Gaur egun, legez, bi egunez lanera ez joateko baimena dute gertuko senide bat hil zaien Hego Euskal Herriko langileek. Baimen hori hamar egunera zabaltzeko asmoa adierazi du gaur Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak.
«Inor ezin da lanera ongi joan aita, ama, semea, alaba edo adiskide bat hil eta bi egunera. Inork ezin du ongi egin. Inork ez», argudiatu du Diazek, Europa Press berri agentziaren gosari batean.
Langileen Estatutuan azaltzen da bi eguneko baimena, eta hura aldatzeko proposamena egingo du aurki Lan Ministerioak. Beste aldaketa bat ere egin nahi du, lan baimen berri bat sortzeko, senideak zainketa aringarrian dituztenek ere egun batzuk libre hartu ahal izateko.
Absentismo handiaz kexu dira sarri patronalak, eta horri buruz hitz egin behar dela aldarrikatu ohi dute. Diazen esanetan, ordea, «benetako absentismoa» ez da lanera joan ahal izatea eta ez joatea. «Ama lurperatu berri duena edo semea zaindu behar duelako lanera joaten ez dena, hura ez da absentista».
«Diazen burutazioa»
Lan ministroari erantzun dio Antonio Garamendi CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidenteak. Diazen «beste burutazio» gisa izendatu du Garamendik baimen hori, eta garrantzia kendu dio: «Nik baimen bat proposatuko nuke hamar egun egoteko ministroaren iragarpenik gabe», esan du ironikoki.
Garamendik azpimarratu du edozein lege aurrera eramateko txosten ekonomiko bat behar dela. «Aztertu da zer esanahi ekonomiko duen honek? Ez. Non dago txosten ekonomikoa?», galdetu dio Diazi, eta esan du horrelako mezuak ematen dituela «telebistan agertzeko beharra» duelako.
Gobernuaren barruan ere zalantzak sortu ditu baimenak, izan ere, Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak, PSOEkoak, ñabardura batzuk egin nahi izan dizkio Diaz gobernukideari (Sumarrekoa). «Oreka bat aurkitu behar da baimen horiek gure enpresen eskutik jartzeko martxan», adierazi du Bruselatik. Hala ere, hortik gutxira, Cuerpok bere adierazpenak zehaztu ditu, eta «langileen eskubideak konkistatzen jarraitzeko etengabeko konpromisoa» duela esan du.
Kaleratzeen kalte ordaina
Diazen beste asmoetako bat da kaleratutako langileek jasotzen duten kalte ordaina handitzea. Azken lan erreformak ez zuen puntu hori ukitu, eta PPren garaiko araua dago indarrean. Haren arabera, kaleratzea bidegabea denean, langileak eskubidea du 33 eguneko soldata jasotzeko kaleratu duen enpresan lan egindako urte bakoitzeko. Aurretik 45 eguneko soldata zen.
Ministerioak hilaren 20rako deitu ditu negoziatzera CCOO eta UGT sindikatuak eta CEOE patronala. Azaldu duenez, negoziazioen helburuak ez du zertan izan kalte ordaina handitzea, baizik eta «kaleratzeen logika» erreformatzea. «Ez da gauza bera langile bat kaleratzea erretiroa gertu duenean, edo formakuntza eta dinamismo handia duen gazte bat botatzea», azaldu du.