Gipuzkoako esportazioek 10.000 milioi euroren langa gaindituko dute lehenengoz

Bazkundeak dio enpresak «prest» daudela «ziurgabetasunari» aurre egiteko. Aurten Gipuzkoan 2.000 enplegu sortzea aurreikusten dute

Javier Zubia Gipuzkoako Bazkundeko zuzendari nagusia eta Mauricio Arregi presidentea, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
inaut matauko rada
Donostia
2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Gipuzkoako enpresen esportazioak igoera betean daude 2020tik hona, eta 2023an 10.000 milioi euro baino gehiago izango direla iragarri du Gipuzkoako Bazkundeak. Zenbaki horretatik oso gertu ibili ziren esportazioak iaz: 9.952 milioi euro, 2021ean baino %24 gehiago. Bazkundeak urtero egiten duen Koiuntura Ekonomikoaren Txosteneko emaitzak dira horiek, atzo Donostian aurkeztu zituztenak. Txostenaren arabera, baikor hasi du lurraldeko enpresen gehiengoak 2023. urtea, baina gehienek uste dute aurrekoa baino zailagoa izango dela. Bazkundeak uste du lurraldeko barne produktu gordina %1 eta %1,5 artean handituko dela—Adegik %0,5 eta %2 arteko hazkundea espero du—.

Gipuzkoako enpresen %18k uste dute beren negozioen etekina handitu egingo dela aurten; %62k uste dute mantenduko dela, eta %20k, berriz, jaitsiera espero dute —iaz, enpresen %13k espero zuten beherakada—. Hala, 2023. urtea 2022a baino okerragoa izango dela uste dute lurraldeko enpresariek. Bestalde, salgaiak esportatzen dituzten enpresen %39k uste dute esportazioak handituko direla, eta %44k mantentzea espero dute. %17 dira behera egingo dutela uste dutenak —%14 iaz—.

Inbertsioari dagokionez, enpresen %83k uste dute inbertsio maila mantenduko edo handituko dutela, eta %17k uste dute jaitsiko dela. Enpleguaren inguruko aurreikuspenak ere aldatu egin dira aurreko urtearekin alderatuta. 2022 hasieran, enpresen %9k zioten enplegatu gehiago izango zituztela urtean zehar, eta hori %18ra handitu da aurten. Hala ere, plantilla murriztuko zutela ziotenak %8 ziren iaz, eta %14 dira aurten. Ane Ugalde Bazkundeko Jakintzaren Kudeaketa Sailaren zuzendariak iragarri zuen aurten 2.000 lanpostu inguru sortuko direla Gipuzkoan.

Merkatariak dira ezkorrenak

Hala ere, ekonomiako sektore guztien aurreikuspenak ez dira berdinak, eta, beste leku askotan bezala, Gipuzkoan industriako eta eraikuntzako enpresak dira baikorrenak, eta merkatari txikiak eta zerbitzuetako enpresariak, berriz, ezkorrenak. Merkatari txikien %32k uste dute beren negozio bolumena jaitsi egingo dela aurten, eta beste hiru sektoreetan %18koa da adierazle hori. Bestalde, zerbitzuetako enpresen %15k uste dute pertsonala murriztu beharko dutela, eta merkatarietan, berriz, %12k uste dute hori. Industrian %6koa da adierazle hori, eta eraikuntzan, berriz, %1ekoa soilik. Javier Zubia Bazkundeko zuzendari nagusiak adierazi du enpresa esportatzaileen eskaera zorroak «onak» direla.

Kezkak ere aldakorrak dira sektorearen arabera. Industrian, energiaren eta lehengaien prezioak dira zalantza nagusia (enpresen %83ren kezka), baita lan kostuen igoera ere (%76). Eraikuntzako enpresarien %82 kezkatuta daude eskulan kualifikatuaren faltagatik, eta merkatari txikietan eta zerbitzuetan buruhauste nagusia lan kostuen igoera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.