Gerraren ondorioak arintzeko, energiaren alorreko neurriak eskatu dizkiote euskal alderdiek Madrili

Irabazi handiak dituzten enpresentzako «elkartasun zerga bat» proposatu du EH Bilduk; EAJk, berriz, argindarraren prezioa mugatzea eta ezkutu soziala berreskuratzea.

Argindarra garestituko dela aurreikusi dute alderdiek. EDUARDO OYANA / EFE
Argindarra garestituko dela aurreikusi dute alderdiek. EDUARDO OYANA / EFE
Maite Asensio Lozano.
2026ko martxoaren 16a
14:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak ezohiko gobernu kontseilua egingo du ostiralean, Ekialde Hurbileko gerraren ondorioei aurre egiteko plan integral bat onartze aldera. Ohar bidez aurreratu duenez, neurriak «egiturazkoak zein koiunturalak» izango dira, eta «zaurgarrienak eta prezioen igoerak gehien erasandakoak» babestuko dituzte. Ostiralari begira, hain zuzen, EAJk eta EH Bilduk proposamen batzuk helarazi dizkiote, hala nola argindarraren prezioa mugatzea eta ezkutu soziala berreskuratzea.

Neurriak «ahalik eta azkarren» hartzea galdegin du Maribel Vaquerok, EAJren Espainiako Kongresuko eledunak, Bilbon egindako agerraldi batean. Azaldu duenez, jeltzaleek 31 neurriko zerrenda bat igorri diote gobernuari, eta bertan jaso dituzte zuzeneko laguntzak zein hobari fiskalak. Helburua da herritarren «poltsikoetara iristea», eta familiei, autonomoei eta industriari laguntzea, Vaqueroren hitzetan.

Hauek daude jarduera horien artean: ezkutu sozial energetikoa berreskuratzea, egoera zaurgarrian daudenei argindarra eta gasa moztu ezin izateko; oinarrizko energia hornigaien prezioak mugatzea, hala nola gasarena eta butanoarena; erregaien prezioa bonifikatzea garraioan, nekazaritzan, abeltzantzan eta arrantzan; COVID-19aren pandemian eta Ukrainako gerra hasi ondoren martxan jarritako «salbuespen iberiarra» ere berreskuratzea, hau da, argindarraren prezioa mugatzea; eta autonomoen kuotaren ordainketa atzeratzea.

EH Bildu bat dator eskari horietako batzuekin: ezkutu soziala berreskuratzea galdegin dio hark ere Madrili, baita oinarrizko produktuen eta zerbitzuen prezioak mugatzea, hala nola erregaiena, gasarena, argindarrarena, elikagaiena eta garraioarena. Horrez gain, akokairuen eta hipoteken ordainketak atzeratzea ere proposatu du, Nerea Kontajarena Programa idazkariak gaur Donostian xehatu duenez.

Energia enpresen zergak

Zergen eremuan, berriz, harago joan da koalizioa. Energia garestitu egingo dela eta sektoreko enpresen etekinak nabarmen handituko direla aurreikusita, bi neurri proposatu ditu: «enpresa energetikoen gaineko zerga» berreskuratzea eta irabazi handiak dituzten enpresei «elkartasun zerga bat» ezartzea. Kortajarenak nabarmendu du neurriak baliabideak «birbanatzeko» jarri behar direla martxan: «Gerraren ondorioak ezin dira jarri langileen eta gehiengo sozialaren gain. Enpresa batzuek sekulako irabaziak dituzte, eta elkartasunez jokatu behar dute orain». 

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die neurriak hartzeko beren eskumenen barruan: «Imanol Pradalesen gobernua entzun dugu industria babesteaz hitz egiten, baina ez herritarrak babesteaz».

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek gaur adierazi du haiek ere hartu beharreko neurriak aztertzen ari direla, batez ere energiaren eremuan, baina erasandako sektoreei entzun nahi dietela lehenago. «Kontseilu Ekonomiko eta Sozialera deitu dugu asteazkenean: entitateek eta erakundeek eskatzen dutena entzun nahi dugu». Erantsi du Espainiako Gobernuak onartuko dituen neurriei ere adi egongo direla, eta haien «osagarri» izango direla Nafarroako Gobernuarenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA