Gipuzkoako EHNEk gezurretan aritzea egotzi dio Haziri Euskal Okelaren auzian

Josu Garaialde fundazioko zuzendariak esan du sor-markako haragi gabezia «behin-behineko» arazoa dela; nekazari sindikatuak, berriz, salatu du aspaldikoa dela arazoa.

Behi talde bat mendian. PATXI BELTZAIZ
Behi talde bat mendian. PATXI BELTZAIZ
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urtarrilaren 14a
12:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHNE Gipuzkoa nekazari sindikatua oso haserre dago Josu Garaialde Hazi fundazioko presidentearekin, eta gogor kritikatu ditu hark Euskal Okela sor-markako haragi gabeziaren inguruan esanikoak. Fundazioko arduradunaren ustez, gabezia «koiunturala da» eta udaberrirako konponduta egongo da. EHNE, ordea, ez da uste berekoa: gizentzeko txahalen prezioak izan duen gorakada aspaldiko arazoa dela salatu du, eta, horrenbestez, gezurretan aritzea leporatu dio Garaialderi.

EHNEk ohar bidez erantzun dio Garaialderi, eta bide batez Eusko Jaurlaritzari. Sindikatukoek nabarmendu dute ia bi urte igaro direla Jaurlaritzako gobernu berria osatu zenetik, eta lehen egunetik ohartarazi zutela Euskal Okela sor-markako haragirik gabe gelditzeko arriskua zegoela. Tarte horretan «entzungor» egin izana egotzi diote erakundeari, bereziki Garaialderi: «Agian aurrean duena ikusi nahi ez duelako, erantzuleei aurre egin nahi ez dielako, edota, besterik gabe, dituen erantzukizunari ihes egiten ari zaiolako».

EHNEk azaldu duenez, gabeziaren atzean Euskal Herritik kanpoko merkatuen eskaria dago. Haiek handitu egin dute gizentzeko euskal txahalen eskaera, eta, ondorioz, prezioa «lehen halako bi» da egun. Espainian ere prezioek gora egin dute, eta horregatik uste du sindikatuak arazoa ez dela behin-behinekoa.

Euskal Okela, desagertzeko arriskuan

Sindikatuak ohar bidez egin du kritika, eta arazoan sakondu. Nabarmendu du gezurra dela Euskal Okelak Euskal Herritik kanpo ere eskaria duela. Garaialdek hori iradoki zuen haragi gabeziaren arrazoien artean. Izan ere, EHNEren ustez, Euskal Herritik ateratzean euskal ganaduak «nortasuna» galtzen du: «Euskal Herriko txahalak, gizendu gabeak zein gizenak, desagertu egiten dira merkatu generikoan».

Azkenik, arazoaren muina prezio aldea dela salatu du: «Euskal ekoizleek ez dute zorpenaren neurriko preziorik kobratzen». Halaber, gaineratu du egoera ez dela berria, eta Jaurlaritzari bere ardura aitor dezala eskatu dio: «Pradalesen gobernua dagoenetik, txahalak gizentzen dituzten baserritarrak zorra egiten ari dira, eta agintariak, berriz, beste alde batera begira daude».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.