Energia berriztagarriak bilatzea, tartean itsas zabaleko energia eolikoa (offshore), lehentasunezko jarduera ardatza da EnergiBasque Energia Estrategiaren planaren barruan, eta Gipuzkoa lanean hasia da bere kostaldean mota horretako instalazio bat jartzeko aukera azter dadin. Aztik azaldu du euskal kostaldeak potentzial handia daukala itsas zabaleko energia berriztagarri alternatiboak sortzeko, tartean eolikoa. "Baina, euskal kostaldeak eskaintzen dituen baldintza egokiei ahal bezainbeste etekin ateratzeko, beharrezkoa da instalazio eta mantentze lanetan kostuak murriztea, eta hori lortzeko gakoa da eremurik egokienak hautatzea, sorkuntza energetikoko parkeak instalatzeko".
Premia horri erantzuteko, Azti zentro teknologikoak Gipuzkoako Diputazioarekin hitzarmen bat egin du programa informatiko berri bat garatzeko. Algoritmo batean oinarrituta dago programa hori, "eta horrek ahalbidetuko du Gipuzkoako kostaldean itsasoko energia berriztagarri eolikoen inguruko proiektuak kokatzeko punturik egokienak definitzea".
2021. urterako prest egongo da
Beraz, Gipuzkoa offshore proiektu bat sustatzeko bidean legoke, instalazio bat jartzeko erabakiaren aurreko urrats gisa uler baitaiteke Aztiri eskatutako zeregina. Proiektu horrek aldundiari erabakiak hartzeko tresna bat eskainiko lioke. Aztik dio ahalbidetuko diola ebaluatzea modu eraginkorragoan itsas zabaleko energia eolikoak sortzeko etorkizuneko ekintzailetzaren jasangarritasuna eta egokitasuna, ezagutza zientifikoan oinarritutako irizpidearekin. Edonola ere, hastapeneko urratsak baizik ez dira instalazio bat eraikitzeari begira, Aztiren tresna 2021. urtearen hasieran egongo baita eskuragarri, aurreikuspenaren arabera.