Gipuzkoako Foru Aldundiak bilera telematiko bat egin du ostegun honetan lurraldeko udal guztiekin, COVID-19ak gizartean eta ekonomian duen eragina dela-eta aktibatzen ari diren politikak «kontrastatzeko». BERRIAk jakin duenez, bileran alkateei ohartarazi diete aldundiak %20-25 inguru gutxitu beharko duela Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa, krisiaren ondorioz zerga bilketan izango den jaitsieragatik.
Garrantzi handiko erabakia da, bereziki udalerririk txikienenentzat, diru sarreren %60 inguru funts horretatik lortzen baitituzte. Aldundiak ez die kopuru zehatzik eman. Iazko urrian aurreratu zuen aurten 526 milioi euro banatuko zituela udalen artean, eta 2021ean, 536 milioi.
Komunikabideetara bidalitako ohar batean, aldundiak dio Markel Olano diputatu nagusiak alkateei eskatu diela «zuhurtziaz» jokatzeko, aurreikuspenen arabera balitekeelako datozen hilabeteetan diru bilketa jaistea, eta horrek berekin ekar baitezake «baliabideak murriztea» erakunde maila guztietan, «Jaurlaritzatik hasi eta udalerrietaraino».
Olanok nahia agertu du alkateekin «komunikazioa indartzeko», datozen hilabeteetan «ezohiko» egoera bati aurre egin beharko diotelako. «Gure inguruan sentitzen hasiak gara egoera honek ekarriko dituen hainbat ondorio sozial eta ekonomiko. Modu koordinatuan eragitea eta lan egitea, horixe da krisi honen aurrean gizartea eta enpresak babesteko modurik eraginkorrena», azpimarratu du diputatu nagusiak.
Horrekin batera, azken egunotan aldundiak iragarritako hainbat neurri azaldu dizkie alkateei.