Gorria. Hala deitzen omen diote orain Espainiako selekzioari, eta Portugalen aurkako partidan zein mundu txapelketako orain arteko ibilbideari erreparatuta gorriak ikusi baditu ere, euforia zabaldu da beste behin. Burtsan, seihileko honetan gorriak ikusi badituzte ere, euforia gutxi. Ekaina amaituta, balantze egiteko ordua iritsi da, eta Ibex-35ak %22,4 galdu izanak argi erakusten du akzioak salerosteko orduan txantxarik ez dagoela eta aldakortasun handiko egunak direla egungoak. Bujadin Boskov parafraseatuz, «burtsa horrelakoa da». Oraingo testuingurua, inbertsiogileak oso adi begira daude bankuek likidezia lortzeko dituzten zailtasunei. Banku arteko merkatuan gorriak pasatzen ari omen dira, eta EBZra jo beste erremediorik ez dute. Atzo, Europako Banku Zentralak hiru hileko enkatean uste baino diru gutxiago mailegatu izanak (131.900 milioi euro) aditzera eman die burtsei epe motzera finantzatzeko zailtasunak ez ei direla hainbesterako. Gaur, berriz, duela urtebete %1eko interesean, hamabi hilabeterako 442.000 milioi euroko finantzazioaren epea amaituko da; EBZk hori berritzea edo ez erabaki beharko du. Horren zain, astearteko jipoiaren ostean, %1,12 igo zen, 9.276 punturekin amaitzeko. Iragan astean 10.000 puntutan zen.
Telefonica. Portugal Telecomek Vivo sakeleko telefono konpainian duen %50eko partaidetza eskuratzeko, Telefonicaren (+%0,96) eskaintzari uko egin dio Portugalgo Gobernuak. PTn duen urrezko akzioaren ahalmenaz baliatu da. Europako Batzordeak erabilera hori legez kanpokotzat jo du. Partida ez da amaitu.
Gorriak ikusita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu