Gipuzkoako garraio enpresetako langileak, errepideak «blokeatzeko» prest

Sindikatuek salatu dute 2009tik lurraldeko itunik gabe daudela, eta «izugarri prekarizatu» direla milaka beharginen lan baldintzak. Patronala auzitara eramateko asmoa agertu dute.

Kamioilari batzuk Oiartzungo atseden leku batean. GORKA RUBIO / FOKU
Kamioilari batzuk Oiartzungo atseden leku batean. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko martxoaren 22a
14:20
Entzun

Pazientzia agortu zaie garraiolariei. Gipuzkoan milaka batzuk ateratzen dira egunero errepidera, salgaiak garraiatzeko. Horietako batzuk beren kabuz aritzen dira, autonomo gisa. Baina 6.000tik gora enpresentzat lan egiten dute, «oso egoera prekarioetan», sindikatuen arabera. Azpimarratu dute urteak joan urteak etorri haien lan baldintzak «nabarmen okertu» direla, eta «babesgabetasun juridikoa» asko handitu dela.

Izan ere, Gipuzkoan hamalau urte pasa daramate lurraldeko ituna berritu gabe, eta «aski da» da esan dute. Mezu argia bidali diote Guitrans patronalari: «Jarrera aldatu ezean, gorriak ikusiko ditu. Sektoreko hitzarmena blokeatzen badu, errepideak blokeatuko ditugu».

Negoziazio mahaian ordezkaritza duten lau sindikatuek egin dute ohartarazpena: LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk. Batera doaz. Batera joko dute protestara, eta, patronalak urratsik egiten ez badu, auzitegietara ere joango dira. «Legeak argi dio: ezin da negoziazio kolektiborako eskubidea urratu», azaldu du Adrian Arruti LABeko ordezkariak, CCOOko eta UGTkoekin batera Donostian eginiko agerraldi batean. ELAko ordezkaririk ez da izan prentsaurrekoan, baina elkarrekin doazela berretsi du Arrutik.

Negoziazio mahaian LABek du gehiengoa sindikatuen artean: %33,5. ELAk %31,5 du, CCOOk %21, UGTk %10 eta ordezkaritza jakinik gabeko delegatuek %4. Urte asko pasatu dira Gipuzkoan sektoreko hitzarmena iraungi zenetik. Denbora horretan sindikatu bakoitza bere kabuz aritu da, eta enpresa itun batzuk sinatu dituzte, baina «makina bat enpresa txiki, ertain eta handitan» ez dute halakorik.

Gipuzkoan 2009aren amaieran bukatu zen lurralde mailako itunaren indarraldia, baina indarrean dago oraindik ere data horretatik atzera kontratatutako langileentzat. Badago beste hitzarmen kolektibo bat, Espainiakoa, 2014an iraungitakoa, eta horrek ere data hori baino lehen hasitakoak babesten ditu. Ordutik aurrerakoei, enpresa itunik ez badute, Langileen Estatutuaren oinarri-oinarrizko aterkia baino ez zaie geratzen.

Eta zer esan nahi du horrek? Langileen artean bi maila sortu direla, iraungita ere hitzarmen baten baldintzekin ari direnen eta itunik ez dutenen artean. Nagusiki soldatetan nabari da aldea. Izan ere, behargin batzuk gutxieneko soldata kobratzen ari dira; estatutuak, halaber, ez du urteko gehienezko lanaldirik ezartzen, jurisprudentziak asteko 40 orduko gehienezko lanaldi finkatu arren. Horrez gain, beste hainbat eskubidetan ere aldea handia dago ituna izan ala ez izatearen artean. «Zoru komun bat ez dago sektoreko langile guztientzat», laburbildu du UGTko Pedro Markinak.

Patronala, Madrilera begira

Egoera hori konpontzeko, iazko udaberrian lanketa bateratu bati ekin zioten sindikatuek. Eskaera zerrenda bakarra osatu dute, eta horrekin jo dute Guitransen atea. Bilera batera deitu zuten patronala, otsailaren 7rako, baina ez zen azaldu. Sindikatuek otsailaren 29rako jarri zuten hurrengo hitzordua, eta orduan ere, berdin. «Jarrera horrekin Gipuzkoako langileen negoziazio kolektiborako eskubidea behin eta berriz urratzen ari da», salatu dute lau sindikatuek, Arrutik irakurritako oharrean.

LABeko kideak azaldu duenez, patronalak argudio hau eman du bilerara ez joateko: Espainian sektoreko akordioa negoziatzen ari direla. Lau sindikatuentzat «aitzakia» bat baino ez da hori, han ere «ezer negoziatuko den zantzurik ez baitago». «Gipuzkoako patronalaren jarrera lurraldeko langileekiko errespetu falta izugarria da, eta argi utzi nahi dugu onartezina dela».

Sindikatuek gogoratu dute 2009tik bi lan erreforma egin direla, eta langileen eskubideekin loturik beste erabaki ugari hartu direla. Ohartarazi dute itun sektorialik gabe milaka langile araudi horietan jasotako «neurri kaltegarrien» menpe daudela. Horri aurre egin nahi diote, hitzarmen berriarekin, eta 2009az geroztik galdutako erosahalmena berreskuratu eta KPIaren araberako soldata igoerak lortu nahi dituzte. Horrez gain, lan ordutegiekin eta lizentziekin loturiko eskaerak ere badituzte. Ez dute zehaztasunetan sartu nahi izan. «Aldarrikapen taula luze bat daukagu».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.