Greba orokorra eta ia erabatekoa izan zen atzokoa. Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformaren kontrako grebak sektore guztietan eragin zuen, eta jarraipena oso zabala izan zen lurralde guztietan. 2009ko, 2010eko eta iazko grebak industrian eta sektore publikoan nabaritu ziren batez ere; atzokoa baita sektore pribatuko beste arlo batzuetan ere, merkataritzan nagusiki. Aurreko grebetan lurraldeetako jarraipenaren arteko aldeak nabarmenak ziren; atzo lausoagoak. Azken urteetako jende gehien bildu zen atzoko mobilizazioetan, bai goizean, bai arratsaldean: hiriburuetako goizeko manifestazioetan ehun mila lagunek baino gehiagok parte hartu zuten.
Grebaren arrakasta ziurtatuta zegoen, Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek deitu baitzuten grebara: alde batetik, ELAk, LABek, EILASek, ESK-k, EHNEk eta hainbat gizarte taldek deitu zuten grebara; bestetik, CCOOk eta UGTk ere bat egin zuten greba egunarekin, Hego Euskal Herrian eta Espainian. ELArentzat, LABentzat eta beren deialdikoentzat atzoko greba «ia erabatekoa» izan zen, «inoizko handiena» Josu Zalbidea EILASeko ordezkariarentzat; CCOOrentzat eta UGTrentzat, berriz, «historikoa», 1988ko abenduaren 14ko grebatik izandako handiena.
Greba eguna ez zen erabateko arrakasta izan, hiriburuetako mobilizazioetan izandako istiluengatik. Polizia manifestariei oldartu zitzaien eta hainbat lagun zauritu ziren, 19 urteko gazte bat larri Gasteizen.
ELAk eta LABek aztertutako industriako 541 enpresetatik %86,88an —guztiak 50 langile baino gehiagokoak— greba egin zuten hiru langiletik bik edo gehiagok. Greba egin zuen hiru langiletik gutxienez batek ia enpresa guztietan, %95,57etan. Nafarroan, greba «erabatekoa» izan zen Sakanan eta Nafarroako iparraldean; «garrantzitsua» Iruñerrian; eta «oihartzun zabalekoa» Tafallan eta Erriberan.
Patronalek hitzez ez, baina datuen bitartez onartu zuten greba arrakastatsua izan zela. Patronalaren eta sindikatuen datuak inoiz baino gertuago daude. Patronalak piketeen presioari eta «bortxakeriari» leporatu zien hainbat enpresa ixtea.
%60, patronalen arabera
Grebak «iragarritakoa baino» eragin «mugatuagoa eta txikiagoa» izan zuen Confebasken, Adegiren (Gipuzkoa), Cebeken (Bizkaia), SEAren (Araba) eta CENen (Nafarroa) arabera. Hala ere, datuetan onartu zuten grebaren jarraipena industrian %60 ingurukoa izan zela. SEAk %65eko datua eman zuen atzo; iazko urtarrileko greban, aldiz, %8ko jarraipen eskasa aipatu zuen. Cebekek %15eko jarraipena aipatu zuen iaz, eta Adegik %28koa.
CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak grebari buruzko behin-behineko balorazioa egin zuen goizean, grebaren arrakasta gutxietsiz.
Grebak ez zuen enpresa handienetan bakarrik eragin, baita txikietan ere. Aurreko urteetako greba egunetan jarraipena apalagoa izan zen merkataritzan eta ostalaritzan; atzo, ordea, oso zabala. Jaurlaritzaren datuen arabera, ia erabatekoa (%98) izan zen Bizkaiko merkataritzan. Cebekek berak onartu zuen denden %85 itxi egin zituztela. «Horrek erakusten du autonomoek ere ulertu dituztela greba egiteko arrazoiak», Sonia Gonzalez LABeko Komunikazio idazkariaren iritziz.
Sindikatuen datu gehienek, ohikoa ez bada ere, bat egin zuten Eusko Jaurlaritzaren zenbakiekin. ELAren eta LABen arabera, irakaskuntzan greba ia erabatekoa izan zen, %90 ingurukoa, «inoizko handiena»; Jaurlaritzak onartu zuen langileen %86k greba egin zutela. Administrazio orokorrean jarraipena %80koa izan zen, bai sindikatuen, bai Jaurlaritzaren esanetan. Ia erabatekoa edo %80tik gorakoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal gehienetan —hiriburuak barne— eta foru aldundietan. Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak parte hartu zuten Donostiako manifestazioan.
Osakidetzan mobilizazioa «azken urteetako handiena» izan zela uste dute sindikatuek, «gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan badira ere». Osasun zerbitzuetako sindikatu profesionalek (Satse, SME, FFHE, SAE eta Utese) esan zuten lau langiletik hiruk egin zutela greba, «urteetan gertatu ez dena». Jaurlaritzaren arabera, bi langiletik batek egin zuten greba.
Hirutik bat Nafarroan
Nafarroan hezkuntzan eta Osasunbidean greba azken urteetako handiena izan zen ELArentzat eta LABentzat, baina Nafarroako Gobernuak bestelako datuak eman zituen atzo: greba egin zezaketen hiru langile publikotik batek egin zuen greba, 19.022 langiletik 6.242k. Bost langile publikotik batek gutxieneko zerbitzuetan lan egin behar zuen.
ELAko kide Patxi Agirrezabalaren hitzetan, zifren gerrarik ez da egongo oraingoan, «greba ikaragarria izan dela aitortu dutelako gobernuek eta patronalek».
Greba nabaritu zen bestelako arloetan ere: bidaiarien garraioan; salgaien garraioan (askok herenegun egin zituzten bidaiak); kooperatibetan; gasolindegietan; autobideetan (Gipuzkoan hesiak altxa zituzten); Bilboko eta Pasaiako portuetan; gasolindegietan; eta eraikuntzan (AHTren lan batzuk ez zituzten gelditu). Komunikabideei dagokienez, atzo ez ziren kaleratu BERRIA, Gara eta Noticias de Navarra, eta EITBk gutxieneko zerbitzuak bakarrik eskaini zituen.
Atzoko mobilizazio jendetsuetan ikusitako irudiek «borrokari lotzeko indarra» emango diete sindikatuei, Gonzalezek esan zuenez: «Inflexio puntua izan da, ezer ez delako grebarekin amaitzen. Bihar indartsu jarraituko dugu bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat aldarrikatzen». Agirrezabalak gaineratu zuen murrizketek jarraituko dutela. Gaur. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak aurrekontuak aurkeztuko ditu. Hainbat murrizketa iragarri ditu.
«Erantzuteko gaitasuna»
Sindikatuen arabera, langileen eskubideak «suntsitzeko» prozesuan «erasoak» ugariak dira, baina grebarekin erantzuna ere koska bat igo dute. Agirrezabalak berretsi zuen bide horretatik jarraituko dutela: «Euskal langileriak erakutsi du bere barnean duen baloreetako bat elkartasuna dela, eta borroka kolektiboaren bitartez erantzuteko gaitasuna».
«Herritarren oihua» entzuteko eskatu zien Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak politikariei, Bilboko ekitaldi nagusian. Aintzat har ditzatela herritarren eskaerak.
Espainiako Gobernuak ez du egingo. Fatima Bañez Enplegu ministroak atzo bertan esan zuen ez daukatela asmorik lan erreformaren muina aldatzeko, «geldiezina» baita. CCOOk eta UGTk negoziatzeko eskatzen diote. «Ez dugu etsiko», esan zion Ignacio Fernandez Toxo Espainiako CCOOko idazkari nagusiak, Madrilen. Greba negoziatzeko «bultzada» izatea nahi dute, «Gobernua sindikatuekin negoziatzera esertzeko seinalea». Negoziatuz gero, «gatazka beste eremu batzuetara» bidera daitekeela uste du. Bestela, gero eta gatazka handiagoa iragarri zuen.
Greba eguneko balorazio ilunena, ordea, «jazarpen polizial etengabeak» eraman zuen. Gonzalezek azaldu zuenez, Ertzaintzak zein Guardia Zibilak pikete informatiboetan eta kotxe karabanetan ibilitakoak identifikatu zituzten, eta «probokazioak» ere aipatu zituen. Iruñean, Gasteizen eta Errenterian (Gipuzkoa) izandako oldarraldiak salatu zituen, baita atxiloketak eta zaurituak ere.
Greba orokorra. Laburpena
Greba ia erabatekoa izan da
Grebak jarraipen zabala izan du lurralde guztietan, bai industrian eta sektore publikoan, eta baita merkataritzan ereEAEko patronalek emandako datuek grebaren arrakasta berretsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu