Gizarte Segurantzaren egoitzak hartu dituzte

Espainiako Gobernuak jarrera aldatzen ez badu greba orokorrera deituko dutela esan dute CCOOk eta UGTk

Miren Garate.
Donostia
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
CCOOk eta UGTk Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian dituen lau egoitza erabili zituzten atzo protestarako. Datorren astean onartu nahi den pentsioen erreforma gaitzetsi zuten. Espainiako Gobernuak orain arteko jarrerari eusten badio, greba orokorrera deitzeko prest zeudela adierazi zuten.

Bilbon, Kale Nagusiko egoitzan elkartu ziren CCOOko 50 ordezkari inguru. Erretiro adina 67 urtera atzeratzearen aurkako kartelak erakutsi zituzten. «Merkatuen esanetara belaunikatzea» leporatu zion Gobernuari Sabino Santillana Euskadiko CCOOko Antolakuntza idazkariak. «Hitz eginda pentsioen sistema publikoa bermatzeko akordioak lor daitezke, baina inongo momentutan ez dugu onartuko Gobernuaren inposiziorik», gaineratu zuen. Gasteizen ere CCOOko kideak bakarrik egon ziren.

Donostian, elkarrekin egin zuten protesta bi sindikatuek. Gizarte Segurantzako langileei eurengana joareko eskatu zieten. Erreformen aurka, mobilizazioa eta Europa sozialaren alde bezalako oihuak egin zituzten, abestu ere egin zuten. Iruñean, gehiengo sindikalak urtarrilaren 27rako antolatutako greba orokorra gaitzetsi zuen Jose Maria Molinero CCOOko idazkari nagusiak. «Ezin dugu bat egin helburutzat sistema publikoa bermatzea ez duen greba batekin».

Hego Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere egin zituzten mobilizazioak CCOOk eta UGTk Gizarte Segurantzaren egoitzetan. Protesta horiek ez dutela sindikatuen eta Gobernuaren arteko negoziazioetan eragingo adierazi du Octavio Granado Gizarte Segurantzako estatu idazkariak. «Arrazoi batengatik edo bestearengatik, urtero izaten dira halakoak, eta Gobernuak errespetatu egiten ditu», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.