Defizit publikoa murrizteko Greziako Gobernuak hartutako neurri gogorrek izan dute emaitza: urteko lehen sei hilabeteetan 11.500 milioi euroko defizita pilatu du Greziako Estatuak, iaz baino 8.200 milioi edo %41 gutxiago.
Nazioarteko Diru Funtsak inposatutako helburuak gainditu ahal izan ditu Atenasek: barne produktu gordinaren %5,8eko defizita eskatu zion ekainera arte, eta %4,9koa izan da. Urte osorako %8,1eko defizita izateko helburua eskura izango dutela esan du Giorgos Papakonstantinu Greziako Finantza ministroak.
Helburu horiek betetzearren, Gobernuak %15 murriztu du gastu publikoa, langile publikoen soldatak eta pentsioak jaitsita, batik bat. Gainera, diru sarrerak handitzearren, zerga bereziak igo ditu, BEZa %19tik %23ra emendatu du, eta tasa berriak sortu.
Hurrengo neurria bihar bertan iritsiko da, Parlamentuak erretiratzeko adina 65 urtera atzeratzeko proposamena bozkatuko du. Atzerapen horri greba orokorrarekin erantzungo diote sindikatuek etzi. Aurtengo seigarren greba orokorra da, baina aurrekoek ez dute lortu Atenasko gobernuak atzera egitea.
Papankonstatinuk agindu du beste austeritate neurririk ez dutela hartuko, baina azken hitza datuek izango dute. NDFk eta Europako Batasunak 110.000 milioi euroko funtsa sortu dute Greziari laguntzeko, baina iturria itxiko dute Atenas defizit murrizketaren helburuak betetzen ez baditu. Horrek ezinbestean ekarriko luke Greziak zorra pagatzeari uztea, finantza merkatuak praktikan itxita dauzkalako rating agentziek haren zorra zabortzat jotzen dutenetik.
Konstantinu baikor azaldu da, eta espero du datorren urtean jada gai izango direla merkatuen bidez finantzatzeko. Berez, 2012ra arteko ordainketak NDFren eta EBren diruarekin bete ditzake Greziak. Irailean 9.000 milioi euro jaso behar ditu erakunde horiengandik, eta beste hainbat urtea bukatu aurretik. NDFko, Europako Banku Zentraleko eta Europako Batzordeko ordezkaritza Atenasen izango da hilaren 20tik 24ra, kontu publikoak orekatzeko planaren azterketa egiteko.
%3ko atzeraldia
Defizita ez murriztu ahal izateko oztopo handietako bat atzeraldia da. Gastu publikoaren murrizketak sakondu egin du Greziaren ekonomiaren txikitzea. Greziako Gobernuak %4ko uzkurtzea iragarri zuen aurten, baina datu hori «oso ezkorra» dela uste du orain Papankonstantinuk, eta adierazi du %3tik gertuago izango dela.
Eta atzeraldiarekin batera diru bilketa uste baino apalago doa. Zergen igoerei esker uste zuten iaz baino %11 gehiago bilduko zutela, baina %7,1eko hazkundea besterik ez du izan.
Greziak defizita %41 jaitsi du, Europak eta NDFk eskatutakoa baino gehiago
Bihar, erretiratzeko adina atzeratuko dute, eta etzi, sindikatuek seigarren greba egunera deitu dituzte greziarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu