Urratsez urrats aitzina doa Maiatzaren Leheneko batasun sindikala Ipar Euskal Herrian. Iaz, hainbat urteko bazterketaren ondoren, LABek Baionako manifestazioan parte hartzea onartu zuten beste sindikatuek. Gaur bertze urrats bat egin dute Maulen, sindikatu abertzaleko kideekin batera atera baitira CGT, FSU eta Solidaireskoak Zuberoako hiriburuan. Aldarrikapen ugarien artean, mezu bat nabarmendu dute: gerla ekonomiaren eta faxismoaren gorakadaren aurka egin beharra.
Elkartasunez eta borrokan lelopean abiatu dute manifestazioa, 11:00etan. Manifestariek oihukatu dute «presazkoa» dela langileen, langabeen, erretretadunen eta ikasleen artean elkartasuna izatea, gizarte testuinguruari «aurre egiteko», noiz-eta okertzen ari den honetan. Testuinguru hori «gerla ekonomia inperialista» da, deitzaileen ustez; haien erranetan, Europako Batasuna ari da hura bultzatzen, zerbitzu publikoen eta oinarrizko eskubideen suntsitzeko.
Faxismoaren igoerarekin ere kezkatuta azaldu dira LAB, CGT, FSU eta Solidaires. Clement Pottier FSU sindikatuko kideak dudarik ez du faxismoaren igoeraren kontra egin behar dela, eta sindikalista eta herritar guziei galdegin die «erregimen totalitarioen» kontra egitea. «Uste dut faxismoari buru egitea dela gaur egungo zinezko urgentzia bat».
Horren harira, adierazi du langileen arteko batasuna behar dela faxismoaren kontra egiteko, ez baitu uste halakorik gabe egoera hobetu daitekeela. «Indar guziak behar ditugu aitzina egiteko, eta jende guziaren indarra behar dugu egiazko fronte bat eraikitzeko faxismoaren kontra».
CGTko Allande Goihetxe zerbitzu publikoen defendatzeaz mintzatu da, eta garrantzitsutzat jo du batasun sindikala zerbitzuen okertzea borrokatzeko. Oro har, eskatu du «egiazko» gizarte segurantza eta zerbitzu publikoak plantan emateko. Adibide gisa, aipatu du zerga aitorpena egiteko bulegoetako egoera «anitz» txartu dela, eta hitzordua hartzeko zailtasun geroz eta handiagoak direla.
Postak geroz eta bulego gutiago dituelako ere kexu da Goihetxe, biztanleriarentzat «premiazkoak» diren zerbitzu publikoak txartzen ari diren heinean. Zerbitzu publikoak indartsu izatea nahi luke, eta hirietan dagoen zerbitzu publikoen eskaintza herri ttipietan ere izatea.
«Indar guziak behar ditugu aitzina egiteko, eta jende guziaren indarra behar dugu egiazko fronte bat eraikitzeko faxismoaren kontra»
CLEMENT POTTIER FSU
Sindikatu guzien batasuna goraipatu du LABeko Jojo Malharinek ere. «Behar-beharrezkoa» izateaz gain, garrantzitsua zaio elkarrekin borrokatzea egungo egoera «ezin txarragoan». «Ez dugu beste hauturik. Batasunaren aldeko urratsa beharrezkoa da, eta espero dut lorpenak erdiesteko baturik jarraikitzea».
Eskarien artean, galdegin du Europako Batasunak hasi berrarmatze prozesua deuseztatzea eta aberastasunen banaketa orekatua izatea. «Berrarmatze masiboa martxan den heinean, langileei bizkar emanez eta gure kalterako ari dira enpresa nagusi handiak eta politikariak. Hori egin ordez, hobe lukete aberastasun guziak manera orekatuan banatzea».
Palestina eta E-cho proiektua
Manifestazioa finitzean, Palestinaren aldeko kolektiboak hartu du hitza, eta urtarrilaren 20ko LAB, CFDT, CGT eta FSU sindikatuek sinaturiko deklarazioa irakurri dute. Horretan, Europako Batzordeari eskatu diote Israelekin duen harremana etetea, bertzeak bertze Israelek su etena ez duelako errespetatzen, eta berriki laurehun palestinar baino gehiago hil dituelako. «Martxotik, Israelek ura, argindarra eta erregaiak moztu dizkio Palestinari, eta gosetea arma gisa erabiltzen dute Gazako biztanleen kontra». Ondorioz, Palestinako langileak sostengatzera deitu dute, eta Europako Batasunaren eta Israelen arteko akordioa «berehala» baliogabetzeko eskatu.
«Berrarmatze masiboa martxan den heinean, langileei bizkar emanez eta gure kalterako ari dira enpresa nagusi handiak eta politikariak. Hori egin ordez, hobe lukete aberastasun guziak manera orekatuan banatzea»JOJO MALHARINLAB
Horrez gain, E-cho proiektuaren kontrako herritar kolektiboa ere mintzatu da, Zuberoatik biziki hurbil, Lacq herrian (Okzitania) kerosenoa ekoizteko irekiko duten instalazio industrialaren kontra. Maika Etxekoparren erranetan, oihanetako biomasa erabiliz keroseno berdea ekoitzi nahi lukete, eta hiru lantegi ireki horretarako. Zehazki, Lacq inguruan «berrehun eta laurehun kilometro arteko» oihan eremua suntsitu nahi dute kerosenoa egiteko. «Europak aireko garraioak berdatzeko agenda bat inposatu du, eta hori ikusirik, Frantziako Estatuaren laguntzarekin ikertzen hasi dira erregaiak nola ordezkatu».
Oihanak jadanik gaizki direla kontatu du, eta Frantziako kerosenoaren %1 bakarrik ekoizteko Zuberoako hainbat oihan lanjerean ematen ari direla. «Sinetsarazi nahi digute eginmolde horien bidez aireko trafikoa berdatuko dutela eta gure geroarendako ona izanen dela hori, baina gezur hutsa da».