Googleren aste perfektua ilundu du Frantzian jarritako zigorrak

Frantziako CNIL gainbegiratzaileak 325 milioi euroko isuna jarri dio, Gmailen erabiltzaileei publizitatea sartzeagatik. AEBetako justiziak, ordea, ez du Google zatitzera behartuko, eta EBk haren aurkako zigor bat atzeratu du.

Erabiltzaile bat Googleren Chrome bilatzailea erabiltzear. HANNIBAL HANCHSKE / EFE
Erabiltzaile bat Googleren Chrome bilatzailea erabiltzear. HANNIBAL HANCHSKE / EFE
Iker Aranburu.
2025eko irailaren 4a
16:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bikain zihoakion astea Googleri, baina Frantziako merkatuen gainbegiratzaileak distira pixka bat kendu dio. 325 milioi euroko isun bat ezarri dio, Gmail posta elektronikoaren erabiltzaileei publizitatea erakusteagatik eta cookie-ak aplikatzeagatik erabiltzaileen baimen espresurik gabe. Gainera, CNIL Informatikaren eta Askatasunen Batzorde Nazionalak ohartarazi dio sei hilabeteren buruan praktika hori zuzendu ezean zigorra handitu egingo diola: 100.000 euroko isuna egun bakoitzeko.

CNILek azaldu duenez, Googleren Gmailen 74 milioi kontu daude Frantzian, eta horietatik 53 milioitan azaldu zen publizitatea, promozioak eta sare sozialak ataletan. Erakundeak argudiatu du halakorik ezin dela egin aurretik erabiltzailearen baimena jaso gabe.

Cookie-ei dagokienez, CNILek dio Gmailen kontu bat sortzen duena bultzatu egiten dutela publizitate pertsonalizatuak onartzera, publizitate generikoen ordez, eta ez zaiola argi adierazten zerbitzuak publizitate cookie-en menpe daudela. Horregatik uste du ez dela baliozkoa erabiltzaileak eman ohi duen onarpena.

150

Shein-i jarritako isuna, milioi eurotan. Google ez ezik, Shein ere zigortu du CNILek. 150 milioi euroko isuna ordaindu beharko du Txinako Internet bidezko jantzi dendak, hark ere zenbait cookie ezartzen zituelako erabiltzaileei argi adierazi gabe. Sheinek arau hauste hori dagoeneko zuzendu duela azaldu du Frantziako merkatuen gainbegiratzaileak.

Googlek helegitea aurkezteko eskubidea dauka, baina oraindik ez du argitu egingo ote duen. Azaldu du CNILen erabakia aztertu egingo duela, baina ziurtatu du bere posta elektroniko zerbitzuaren erabiltzaileek beti dutela agertzen zaizkien iragarkiak kontrolatzeko aukera. Gainera, nabarmendu izan du publizitateari esker dela doakoa Gmail eta iragarkiek oso ikusle gutxi izan ohi dituztela.

Bi frontetan garaile

CNILek inoiz jarritako zigorrik handiena da, baina, hala ere, txikikeria bat da Googlek —edo zehatzago esanda, Googleren atal guztiak biltzen dituen Alphabet enpresak— aste honetan arriskatzen zuena kontuan hartuta. Bi fronte zituen irekita, AEBetan eta Europako Batasunean, eta bietan garaile atera da; oraingoz, fronte horiek ez daudelako erabat itxita.

Washingtonen, enpresaren negozio eredua bera zegoen jokoan, Chrome nabigatzailea saldu behar izateko arriskua zuelako. Ez du halakorik egin beharko. Amit Mehta epaile federalak onartu du monopolio baten moduan jokatu izan duela Alphabetek. Konpainiak Chrome nabigatzailea, Play Store aplikazio denda eta Android sakelako telefonoen sistema eragilea erabiltzen dituela Google bere bilatzailea —eta diru iturri nagusia— hobesteko eta lehiakideak baztertzeko.

Baina epaileak gehiegizkotzat jo du AEBetako Justizia Departamentuak eskatutako konponbidea, hau da, konpainia zatikatzea. Gainera, gobernuak nahi zuen bertan behera geratzea Google bilatzailea hobesteko Alphabetek Applerekin eta beste konpainia batzuekin sinatutako kontratu handiak. Horren ordez, Alphabetek debekatua izango du Googleri esklusibotasuna ematen dioten kontratuak egitea eta bere bilatzailearen gaineko informazio gehiago partekatu beharko du.

big tech
AEBetako teknologia handietako buruak, Trumpen bigarren kargu hartzean. CHIP SOMODEVILLA / EFE

Auzia Donald Trumpen lehen agintaldian zabaldu zuen AEBetako Justizia Departamentuak, eta hari eutsi zion Joe Bidenen taldeak. Etxe Zurira itzulitakoan, Trumpek adierazi du konpainia teknologiko handiek botere handiegia eskuratu dutela, eta JD Vance presidenteordeak jendaurrean ere eskatu izan du Googleren haustura. Haiei hegalak mozteko, Gail Slater hautatu zuen Justizia Departamentuan monopolioen aurkako borroka gidatzeko; hain zuzen ere, Slaterrek zabaldu zuen Googleren aurkako auzibidea. 

«Auzia ez da bukatu. Kasua historikoa da», adierazi du Slaterrek, Mehta epailearen erabakia jakin bezain pronto. Edonola ere, oraindik ez du argitu helegitea jarriko ote dion. 

Trumpen kontraesanak

Baina Trumpek etxe barruan enpresa teknologikoen inguruan duen mezuak talka egiten du etxe kanpoan daraman politikarekin. Joan den astean bertan muga zerga handiekin mehatxu egin zien AEBetako enpresa multinazional handien jardunari mugak jarri nahi dizkieten herrialdeei. Uler daiteke mezu hori batez ere Europako Batasunari zuzenduta zegoela, hark eman dituelako pauso gehien arlo horretan, bere lege digitalen bitartez.

Trumpen mehatxuek izan dute ondoriorik. Astelehen honetarako espero zen Europako Batzordearen ebazpena Googleren aurka duela lau urte irekitako ikerketa batean. 2023an, Margrethe Vestager orduko Lehia komisarioak ohartarazi zion Googleri iragarkien teknologian duen nagusitasuna gehiegikeriaz baliatu zuela lehiakideei aurrea hartzeko, eta jokaera hori zuzentzeko modua Alphabet zatikatzea izan zitekeela. Ordukoa, ordea, lehen ebazpen bat zen, eta astelehenerako espero zen Bruselaren behin betiko erabakia, baina ez da iritsi.

Hainbat hedabidek kaleratu dutenez, Teresa Ribera Lehiarako oraingo komisarioak ebazpena argitaratu nahi zuen, baina Europako Batzordea kide anitzeko organo bat da, eta haren barruan gehiengoa ziren uste zutenak ez zela komeni orain argitaratzea, Trump ez haserretzeko. Noiz egingo duten ez dute argitu.

Nolanahi ere, badirudi Riberaren taldea ere ez dela ausartuko Alphabeten zatiketa agintzera, eta beste isun batekin konpondu nahi duela auzia. Vestagerren garaian 8.000 milioi eurotik gorako isunak jarri zizkion EBk.

Alphabet ez zatikatzeko erabakien atzean badago beste azalpen bat: adimen artifizialaren zabaltzea Internet bidezko bilatzaileen garrantzia aldatzen hasi da, eta, hortaz, arrisku bat da Alphabeten negozio eredurako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.