Hegaluzearen garaia da uda, eta Gipuzkoako ontzidia lan eta lan aritu da inguraketa arrantzan eta kazakoan. Bildu dutena ikusita, Gipuzkoako Baxurako Arrantzako Ekoizleen Elkartea pozik dago: harrapaketa ugari egin dituztela dio, eta guztira 6.869.116 kilo hegaluze deskargatu dituztela. Hain zuzen, aurreko denboraldian garai honetan erregistratutakoa baino 650.000 kilo inguru gehiago (+%10,4).
Beraz, Bruselak Espainiari esleitutako hegaluze kuota osoaren %24,7 arrantzatu du dagoeneko Gipuzkoako baxurako flotak —Bruselak kuota bakarra jartzen du Espainiako banderaren pean aritzen diren ontzi guztientzat—. Elkartearen ustez, aurtengo arrantza aldiak agerian utzi du zeinen garrantzitsua den hegaluzea Gipuzkoako sektorearentzat —espezie nagusia da, antxoarekin eta berdelarekin batera—. Halaber, argi dute Bizkaiko golkoan hegaluzeak duen osasun onari esker eutsiko diotela aurrerantzean ere aleen kopuru onari.
Espezie horren presentziak baditu beste ondorio batzuk ere. Elkarteak azpimarratu du baxurako ontziek garai batean bezala harrapatzen dutela hegaluzea: eskuz, banan-banan. Horri esker, elkartearen arabera, arrainaren kalitatea eta ekosistemaren biodibertsitatea babesten dituzte, baina ez hori bakarrik: hegaluze hori Eusko Label markaren eta MSC nazioarteko zigiluaren bermea daukala nabarmendu du.