Hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eta ia 6.000 euroren isuna eskatu du fiskaltzak, iazko urtarrilean, Gernikan, pikete informatibo batean parte hartu zuten hemezortzi kiderentzat. Ibilgailu bati gurpilak zulatzea eta langile bati aurre egitea egozten dizkiela azaldu du Ainhoa Iturbe EHNE sindikatuko kide eta auzipetuak, gainerako euskal sindikatuetako kideekin Bilbon egindako agerraldian: «Hemezortzion artean greba egiten ari ez zen langile bat bultzatu genuela eta denon artean furgoneta bateko gurpilak zulatu genituela dio». Fiskaltzaren eskariak erabat harritu du. «Ez digu egozten txikizioak eragitea, langileen eskubideen aurka egitea leporatzen digu».
Gertaera 2011ko urtarrilaren 27an izan zen, euskal gehiengo sindikalak deitutako greba orokorraren egunean. Espainiako Gobernuak onartutako pentsioen erreformaren aurka adierazteko deia egin zuten sindikatuek. Auzipetutako hemezortzi kideek Gernikan pikete informatiboa osatzeko ardura zuten, baina, hainbat ertzainek bi orduz atxiki zituztenez, ezin izan zuten bete euren jarduna. «Ustez aurretik jazotako gertakari batengatik pikete osoa geldiarazi zuten, eta ezin izan genuen jarraitu gure lana egiten», dio Iturbek. Horrez gain, Bilbon deituta zegoen manifestaziora joatea ezinezkoa egin zitzaiela esan du.
Era berean, Iturbek salatu du erakundeek «izua» zabaltzeko helburuarekin jokatzen dutela horrela, sindikatuetako ordezkarien kontra: «Greba orokor baten aurrean jendea beldurtzeko egiten dutela pentsatzen dugu». Eta «erasoei» aurre egiteko, martxoaren 29rako deituta dagoen greba orokorrean parte hartzera dei egin du. «Denok gara beharrezkoak. Epaiketa hau ez dute epaile edo fiskalek egingo, greban gauden gizon-emakumeok baino».
Sindikatuak kriminalizatu
Euskal sindikatuek maiz adierazi dute ez dutela bat egiten gobernuek krisia kudeatzeko duten jarrerarekin. Hau da, beste eredu ekonomiko eta sozial bat defendatzen dutela. Horregatik, Patxi Agirrezabala ELAko ordezkariak esan du euren jarduna behin eta berriz kriminalizatzen dutela. «Azken urteotan sindikatuetan gaudenok kriminalizazio prozesu iraunkorra pairatzen ari gara. Ez dute onartzen euren joko arauetatik kanpo dagoen inor; zigortu egiten dute». Era berean, euren lana «bakartu» nahi dutela aipatu du.
Ildo berean mintzatu da Jabi Garnika LABeko ordezkaria ere. «Bestelako eredu ekonomiko eta soziala aldarrikatzen dugunon aurka oldartzen da boterea; nolabaiteko ospea galtzeko politika egiten dute». Gobernua datorren asteko greba orokorraren aurka egon arren, enpresa askoren atxikimendua jaso dutela gaineratu du. Horrez gain, auzipetuei elkartasuna adierazteko ekitaldira joateko eskatu du Garnikak. Elkarteratzea ostiralean 19:00etan egingo dute, Gernikako Arrien eskaileretan.
Gernikako pikete bateko 18 kiderentzat launa urteko kartzela zigorra eskatu dute
Auzipetuei elkartasuna adierazteko etzi egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko eskatu dute sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu