Txahal haragirik gabe geratzeko arriskua dagoela ohartarazi du EHNEk

EHNEk salatu du ez dela errentagarria txahalak gizentzea eta haragia saltzea. Baserritarrak gero eta txahal gehiago ari dira atzerrira esportatzen, prezioa hobea delako.

Gipuzkoako EHNEko kideak, Donostian. JON URBE / FOKU
Gipuzkoako EHNEko kideak, Donostian. JON URBE / FOKU
2025eko irailaren 2a
18:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira garai onenak haragi ekoizleentzat, eta, hortaz, kontsumitzaileentzat ere ez. Txahalak gizendu eta haragia merkaturatzen duten baserritarrak «esplotatuak» izaten ari direla salatu du Gipuzkoako EHNEk. Haien arabera, ekoizpenen kostuak asko igo dira azkenaldian, eta ekoizleei haragiarengatik ordaintzen zaizkien prezioak ez dira iristen gastuak estaltzera. Hortaz, ez da errentagarria txahalak gizentzea eta haien haragia saltzea. 

«Pertsona batzuen, langile batzuen, familia batzuen nominetatik ordaintzen dira galera horiek, eta hori ez dago onartzerik», salatu du Garikoitz Nazabal EHNEko presidenteak, gaur, Donostian. 

EHNEren arabera, errentagarriagoa egiten zaie ekoizleei txahalak atzerrira esportatzea, izan gizendutakoak izan oraindik gizentzeko daudenak. Eta, beraz, txahal mordo bat Euskal Herritik kanpora eramaten ari dira tratulariak, prezio hobea lortzen baitute hemen gizenduta baino. «Geroz eta haragi gehiago eta geroz eta animalia gehiago galtzen ari gara», ohartarazi du Nazabalek. 

«Geroz eta haragi gehiago eta geroz eta animalia gehiago galtzen ari gara»

GARIKOITZ NAZABAL EHNEko presidentea

Arazoa ez da Euskal Herrikoa soilik, Europakoa baizik, asko ari baita behi azienda gutxitzen. Txahalak ez ezik, behi kopurua ere jaisten ari da, eta horiek dira zikloaren hasiera, etorkizuneko txahalak sortuko dituztenak. 

Arazoaren sorburu gisa, martxan diren politikak seinalatu ditu EHNEk: «Baserritarrak gogaitu eta aktibitatea uztea besterik ez dute bultzatzen». Gogorarazi dute larreak eta mendiak garbi mantentzen laguntzen dutela behiek, eta suhiltzaile lanak egiten dituztela.

Bat-batean garestitzea

Nekazarien sindikatuaren arabera, ekoizleek ia lau hamarkadaz izan dituzte animalietarako prezioak izozturik. «Hori hondamendi bat izan da», diote. Orain, aurretik aipaturiko eskasiak eta horrek eragiten duen tentsioa dela eta, gizentzeko txahalen prezioa izugarri igo da ia bat-batean. «Erabat beharrezkoa zen igoera, txahal horiek egin behar baitute bideragarri haragitarako behiekin lan egiten duen baserri bat», azaldu du EHNEk. «Haragia nahi duenak ordaindu egin beharko du; bestela, garbi eduki batere gabe geldituko garela», ohartarazi du Nazabalek.

Hala eta guztiz ere, presidenteak salatu du baserritarrek ez beste guztiek ezartzen dutela txahal haragiaren prezioa. «Kalitate ezin hobea du gure produktuak, eta, estatu guztiko lonjetako prezioak ikusita, euskal haragiaren prezioa ez dago konpentsatuta», dio Nazabalek. 

Euskal okela bermatzearen alde, EHNEk zera eskatu du: baserritarraren lanari dagokion balioa ordaintzea, hau da, kostu guztiak eta baserritarraren lana ordaintzea. Dei bat egin diete produktua erosten duten salmenta kateei, bitartekariei, kooperatibei eta harakinei, eta eskaera egin dute: «Gaur gizendutako txahal baten salneurriak gutxienez 8 eurokoa izan behar du kanaleko kilo bakoitzeko. 400 kiloko txahalik merkeenek hori behar dute, eta hortik gora txahal txikiagoek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.