Gipuzkoan behi azienda guztiak txertatzen hasi dira dermatosi nodularraren aurka

Foru aldundiaren arabera, 42.500 abelburu immunizatuko dituzte, eta bi hilabete inguru iraungo du prozesuak.

Behi talde bat Erronkarin, Nafarroan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Behi talde bat Erronkarin, Nafarroan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 9a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaurtik aurrera, Gipuzkoako behi azienda guztiak immunizatzeari ekin dio aldundiak, prebentzio eta kontrol neurri gisa. Guztira, 1.900 ustiategitako 42.500 abelburu txertatuko dituzte dermatosi nodularraren aurka. Nafarroan aste honetan hasi dira, eta 60.000 behik jasoko dute txertoa, Pirinio eta Pirinioaurrekoak, Baztan-Bidasokoak, Larraungoak, Sakanakoak, Ultzamakoak eta iparraldeko beste haranetakoak.

Gipuzkoan eskualde guztietan egingo dute, eta aldi berean, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak zehaztu duenez. Horretarako, hamabi albaitari talderi adjudikatu zaizkie lanak, eta behi azienda osoari emango diote dosia, arraza edo adina edozein dela ere. Foru erakundeak aurreikusten du prozesua bi hilabete inguru barru osatuko dela.

Espainiako Gobernuak abenduaren 29an eman zuen behiak txertatzeko baimena, baina Hego Euskal Herrian aipatutako eremuetara mugatu zuen, bertako administrazioen eta sektorearen iritziaren aurka. Ipar Euskal Herrian asteak dira txertaketan dabiltzala.

Hegoaldean, txertoak Espainiako Nekazaritza Ministerioak emango ditu, eta Gipuzkoan Aldundiak bere gain hartuko ditu txertaketa prozesuari dagozkion gastuak eta ganaduak mugitzeko osasun ziurtagiriak, Arrutik azaldu duenez.

Txertaketa prozesuari dagokionez, enpresa esleipenduna arduratuko da abeltzainekin harremanetan jartzeaz, esku hartzeko eguna eta ordua adosteko. Arrutik «lankidetza» eskatu die ustiategietako arduradunei, albaitariei beren lanean laguntzeko eta txertaketa datak errespetatzeko. «Kanpaina eraginkorra izan dadin eta lurraldeko behi etxolak babestuta egon daitezen, haien lankidetza ezinbestekoa da».

Fokurik ez

Arrutik azaldu du Gipuzkoan ez dela dermatosi nodularraren fokurik detektatu orain arte, eta txertaketa kanpaina immunizaziorako prebentzio neurri bat dela, gaixotasuna sartzea eta hedatzea zailtzeko. Txertaketaz gain, gogorarazi du aldundia ganadu mugimendu guztiak kontrolatzen hasi zela Herrialde Katalanetan eta Frantzia hegoaldean lehen kasuak atzeman ondoren. «Gipuzkoan egindako kontroleko PCR guztiak negatiboak izan dira», azpimarratu du.

Foru diputatuak lasaitasun mezua bidali du, eta gogoratu du dermatosi nodularrak ez diela gizakiei eragiten, «erabat segurua» dela behi esnea eta haragia kontsumitzea, eta gaitzak ez diela beste animalia espezie batzuei eragiten.

Dena den, nabarmendu du txertoez eta mugimenduen kontrolaz gain beste neurri batzuk hartzea komeni dela; hala nola, animalia berrien berrogeialdia, ibilgailuak eta langileak ustiategietara sartzeko kontrolak ezartzea, eta arreta berezia jartzea instalazioetan, ibilgailuetan eta animalietan baimendutako intsektiziden bidezko garbiketan eta desinfekzioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.