez dela izango Espainiako Gobernuaren gustukoa. Bi gobernuen arteko ika-mika etengabea maila historikoetaraino iristeko bidean da.
Generalitateak oraindik ez du erreskatearen eskaera ofizialik egin. Berez, Espainiak erkidegoei eskura utzi dien Autonomien Likideziarako Funtsa eskatuko duela iradoki baizik ez du egin. BBCko kazetari batek egindako galderari hitz hauekin erantzun dio Andreu Mas-Colell Ekonomia kontseilariak: «Bai. Gaur egun Kataluniaren banku bakarra Espainiako Gobernua da. Holakoa da bizitza, horixe da merkatuaren egoera». Kataluniak Espainiako Altxorrari zergak pagatzen dizkionez, «normala» da hari dirua eskatzea.
Mas-Colellen hitzak berretsi du Generalitateko bozeramaileak, Francesc Homsek: «Gure altxorra errazten duten finantzaketa bide guztiak erabiliko ditugu». Hori bai, aurretik Valentziak eta Murtziak egin bezala, Generalitateak ere erreskate hitzari ihes egiten dio. «Hilabeteak, urteak daramatzagu Kreditu Ofizialeko Institutuaren (ICO) mailegu lerroak erabiltzen», azaldu du Homsek, «eta hau ICO 4 bat da». Aldea egon badago, ordea: aurreko kreditu lerroek ez bezala, oraingoak ekarri ahal izango du Espainiako Gobernuak bere gain hartzea erkidego baten kontuen gainera ardura. Horregatik, Ekonomia Kontseilaritzako iturriek azaldu diote Efe agentziari ofizialki ezer eskatu aurretik baldintzak zorrozki begiratuko dituztela.
Defizit fiskala arazo nagusia
Kataluniaren arazoa da oso gaizki finantzatuta dagoela, eta urteak daramatzala zorra pilatzen bere gastu beharrei aurre egiteko. Gaur egun, 41.700 milioi euroko zorra du Generalitateak, Kataluniaren barne produktu gordinaren %20,7 —Eusko Jaurlaritzarena halako bi—. Zor horretatik ia 5.800 milioi urtea amaitu bitartean itzuli behar ditu, baina diru hori ez dauka bere kabuz lortzerik. Batetik, bere kontuen kaskartzea dela eta, aspaldi galdu zuen merkatuetara jotzeko aukera, %10etik gorako interesak eskatzen baitizkiote. Inbertsiogile handien faltan, Kataluniako herritarrei ere eskatu die dirua, laugarrenez apiril honetan, baina irtenbide hori garestia da —herritarrei interesak pagatu behar dizkie eta bankuei komisioak—, eta agortzear dago. Hori dela eta, Generalitatea presio egiten aritu zaio Espainiari Estatuaren bermea duen zor bateratua jaulkitzeko —hispabonuak— eta hark eskaini dituen likidezia lortzeko aukera guztiak baliatu ditu. Bankuekin ere negoziatzen ari da zorra.
Generalitateak argudiatu du kontuetako zuloaren zati handi bat defizit fiskalari dagokiola, hau da, urtero Katalunian zergetan bildu baina beste leku batzuetan gastatzen den diru publikoa. Generalitateak martxoan kaleratu zuen azken txostenaren arabera, 2009an 16.409 milioi euro alde egin zuten Kataluniatik, herrialdearen BPGaren %8,4. Ez da, gainera, urte bateko kontua: 1986tik 2009ra arte %8ko defizita izan du Kataluniak. Beste modura batera esanda, denbora horretan Espainiako Estatuak bere zergen %19,73bildu ditu Katalunian, baina %11,17 baizik ez ditu han gastatu edo inbertitu.
Generalitateak bultzatuta, erkidegoen finantzaketa sistema hamaika aldiz aldatu dute azken 25 urteotan, baina emaitzak beti antzekoak izan dira. Horregatik, aurten handira jokatzea erabaki du Artur Masen gobernuak. Finantzaketa eskasaren gaia gizarteratu ondoren —Kataluniako PPk eta enpresaburuen elkarteek ere onartzen dute—, behingoz defizita jaitsiko duen proposamen ausartago bat landu du. Gaur dute Katalunian Parlamentuan bozkatzekoa, eta orduan ikusiko da zehazki zer eskatuko duten: Hego Euskal Herriko kontzertu ekonomikoaren antzeko sistema bat ala haren eta gaur egungoaren arteko nahasketa bat. Atzo arratsean negoziaketetan ari ziren talde politikoak. Kontzertuaren alde daude independentistak, eta proposamen epelagoa nahi dute sozialistek. CiUren esku dago erabakitzea zeinekin egingo duen aurrera, eta, batez ere, zer egingo duen Madrilek, espero den moduan, ezezkoa erantzuten badio.
Raxoiren neurriak. Erantzuna
Generalitateak ere erreskatea eskatuko dio Espainiari
Finantzaketa sistema berria onartuko du gaur Kataluniako Parlamentuak, diru gehiagorekin geratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu