Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimena eman dizkio Madrilgo Bess Development enpresari, Gueñesen (Bizkaia) 85 megawatt/orduko kapazitatea izango duen argindar biltegi bat eraikitzeko. Litio ferrofosfatozko bateriak izango dira. La Jarako azpiestaziotik gertu egongo da, eta bertara konektatuko da. Enpresak hiru urteko epea du lizentziak lortu eta planta martxan jartzeko.
Bost megawatt/ordu pasatxoko hamazazpi bateria jarriko dituzte, eta 30 kilovolteko linea batekin sareratuko du gordetako argindarra. Enpresak 2024ko abuztuan eskatu zuen biltegia eraikitzeko baimena, eta Eusko Jaurlaritzak martxoan eman zion aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena. Behin Jaurlaritzaren baimena edukita, jarduera ahalbidetzeko udal lizentziak behar ditu enpresak.
Bateria biltegi handien xedea zera da, energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturek ekoizpen handiko uneetan sobera sortzen duten argindarra biltegiratzea, ekoizpena txikiagoa den uneetan —eguzki edo haize gutxi dagoenean— sarera argindar hori bera bidaltzeko. Hala ere, teknologia hori ez da asko garatu oraindik, erronka handiak baititu sektoreak. Izan ere, energia kantitate handiak biltegiratzeko azpiegitura handi eta garestiak behar dira.
Euskal Herrian martxan dagoen proiektu bakanetariko bat Iberdrolak Oiz mendian (Bizkaia) jarri zuen 3,5 megawatt/orduko kapazitateko pila da. Bess Developmentek, Gueñeskoaz gain, badu beste proiektu bat, aurreratuago gainera: Barakaldon (Bizkaia) beste bateria planta bat eraikiko du, 81,2 megawatt/orduko kapazitatekoa. Proiektu horrek jada jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren eraikitzeko baimena, eta Barakaldoko Udalak lizentzia eman dio jarduera aurrera eramateko.