Azken asteotan euroguneko agintariek hainbat aldiz eskatutakoa bete du Greziako Gobernuak. Bigarren erreskatearen azken zatia (7.200 milioi) jasotzeko egin beharreko erreforma sortaren proposamena igorri die, Financial Times egunkariak atzo aurreratu zuenez.
Proposamenei harrera hotza egin die gaur Annika Breidthardt Europako Batzordeko bozeramaileak. "Zerrendarik ez da amaitu. Zerrendak aldatu egiten dira negoziaketek irauten duten bitartean". Efek aipatu dituen EBko iturriek ere txikitu egin dituzte Greziako finantzaketaren arazoari Aste Santuan konponbide bat aurkitzeko aukerak. "Uneotan ez dago arrazoirik datorren astean Eurotaldearen bilera bat egiteko", adierazi dute.
Baikorrago azaldu dira azken egunotan Greziako agintariak, eta aste honetan ez bada, hurrengoan akordio bat egon daitekeela iradoki dute.
Edonola ere, Giannis Varufakis Greziako Finantza ministroa haserre azaldu da gaur goizean bere gobernuaren zerrenda publiko egin delako. "Ziurtatzen dizuet guk ez dugula filtratu. Zerrenda kaleratu nahi genuen baina bazkideek ez zuten nahi eta isilpean gordetzea erabaki zen orduan", esan die Greziako diputatuei.
Financial Timesek atzo arratsaldean kaleratutako 26 orrialdeko txostenaren arabera, iruzur fiskalaren eta zerga ihesaren aurkako borrokan jarri du Greziako Estatuaren diru-sarrera ahulak handitzeko itxaropena. Zehazki, esaten du gutxienez 725 milioi euro eta gehienez 875 milioi lortu daitezkeela "zorrotzago kontrolatuz" Greziako aberatsek edo enpresek atzerrian egin dituzten operazioak. BEZ zergaren aurkako iruzurra jazarrita gehienez 420 milioi eskuratu ditzakeela dio, eta beste 400 milioi olioaren, tabakoaren eta alkoholaren aurkako legez kanpoko salerosketari trabak jarrita.
Luxuzko produktuen gaineko zergaren tasak igota 20 milioi lortu nahi ditu, eta beste 70 milioi iragarkiek telebistei ematen dieten irabaziaren gainean 2010 ezarritako %20ko zerga behingoz indarrean jarrita. Baina alde horretatik neurri esanguratsuena izango litzateke behingoz tasa bat kobratzea telebista baimena lortu duten kate pribatuei (350 eta 380 milioi artean). Greziaren ondare kultural eta historiko erraldoiari etekin handiagoa ateratzeko neurriak ere ezarri nahi ditu Atenasek. "EBko beste herrialdeetako prezioak" izan behar dituzte museoek edo ondare historikoak.
Greziaren arazo handienetako bat ezkutuko ekonomia handia denez, Alexis Tsiprasen gobernuak proposatu du sistema elektronikoei buruzko ordainketak gehiago zabaltzea (266 milioi).
Badago beste proposamen deigarri bat: BEZaren ordainketari lotutako loteria berri bat sortu nahi du Atenasek. Hau da, nahi du herritarrek zerbitzu bat edo produktu bat erosten duten bakoitzean BEZa ordaintzea eta hori erakusten duen tiketa eskatzea. Errezibo horiekin loteria baten modukoa egingo luke administrazioak. Itxaropen handia jarri du neurri horretan ezkerreko gobernuak, uste baitu gutxienez 270 milioi eta gehienez 600 milioi eskuratu ditzakeela. Antzeko sistemak dituzte Portugalek, Maltak eta Eslovakiak.
Agintera iritsi zenetik (eta horren aurretik) onartu du Tsiprasen gobernuak zerga sistema gaizki dabilela Grezian. "Hainbat hamarkadatan legedi ahulak, teknologia zaharkituek eta arauak betearazteko gogo eskasak zergak ez ordaintzeko giro bat sortu dute. Horrek behartu du tasa handiko sistema bat ezartzea, bereziki kontsumoaren eta jabetzaren gainean, horiek baitira iskin egiteko zailenak; horren ondorioa izan da krisi fiskalaren garaietan muturreko zerga presioa ezarri zaiela langile arruntei eta, aldi berean, ezkutuko ekonomia, zerga ihesa eta zerga atzerapen izugarriak sortu direla".
Pribatizazioak bai
Pribatizazioen arloan Bruselaren aurrean neurri batean amore eman du Greziako Gobernuak, esaten baitu kontratuak beteko direla eta abian dauden prozesuek jarraituko dutela. Horrek iradokitzen du azkenean Pireoko portua Txinako konpainia bati saltzeko prozesuak aurrera jarraituko duela, hainbat ministrok halakorik ez zela izango agindu arren. Edonola ere, Atenasek nabarmendu du troikak aurreko gobernuari inposatutako pribatizazioek "modu ikusgarri batean" huts egin dutela, apenas lortu delako dirurik. Zehazki, 2011-2016 artean pribatizazioen bidez 50.000 milioi euro biltzea zen troikaren asmoa, eta 2.600 milioi baizik ez ziren eskuratu 2013 arte, erosle gutxi erakarri dituztelako eta kontratu batzuk "modu amateurrean" egin zirenez, epaitegiek baliogabetu dituztelako.
Baina beste arlo batzuetan ez dirudi Tsiprasek men egingo dionik euroguneari. Pentsio sistemaren erreforma eskatu diote, baina proposatu dituen neurriak arlo horretan gastua 1.100 milioi eurotan handitzekoak dira: 600 milioi pentsiodun pobreenei hamahirugarren ordainketa bat egiteko, 326 milioi defizita zerora iritsi arte pentsioak eguneratzea debekatzen zuen 'zero defizitaren klausula' atzeratuta, eta beste 150 milioi beste neurri batzuen bidez.
Lan merkatuari buruzko neurriek ere sortuko dituzte desadostasunak, orain arte Bruselak nahi zituenaren aurkako ildoan doazelako: gutxieneko soldata igotzea eta negoziazio kolektiboa berreskuratzea.
Negoziaketa gogorrak
Ikusteko dago Greziaren proposamenek zein harrera jasotzen dute Bruselan eta Europako beste hiriburuetan. Joan den ostiraletik asteartera hainbat bilera izan dira Atenasko ordezkarien eta EBko erakundeen artean, baina ez dute fruiturik eman. Denbora askorik ez dago, ordea, akordio bat lortzeko, Greziako Gobernuak likidezia premia handia baitu. Dirua batetik eta bestetik aterata lortu du martxoko soldata eta pentsio publikoak ordaintzea, eta Nazioarteko Diru Funtsari zor zion dirua itzultzea. Baina datorren ostegunean bertan beste 450 milioi pagatu behar dizkio erakunde horri, eta ez dago garbi diru hori ba ote duen.
Otsailaren 20an Atenasek eta euroguneko beste kideek lortutako akordioaren bitartez, apirilaren 30a baino lehen ados jarri behar dute bi aldeek indarrean jarri beharreko erreformen inguruan. Akordioa egon arte ez ditu euroguneak Greziarentzat prest dituen 7.200 milioi euroak askatuko.