Oso erantzun zabala toki batzuetan, eta txikia besteetan. Erantzun desberdina izan du grebak Bizkaiko gune bakoitzean. Erantzunik handiena Busturian, Lea-Artibain eta Durangaldean izan du: Busturialdeko herri nagusiak, Bermeo eta Gernika, itxita egon dira ia guztiz; baita Lea-Artibaiko enpresa, udal eta denda gehien-gehienak ere, bai Ondarroa eta Lekeitio herri nagusietan, bai txikietan. Arrantzaleek ere bat egin dute grebarekin. Durangaldean, industrialde handienek itxita eduki dituzte lantegi gehienak, eta herrietan ere oso handia izan da erantzuna.
Bilbo Handiko industrialdeetan gorabeheratsuagoa izan da greba. Etxebarri, Basauri eta Galdakaokoetan, esate baterako, asko izan dira ateak itxita eduki dituzten lantegiak, baina baita ireki dituztenak ere, nahiz eta langile zein ibilgailuen joan-etorria txikia izan den ohiko egunekin alderatuta. Ertzainen presentziak ere agerian utzi du ezohiko egoera.
Ezkerraldean ere gorabeheratsua izan da grebari emandako erantzuna, bai industrialdean, bai merkataritza eremuan. Megapark merkataritza gunean denda handietako batzuek ateak itxita eduki dituzte, eta beste batzuek, irekita; alboko Park Aveniu gunea, berriz, itxita egon da ia erabat. Bilbondo, aldiz, zabalik.
Bilboko kaleek ere irudi desberdina hartu dute guneka. Zazpikaleak eta Bilbo Zaharreko ingurua erabat itxita egon da; Indautxu eta Bilbo erdiko kaleetako denda gehienek irekita eduki dituzte ateak, manifestazioa pasatu denean pertsianak jaitsi arren.
Eta asko izan dira egun osoan Bizkaiko alde guztietan egin dituzten mobilizazioak. Zenbaitetan, goizaldean hasi eta arratsaldean amaitu dira. Horietako hainbatetan liskarrak ere izan dira manifestarien eta ertzainen artean. Portugaleten, esaterako, piketean ari zirenei oldartu egin zitzaien Ertzaintza goizean. Arratsaldean, Sestaon manifestazioa egiten ari zirenen aurka egin zuten ertzainek.
Bi zauritu eta atxilotu bat
Goizeko tirabira handienetakoa, Bilboko Kale Nagusiko El Corte Ingles saltokian izan zen, ohi denez. Dendak atea ireki aurretik, piketeak bertan ziren. Lanordua hastear zela, ertzainez betetako zortzi furgoneta bertaratu ziren,eta protestariak sakabanatzeari ekin zioten, bultzaka, borrekin jota eta gomazko pilotak jaurtita. Pilota batek begi ondoan jo zuen gazte bat, eta Basurtuko Ospitalera eraman zuten anbulantzian.
Bilbobusek Elorrietan autobusak gordetzeko duen eremua ere izan ohi da liskar gunea greba egunetan. Atzo, piketeak bertaratu ziren arren, lanean ziren gidariak tirabira handirik gabe atera ziren errepidera, ertzainek zainduta. Gerora, hala ere, hamar bat autobuso kalte egin zieten Bilboko zenbait auzotan: kristal hautsiak eta margoa bota. Gidari bat begian zauritu zuten, hautsitako kristalak ebakita.
Urduñan, berriz, pertsona bat atxilotu zuen Ertzaintzak, trenbidean egurrez eta harriz barrikada egitea egotzita.
Greba orokorra. Herrialdeak. Bizkaia
Gorabehera handiak eskualdeen arabera
Bi lagun zauritu dira begian: protestari bat, Ertzaintzaren pilotak jota, eta autobus gidari bat, kristal bat hautsita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu