Greba mugagabera deitu dituzte garraiolariak, igande gauaz geroztik

Martxoan ez bezala, oraingoan protestarekin bat ez egitea erabaki du Hiruk. Deitzaileek salatu dute kostuen igoerak ez direla islatzen tarifan

Kamioiak Iruñeko sarreran, garraiolarien martxoko greban. J. MANTEROLA / FOKU.
Iker Aranburu.
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Aurten bigarren aldiz, mugagabeko grebara deitu dituzte Hego Euskal Herriko garraiolariak, datorren igande gauerditik aurrera. Arrakasta izan zuen martxoko deialdiak, Bilboko portuan batez ere, baina ikusteko dago zer gertatuko den oraingoan, orduan ez bezala protestarekin bat ez egitea erabaki baitu garraiolari autonomoen erakunde handienak, Hiruk.

«Ez gara bildu, eta ez gara bilduko», azaldu dio BERRIAri Hiruko bozeramaileak. «Arazo guztiak ez dira konpondu, baina gu ez gaude greba egiteko txiparekin».

Arazo horien artean dago garraiolarien bezeroek, kargatzaileek, ez dituztela beti kontuan hartzen kostuen igoerak beren tarifetan. Hori izan da grebaren deitzaileak, Plataformak, igandetik aurrera greba mugagabea egiteko emandako arrazoi nagusia. «Zazpi hilabeteren ondoren, ez da betetzen garraiolarien kostuak estaltzera behartzen duen legea; gero eta gehiago ari gara ordaintzen. Adar jotze bat da», ziurtatu du Manuel Hernandez Plataformako ordezkariak. Haren datuen arabera, larunbatean egindako batzarretan, kideen %86k bat egin zuten lanuztearekin.

Garraioaren kostuak tarifetan kontuan hartzea «beti da zaila», Hiruren arabera, baina onartu du martxoko gatazkaren ondoren «bultzada» bat izan zutela tarifak igotzeko akordioek. «Garbi dugu ezin dugula lana egin dirua galtzeko; kostuak estaltzen ez dituzten lanak ez egiteko aholkatzen diegu gure kideei». 800 garraiolari autonomo inguru ordezkatzen ditu Hiruk.

Bilboko portuan dabiltzan 700 garraiolarien artean ez dago adostasunik. Larunbatean batzar bat egin zuten, eta greba babestea erabaki, baina parte hartzea ez zen oso handia izan.

Enpresak ere, aurka

Grebaren aurka mintzatu dira garraio patronalak ere, eta ohartarazi dute inflazioa handitu dezakeela. Enpresen ordezkariek negoziatu ohi dute Espainiako Gobernuarekin, CNTC batzordearen bitartez, eta gustura azaldu dira martxoan Garraio Ministerioarekin lortutako akordioaren bilakaerarekin.

Itun horrek finkatu zuen kamioilariek ez dituztela beren ibilgailuak kargatu eta deskargatu behar, erregaia garestitzen bada tarifak egokitu behar direla, eta gasolio profesionalaren ordainketa hilero egin behar dela.

Gainera, urtea amaitu bitartean indarrean dago hogei zentimoren deskontua gasolioan, eta garraiolariek 1.200 euroren bi laguntza jaso dituzte. Azken neurri horrek eta Eusko Jaurlaritzak kamioiak berritzeko emandako laguntzak talde handiei mesede handiagoa egiten dielako, berriz, kexu da Hiru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.