Eusko Jaurlaritzak 2017an agindu bat onartu zuen, eta landa eremuko baserriak ur kontagailuak jartzera behartu. Hala ere, Gipuzkoako EHNE sindikatuak gaur salatu duenez, 2025etik hona ari dira jasotzen hori egitera behartzen dituzten gutunak. Antza, Uraren Euskal Agentziak ur kontagailuak ezartzera behartzeaz gain, kanonak ordaintzera ere behartzen dituzte baserritarrak.
EHNEk BERRIAri azaldu dionaren arabera, baserritarrak «haserre» dira. Izan ere, azaldu dutenez, gehienek edateko uraren zerbitzua dute azpiegiturak —deposituak eta kanalizazioak, esaterako— beren kabuz eraiki dituztelako, baita ordaindu ere. Hori dela eta, kexu dira orain neurri horiek bete behar dituztelako.
2000. urtean hasi zen dena, urte hartan Europako Batasunak onartutako 2000/60 direktibaren harira; gerora, 1/2006 legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Bertan, Uraren Euskal Agentzia sortzeaz gain, kontagailuak jartzearen beharra zehazten da, eta kanonari ere aipamena egiten zaio. Gero, 2017an, kontagailuen beharrezkotasuna jarri zuen Eusko Jaurlaritzak, eta ondoren, 2021ean, kanonaren ordainketarena.
Haserre horri erantzuna emate aldera, hainbat bilera ireki egin ditu sindikatuak baserritarrekin, eta orain koordinazio mahai bat sortzea erabaki dute. Atzo egin zuten mahaiaren lehen bilkura, eta, azaldu dutenez, helburu dute, lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzaren neurri horiei buruzko informazioa baserritarrei eta herritarrei helaraztea, eta bestalde, «injustizia» deritzoten hori gelditu ahal izateko «ekintzak eta lan ildoak martxan jartzea».