Karga astunak dituzten garraiolari guztiek ordaindu beharko dute N-1 eta A-15 autobideetako edozein zati erabiltzeagatik, diputazioak ostegun honetan onartu duen foru aurreproiektua indarrean sartu eta azpiegitura guztiak prest egotean, 2022aren amaierarako edo 2023aren hasierarako. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, sistema berriarekin 31 milioi euro bilduko lituzke, gaur egun halako hiru.
Duela lau urte ezarri zituzten kamioientzako bidesariak Gipuzkoan, eta, ordutik, bi errepide horiek erabilita lurraldea zeharkatzen dutenek soilik pagatzen dute, 19 kilometroko tarte bat erabiltzeagatik: Etzegaratetik edota Andoaindik Nafarroarako joan-etorriak egiten dituztenek, eta Astigarragatik Lapurdirakoek. Hiru puntu horietan daude ordainketa arkuak gaur egun. Araudi berria indarrean sartzean, beste lau arku eta 109 detektagailu jarriko dituzte, ordainpekoak izango diren 76 kilometroetako sartu-irtenak kontrolatzeko.
Aldundiak erabaki hori hartu du justiziak atzera bota ondoren orain arteko sistema arautu duten bi foru arauak. EAEko Auzitegi Nagusiak bietan ebatzi du diskriminatzaileak direla, bidesarien sistema horrek soilik lurraldea zeharkatzen duten kamioilariei eragiten dielako, Gipuzkoan bakarrik aritzen direnen mesedetan. Aurreko astean amaitu zen auzibidea, Espainiako Auzitegi Gorenak argitzeko zegoen aldundiaren azken helegitea atzera bota ostean.
Doakoak, tarte batez
Ondorioz, bi errepide horiek ordainpekoak izateari utziko diote denbora batez, araudi berria ezarri arte, BERRIAk aurreko astean aurreratu zuen moduan: aldundiaren aurreikuspenen arabera, 2023aren hasierara arte izango da hori. Baina noiztik izango dira doakoak? Oraingoz, kamioilariek pagatzen jarraitzen dute, eta hala izango da EAEko Auzitegi Nagusiak bidesariak bertan behera uzteko agindu judiziala edo ediktua kaleratu arte. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak berretsi du hori jasotzean «berehala» etengo dituztela ordainsariak.
Oiarbidek ziurtatu duenez, epaitegiaren agindu hori gabe foru arauak indarrean jarraitzen du, eta, kobratzeari utziko baliote, arau haustea egingo luke aldundiak. Gogorarazi du EAEko Auzitegi Nagusiak maiatzean kaleratu zuela ebazpena, eta ordutik agindu zezakeela hori egitea. «Gu zain gaude. Ez dakigu zergatik ez duen egin. Baliteke Gorenaren zain egotea horretarako, baina ez dakigu».
Garraiolariak ez daude ados horrekin: uste dute aldundiak bere kabuz maiatzetik har zezakeela erabakia. Hala, azpiegituretako diputatuaren eta Bidegi enpresa publikoaren aurkako salaketa bat eta kereila kriminal bat aurkeztu dituzte, eta jakinarazi dute biak tramiterako onartu dituztela. Kereila kriminalari buruz, Oiarbidek adierazi du ez duela jakinarazpenik jaso epaitegietatik.
Horrez gain, urte hauetan ordaindutako dirua itzultzeko exijitu dute garraiolariek, baina, Oiarbidek azaldu duenez, ez dago horretarako agindu judizialik. «Sententzia bakar batek ez du esaten legez kanpo kobratu dugunik eta diru hori bueltatu behar dugunik». Berretsi du aldundiak ez duela halakorik egingo «ofizioz», eta adierazi du garraiolariren batek dirua itzuli behar zaiola uste badu aurrena Bidegin erreklamazioa jarri behar duela; azpimarratu du talde baten izenean ezin dela halakorik egin. Fedanismer elkarteak kalkulatu duenez, aldundiak hamabost milioi euro itzuli beharko lizkieke kamioilariei.
Araudi berriari buruz, berriz, Oiarbidek nabarmendu du auzitegiek esandakoa «zorrotz» bete dutela, diskriminaziorik egon ez dadin. Eta gogorarazi du Europatik datorren agindua betetzen ari direla, gaitasun handiko errepideetan kamioientzako ordainsariak jarrita. Azpimarratu du gainerako euskal lurraldeak ere horretan ari direla, eta Europako herrialde gehienetan jada jarri dituztela. «Baina garraiolariek han ordaintzen dute hemen eztabaidatzen dutena».
Jakinarazi du araua egiteko orduan sektoreko elkarteekin ez direla bildu haien iritziak edo proposamenak jasotzeko. Aurretik izan diren guztietan bidesaririk ez jartzea eta auzitara jotzea beste proposamenik ez dutela egin nabarmendu du. «Aurkakotasuna beti izan da erabatekoa; orain gehiago ordaindu beharko dute».
25 milioiko azpiegitura
Araudi berriarekin, beste lau arku eta 109 detektagailu jarriko dituzte, eta bi autobide horien Gipuzkoako zati osoa izango da ordainpekoa. Beraz, lurraldean soilik aritzen direnek ere pagatu beharko dute. Lau arku berrietatik hiru N-1 errepidean jarriko dituzte: Itsasondon, Tolosan eta Lasarte-Orian, eta laugarrena A-15ean egongo da, Oindolar tunelaren inguruan. N-1 errepidean 89 kontrol kamera jarriko dituzte, eta A-15ean, hogei. Azpiegitura horrek guztiak 25,3 milioi euroko kostua izango duela aurreikusi du aldundiak.
Kamioilariek ordaindu beharko dituzten tarifen inguruan «egungo berberak» mantenduko dituztela azaldu du Oiarbidek: 1 taldeko ibilgailu astunek (3,5 eta 12 tona arteko kargak garraiatzen dituztenek) 0,22 euro kilometroko, eta 2 taldekoek (12 tona baino gehiagokoek), 0,28 euro. Baina ordainpeko kilometro kopurua nabarmen handituko denez, eta, halaber, kamioi gehiagori eragingo dienez, diru gehiago bilduko du aldundiak. 2019an bederatzi milioi euro jaso zituen; sistema berriarekin, urtean 31 milioi euro biltzea aurreikusten du. Oiarbidek nabarmendu du bildutako dirua bi errepide horien mantentze eta hobetze lanetan erabiliko dela.