Gertuko senide baten heriotzagatik jasotzen den baimena hil eta hurrengo lau asteetan erabili ahal izango da

Espainiako Gobernuak bitik hamar egunera luzatu nahi du baimen hori, eta gizarte eragileei gaur eman die Langileen Estatutuan egin nahi dituen aldaketen berri.

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, irailaren hasieran, Madrilen. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, irailaren hasieran, Madrilen. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 20a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itxura hartzen ari da Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak duela bi aste aurreratutako proposamena: gertuko senide baten heriotzagatik jasotzen den baimena hamar egunera luzatzea. Madrilek azaroaren 5erako bilera batera deitu ditu sindikatuak eta patronala, eta gaur eman die Langileen Estatutuan egin nahi dituen aldaketen berri. Besteak beste, azaldu du hamar egun horiek senidea hil ondorengo edo gorpuzkiak jaso ondorengo lau asteetan hartu ahal izango dituztela Hego Euskal Herriko langileek, egun jarraituetan edo ez jarraituetan. Gaur egun bi egunekoa da baimen hori.

Proposamena onartzen bada, egun horiek baliatu ahal izango dituzte hildakoaren ezkontideek, izatezko bikotekideek eta «bigarren mailara arteko odolkidetasuna duten senideek», hau da, seme-alabek, anai-arrebek, ilobek eta aitona-amonek.

Bigarren mailako ahaidetasuna dutenek —koinatuek eta ezkontidearen aitona-amonek—, berriz, bi eguneko baimena izango dute, gaur egun bezala; lau egun, bidaiatu behar badute.

Lan Ministerioak zainketa aringarrietarako baimen bat onartzea ere proposatu du, gehienez hamabost egunekoa. Baimen hori hartu ahal izango da zaindu beharrekoa ezkontidea, izatezko bikotekidea edo bigarren mailara arteko odolkidetasuna duen senideren bat bada. Egun horiek guztiak batera erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango: lanaldia murriztu ahal izango da edo baimena bi epetan zatitu, betiere lehen baimena hartu ondorengo hiru hilabeteetan. Erakutsi beharreko dokumentu bakarra gaixoak zainketa aringarriak behar dituela dioen mediku txosten bat izango da.

Berrikuntza gehiago

Beste berrikuntza bat ere txertatu nahi du Madrilek: eutanasia jasoko duen pertsona bati laguntzeko baimena; egun bakarrekoa izango da, eta emango dioten egunean bertan hartu beharrekoa. Baimen hori hartzeko ez da beharrezkoa izango ahaidetasunik izatea.

Azkenik, zaintzagatik lanaldia murriztu ahal den kasuak areagotzea ere jaso du proposamenak. Orain, lanaldia erdiraino murrizteko aukera dute 12 urtez azpiko pertsona baten edo elbarritu baten ardura dutenek, edo bigarren mailara arteko odolkidetasuna duten senide bat zaintzen dutenek. Aurrerantzean, proposamena onartzen bada, lanaldia murriztu ahal izango dute ezkontidea edo izatezko bikotekidea zaintzen dutenek ere, baita zainketa aringarriak behar dituen bigarren mailako ahaidetasuna duen senideren bat artatzen dutenek ere.

Duela bi aste erantzun zion Diazi Antonio Garamendi CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidenteak. Baimen hori Lan Ministroaren «beste burutazio bat» dela adierazi zuen Garamendik, eta garrantzia kendu zion: «Nik baimen bat proposatuko nuke hamar egun egoteko ministroaren iragarpenik gabe», esan zuen ironikoki.

EPAI batek arrazoi eman dio ela-ri guraso bakarreko familien baimenen auzian

ELA sindikatuak aldeko epaia lortu du Bizkaiko Foru Aldundiaren eta GUFE Gizarte Laguntzarako Foru Erakundearen aurka aurkeztutako gatazka kolektibo batean. Bi erakundeek uko egin zioten guraso bakarreko familietan jaiotzagatik edo adingabeen zaintzagatik har daitezkeen baimenen luzapena aitortzeari, baina epaiak dio lan hitzarmenean jasotako lau aste gehigarriak «hobekuntza konbentzional bat» direla, osorik aplikatu beharrekoa, eta ezin dela ezabatu edo murriztu. 

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak iaz zehaztu zuenez, guraso bakarreko familia batean jaiotako adingabeek ezin dute jaso bi gurasoko familia batean jaiotako adingabeek baino zaintza denbora gutxiago, eta guraso bakarrek 26 asterainoko baimena izateko eskubidea dutela onartu zuen, ohiko hamasei aste eta beste hamar gehigarri. Irizpide aldaketa horren ondorio da ELAk orain lortutako ebazpena. 

Epaia jasota, errekurtsorik ez jartzeko eta epaileek agindutakoa atzerapenik gabe aplikatzeko eskatu die sindikatuak foru aldundiari eta GUFEri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.