Bruselak 4.340 milioi euroko isuna ezarri zion Googleri 2018an, nagusikeriaz aritzeagatik Android bere sistema eragileari mesede egiteko. Erabaki hari helegitea aurkeztu zion teknologia multinazionalak eta, horren harira, 2022. urtean, EBko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Googlek zigorra bete beharko zuela, %5eko murrizketarekin. Bada, orduko jarrerari eutsi dio auzitegiak orain ere; Google nagusikeriaz lehiatu dela iritzita, konpainiak 4.125 milioi euroko isuna ordaindu beharko du.
EBk Googleri leporatzen dio sakelako telefonoen fabrikatzaileekin eta sare mugikorren operadoreekin zituen kontratuetan legez kanpoko murrizketak ezarri izana: alde batetik, fabrikatzaileak behartzen zituen Google Search eta Chrome tresnak aurrez instalatzera Play Store dendarako lizentzia lortuko bazuten. Beste alde batetik, debekatu egiten zien Androidez bestelakoak ziren eta Googlek onartzen ez zituen sistema eragileak ezartzea sakelakoetan.
Neurri horiek lehiarako aukerak murrizten zizkien beste sistema eragileei, Justizia Auzitegiak adierazi duenez. Google, ordea, ez dago konforme epaiarekin, eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari egotzi dio enpresaren ahalegina kontuan ez hartzea; horren harira, esan du 2018az geroztik inbertsio handia egin duela elkarreragineko sistema eragile irekia eta doakoa izatearen alde.