Black friday delakoa egun seinalatua bihurtu da erosketak egiteko, eta hori baliatu dute Merkal Calzadoseko grebalariek euren borroka ikusarazteko. Donostiako San Martin azokaren kanpoaldean bildu dira, eta salatu nahi izan dute enpresak atzera bota duela haiek proposatutako lan hitzarmena. Pankarta bat eskuetan zutela, musika ozen jarri dute, jendearen begirada eta arreta erakartzeko. Black friday egunari kontra eginez, «beltzak ikusten ari gara, baina ez bakarrik ostiraletan» zioten kartelak erakutsi dituzte.
Duela ia berrehun egun hasi zuten greba mugagabea Gipuzkoako Merkal Calzados enpresako langileek, 2019an iraungitako lan hitzarmena berritu zedila eskatzeko. Enpresak 50 langile ditu, eta ELAkoak dira bost ordezkari sindikalak.
Sindikatu horretako kideek adierazi dute langileen egoera «prekarioa» dela hainbat arlotan. «Duela bederatzi hilabete, enpresarekin hitz egiten saiatu ginen, baina ez zuten negoziatu nahi. Hilabeteak eman dituzte erantzun gabe, eta hainbat grebaren bitartez, lortu genuen gurekin hitz egitea. Hala ere, gure helburu nagusian, hau da, antzinatasunaren auzian, ez dute amore eman nahi. Badaude langileak enpresan hogei urte baino gehiago daramatzatenak, eta zuzendaritzak uko egiten dio dagokiena ordaintzeari», azaldu du Jorge Del Olmo ELAko ordezkariak.
Bilera enpresarekin
Protestaren arrazoien artean daude atsedenerako eskubidea ez errespetatzea eta antzinatasuna ez aitortzea. «Enplegu duina nahi genuen, eta, beraz, erabaki genuen greba egitea gure eskubideak bermatzeko. Ikusita enpresak ez zuela ezertan lagundu nahi, erabaki genuen greba mugagabea hastea», azaldu du Merkal Calzadoseko langile batek.
Presioaren ondorioz, enpresa greba batzordearekin bildu zen azaroaren 15ean. Bilera horretan, argi geratu zen enpresaren jarrera: ez dago prest soldatak igotzeko, eta oraingoz ez du negoziatzeko asmorik. Langileen ustez, hainbeste hilabete pasatu diren honetan, enpresaren jarrera «arduragabekeria hutsa da».
Zailtasunak zailtasun, langileek tinko eusten diote hobekuntzak lortzeko asmoari. «Guk argi daukagu borrokan jarraituko dugula. Ez gara geldituko langileentzako aitortza justua eta baldintza duinak lortu arte», esan du Del Olmok.