Googlek aplikazio bat egin du Appleren Face Timeri eta Skyperi aurre egiteko

Bideo deiak egiteko Duo aplikazioa merkaturatuko du astelehenean AEBetako multinazionalak. Antzeko aplikazioek ez dituzten berrikuntzak dakartza. Whatsappi itzala egiteko, Allo aplikazioa kaleratuko du aurki

Google enpresak New York hirian dituen egoitzetako bat. JUSTIN LANE / EFE.
2016ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Interneten nagusi den Google multinazionalak bideo deiak egiteko Duo izeneko aplikazioa merkaturatuko du abuztuaren 22an, astelehenean. Nazioartean argitaratuko du Duo, eta, guztira, 78 hizkuntzatan erabiltzeko aukera eskainiko du. Aplikazioa doan erabili ahalko da, eta, beste aplikazioetan ez bezala, bideo deiak gehienez bi erabiltzaileren artean egin beharko dira, ez taldean.

Erabiltzaile gehiagok erabili ahal izateko, Googleren Duok berritu egin du bideo deien aplikazioen erabilera. Izan ere, Face Timeren moduko aplikazioetan ez bezala, Android sistematik iOS sistemara mota horretako deiak egin ahal izango dira, eta alderantziz. Hala ere, bi sistema horien arteko nahasketa hori gauzatzeko, bertsio bereziak beharko dira: Androidek duen sistemari dagokionez, Jelly Bean edo sistema horren bertsio aurreratuagoak, eta iPhone sisteman, berriz, iOS9 edo bertsio aurreratuagoak.

Duo aplikazioaren erabilerari erreparatuta, norberaren sakelako zenbakiaren bidez funtzionatzen du, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango Googleko kontua izatea. Erabiltzaileek euren telefono zenbakirik gabe ere aplikazioa erabiltzeko aukera izango dute, Gmail edo Google Voice zerbitzuetan izena emanez gero.

Konexioa da Googlek aterako duen aplikazioaren beste alderdi indartsuetako bat, erabiltzaileek konexio mota ezberdinekin erabili ahalko baitute Duo, hala nola 2G, 3G eta4G konexioekin. Dena dela, bideo deiaren kalitatea konexioaren kalitatearen araberakoa izango da; aparatuak konexio ona badu, bideo deiaren kalitatea ere ona izango da.

Hala ere, konexioa behar baino kaskarragoa bada, Duok erabiltzaileen bideo deia bertan behera utziko du automatikoki, eta dei arruntarekin jarraitu ahal izango dute. Gainera, wifi konexiotik sakelakoen sarera konektatzean, deiak lehenago bezala jarraituko du, inolako etenik gabe.

Bereizi nahian

Beste aplikazioetatik bereizi nahian, Googlek berrikuntza nabarmen bat sortu du merkaturatuko duen Duo aplikazioan: Knock Knock izeneko funtzioa, hain zuzen. Knock Knock funtzioak deia jasotzen ari den pertsonari bestearen informazioa emango dio. Deia egiten ari den erabiltzailearen sakelako telefonoak duen kameraren bitartez, bideo deia egin ahal izango du lehenengo 30 segundoetan deia jasotzen ari den lagunak. Funtzio horren bidez, lehenengo erabiltzailearen baimenik gabe, haren identitatea jakingo du deia jasotzen ari den pertsonak, eta baita zertan ari den eta non dagoen ere.

Aplikazioaren itxura ere aintzat hartu du Googlek. Bi kolore izango ditu Duok: laranja eta urdina. Hasierako orrian, bi aukera eskainiko ditu. Batetik, lehenago bideo deia egindako erabiltzaile batekin berriro konektatzeko aukera, eta, bestetik, beste erabiltzaile batekin bideo deia egitekoa.

Beste zenbait aukera ere eskainiko ditu aplikazioak. Internet erabiltzeko beharrezko diren datuen erabilera mugatzea edo Knock Knock funtzioa aktibatzeko aukera. Zenbait analistak uste dute Googlek merkaturatuko duen aplikazioak ez duela lortuko erabiltzaileen babes handirik. Izan ere, azaldu dute erabiltzaileek «bere lekua» bilatu dutela Android sistemaren munduan.

Googlek Allo aplikazioa argitaratuko du aurki. Whatsappen antzekoa izango da, eta inteligentzia artifiziala erabiliko du; jatetxeen erreserbak egin ahalko dira hala. Ez du zehaztu noiz aterako duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.