Donibane Lohizuneko (Lapurdi) tren geltoki aitzinera hurbildu dira hainbat jaka ezberdinetako langile. 9:00etan zeuden geldituta trenbideetako langileak eguneko batzarra egiteko. Fite batu zaizkie energia sektoreko langileak eta portuetako langileak. Frantziako Gobernuak egin nahi duen erretreten erreformaren kontrako mobilizazioa hasi zenetik, bederatzigarren greba eguna dute trenbideetako langileek. Eta astearteko manifestaziotik, berriz, hirugarren batzarra dute greba mugimendua antolatzeko.
Gaur batzarra laburra izan da. Hitzartze labur batzuekin hasi da. Julien Delion tren gidari eta CGT sindikatuko kideak hartu du hitza. Intersindikalak Ipar Euskal Herri kostaldeko auzapez guztiei gutunak bidali zizkiela oroitarazi du. Gutunak erretreten erreformaren inguruko galdea zeraman. Mezuari erantzuna eman zion bakarra Jean-François Irigoien Donibane Lohizuneko auzapeza izan zen. «Irigoienen ustez, bi urte gehigarri horiek ez dira trabagarriak. Irigoienen ustez, ez dute herritarrek aukeratzen, baizik eta hautetsontziek. Macronek hauteskundeak irabazi dituelako zilegitasun osoa duela estimatzen du. Baina ez da horrela». Irigoieni eta «langileen interesak errespetatzen ez dituen orori» erantzun bat emateko elkartu dira Donibane Lohizunen.
Tropak animatu ostean, trenbideetako langileak hautetsontzi batetik pasatu dira banan-banan bozkatzera: «Bihar greban segitzen ote dugu?». Trenbideetako langileek oraingoz argi erantzun diote galderari, %95ek greban segitzearen alde bozkatu baitute. Hala ere, kezka bat ageri da: estrategiari buruz hitz egiteko beharra sumatzen da, baina gaur mobilizazioari eman diote garrantzia. Elektrizitate eta gas enpresetako langileek ere bozkatu dute; horiek, besoak altxatuz. Erantzuna berbera da, gehiengo handi batek besoa zerura buruz baitzuen.
Baturik eta tinko! Mobilizaturik erreforma kendu arte! lelodun CGT sindikatuaren banderola zabaldu, eta manifestazioari ekin diote berrehun langilek. Errepide nagusitik itzuli bat eman dute, eta auto ilarak sortu dituzte. Herriaren erdigunerantz joan dira ondotik, Gerard Larcher Frantziako senatuko lehendakariak han duen etxebizitzara. Han, geldialdia egin dute. Senatu burua seinalatu dute; Sebastien Geles Hendaiako tren gidari eta CGTko kideak hartu du hitza: «Senatari honek Macronen erreforma baino urrunago joan nahi du. Guk, zenbait lanbidetako langileok, ezezkoa ematen diogu erretreta duinen aurka doan edozein erreformari». Bidea segitu dute Donibane Lohizuneko herriko etxera arte.
Herriko etxearen parean jarri dira hasieran, beren presentzia danborren danbadaz eta turuten hotsez iragartzen. Zenbait langile karpa baten azpian sartu eta oihalez ezkutatu dute beren burua, eta protestari masaren laguntzaz herriko etxearen gibelaldera joan dira. Han, elektrizitate eta gas kutxetara hurbildu, eta eraikinaren elektrizitate eta gas sarrera urritu dute. Sebastien Gelesek azaldu duenez: «Krisi energetikoan gauden honetan, langile batzuek neurritasun energetikoa inposatu diote Irigoieni». Ekintza sinbolikoa ez du erakunde batek ere bere egin.
Amaitzeko, plantxa bat atera dute herriko etxeko plazan, eta nahi zuenarentzako askaria proposatu dute. Julien Delionen arabera, biharko ez da ekintzarik aurreikusi. «Enpresa bakoitzean langileak batzartu daitezen nahi dugu. Bihar horri emango diogu lehentasuna, grebaren segida ongi prestatzeko».
Intersindikalak berriro manifestatzera dei egin du larunbaterako. Ipar Euskal Herrikoa Baionan iragango da. 10:30ean abiatuko da, tren geltokitik.