Goldman Sachs bankuaren irudiak beste kolpe bat jaso zuen atzo, bigarrena bost egunetan.Ostiralean, AEBetako finantza merkatuen kudeatzaileak, SECek, bezeroen kontura iruzurra egitea leporatu zion; atzo, bankuak berak nolabait bere buruari harria bota zion, salaketak salaketa, irabaziak bikoiztu egin dituela jakinarazi baitzuen. Wall Streeteko bankurik indartsuenak 3.456 milioi dolar irabazi zituen urteko lehen hiruhilekoan, iazkoan baino %91 gehiago.
Berez bankuarentzat berri ona da hainbeste diru irabazi izana, baina haren irudiari ez dio mesede handirik egiten. Horren seinale da berriak titular handiak lortu zituela egunkarietako edizio digitaletan, baita halako gaiei garrantzi handirik ematen ez dioten batzuetan ere.
Lloyd Blankfein Goldman Sachseko presidenteak «ekonomiaren bizkortze zeinuei» eta bezero karteraren «indarrari» egotzi zien bankuaren emaitza ona. Diru sarrerak %36 handitu ziren, eta are gehiago -%44- inbertsio bankuaren atalarena.
Ohikoa duenez, Goldmanek ederki saritu ditu bere langileak:5.490 milioi dolar banatu dizkie gainsarietan, duela urtebete baino 800 milioi gehiago. Edonola ere, bonusak pagatzeko erabili duen irabazien zatia jaitsi egin du, %50etik %43ra. Bankarien gainsariei leporatu izan zaie krisiaren erruaren zati bat, epe motzeko irabaziak -eta arriskuak- sustatu baititu, epe luzekoen kaltetan.
SECen salaketaren harira, iruzurra egin izana ukatu du Blankfeinek, eta eskerrak eman dizkie bankuko bezeroei eta akziodunei, «azken egunotan jasotako sostenguagatik». Blankfeinek halako hitz gozo gutxi entzungo ditu datorren astean, AEBetako Senatuan agerraldia baitu, Wall Streeteko taldeen burtsako praktikei buruz.
AEBetan ez ezik, agian beste herrialde batzuetan ere izan ditzake arazoak Goldmanek. Atzo, Erresuma Batuko Finantza Zerbitzuen Agintaritzak (FSA) jakinarazi zuen ikerketa zabalduko duela bankuak herrialde horretan ere irregulartasunak egin ote zituen jakiteko.
Goldmanek irabaziak bikoiztu egin ditu, unerik desegokienean
Erresuma Batuko merkatuen zaindariak iragarri du Wall Streeteko bankua ikertuko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu