Gurutzetako ospitaleko langile bat hil da, istripu ez-traumatiko batean

Bakarrik ari zen lanean. Emakumea zen, eta 54 urte zituen.

Gurutzetako ospitaleko sarreretako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gurutzetako ospitaleko sarreretako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko azaroaren 5a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igandean langile bat hil zen Gurutzetako ospitalean (Bizkaia), lan istripu ez-traumatiko baten ondorioz. Emakumea zen, eta 55 urte zituen. LABen arabera, bakarrik ari zen lanean, ohikoan jenderik egoten ez den ospitaleko eremu batean. Beste langile batek aurkitu zuen lurrean, oraindik kontziente zegoela, eta lankideek gurpil aulki batean eraman zuten larrialdietara. Han hil zen.

Sindikatuak adierazi duenez, lan istripu ez-traumatikoak —hau da, kolperik edo istripu fisikorik gabe gertatzen direnak— ez dira kasualitate hutsa. «Horien atzean lan eta bizi baldintzak daude: estresa, lanaldi luzeak, txandakako lana, bakardadea edo buruzagien autoritarismoa».

Hildakoa Gurutzetako sukaldeko langilea zen, baina, sindikatuak salatu duenez, ospitaleko beste lan batzuk ere egiten zituen; hala nola talde medikoen oheak. LABen arabera, egoera hori ez da salbuespena, eta ospitalean hainbat behargin aritzen dira halako lanak egiten —bai Osakidetzakoak, bai azpikontratatutakoak—, «erabat bakarrik» eta «segurtasun neurri egokirik gabe».

Sindikatuak gogorarazi duenez, urteak daramatzate egoera hori salatzen, baina Osakidetzak ez du behar bezala erantzun. «Argi dago, Osakidetzako zuzendaritza legez saihestu daitezkeen arriskuak ezabatzera behartuta dagoen arren, etekin ekonomikoa bizitzaren gainetik lehenestea erabaki duela, estatistikoki ez baita garrantzitsutzat jotzen heriotza bat prebenitzeko kostua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.