Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du Bizkaiko ostalaritzako lan hitzarmena aplikatu behar zaiela lurralde horretan diharduten Telepizzako langileei. Orain arte Espainiako lan hitzarmenak arautzen zituen haien lan baldintzak, baina, ELA sindikatuak jakinarazi duenez —hark babestu du legalki salaketa—, epaileak arrazoia eman die langileei. Sindikatu subiranistaren arabera, alde handiak daude bi lan hitzarmenen artean, eta haien artean dago Bizkaiko lan hitzarmenak ezartzen duen urteko soldata 10.000 euro handiagoa dela.
Erlazionatuta
ELAk historikotzat jo du sententzia, epaileak Euskal Herriko probintzia bateko lan hitzarmen bat lehenetsi duelako Espainiakoaren aurretik. Historikoa, era berean, prozesuaren iraupenarengatik ere, salaketa jarri zuten bost langileek 2022an hasi baituzten auzibidea. Enpresaren helegiteek luzatu dute auzia, eta azkenean Gorenak eman dio akabera.
Sindikatuaren datuen arabera, langileen baldintzak asko hobetuko dira: 10.000 euro gehiago jasoko dituzte urtean, eta lanaldi nabarmen motzagoa izango dute. ELAk, gainera, dagoeneko aurreratu du atzerako eragina izatea eskatuko duela, alegia, azken urtean soldatetan pilaturiko aldea eskatuko diola enpresari.