Gutunak paketeen itzalean geratu dira

Gero eta posta gutxiago banatu arren, milioika gutun entregatzen dira. Paketeak ere gero eta gehiago banatzen dira, eta enpresa pribatuak sartu dira sektorean. Amelibia Correoseko langilea izan da, eta Urdangarinek Amazonentzat egiten du lan.

Jose Antonio Amelibia. 48 urte egin ditu Correosen, aurten erretiroa hartu duen arte. JON URBE / FOKU
Jose Antonio Amelibia. 48 urte egin ditu Correosen, aurten erretiroa hartu duen arte. Donostian izan du egoitza. JON URBE / FOKU
Kerman Garralda
2025eko abuztuaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

Galtzeko arriskuan dago udako klasikoetako bat: gero eta postal gutxiago idazten da. Donostiako Parte Zaharreko hainbat oroigarri dendak salgai dituzte atarian, baina eskaintza txikia da kamisetekin, jertseekin, katiluekin, imanekin, pegatinekin eta besterekin konparatuta. Saltzaileek baieztatu dute ez dela produktu nagusietako bat, eta erosleak normalean helduak izaten direla. Haurrei beste oroigarri batzuk sartzen zaizkie begietatik, postalak argazki digitalizatuak besterik ez baitira haientzat.

Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordearen azken txostenaren arabera, hamar lagunetik zortzik ez dute eskutitzik idatzi azken urtebetean. Are, erdiek ez dute gutunik jasotzen, eta gora doa kopurua, ohiko gutunetan gehienak fakturak eta entitateek bidalitako jakinarazpenak direlako, eta halakoak ere elektronikoki bidaltzen direlako gero eta gehiago.

Jose Antonio Amelibia Correoseko langile ohiak (Errenteria, Gipuzkoa, 1962) berretsi egin du datua. Garai onenetan milioika gutun banatzen zirela oroitu du, baina orain erdira jaitsita dagoela azaldu du. Dena dela, oraindik ere zenbaki «handiak» dituztela kontatu du, eta datuak xehatu: ohiko postari dagokionez, Araban, milioi bat gutun baino gehiago banatu ziren ekainean; Bizkaian, lau milioitik gora; Gipuzkoan eta Nafarroan, 2,5 milioi gutunen langa gainditu zen; ezohikoak, hau da, eskura entregatu behar direnak eta hartzailearen sinadura behar dutenak, ia beste milioi bat izan ziren.

«Ekaina eta uztaila lan handiko hilabeteak izaten dira», zehaztu du. «Urtea behetik hasten dugu, baina otsailean, martxoan, apirilean... gora egiten du. Udaberrian eta udan gutun asko banatzen dira. Abuztuan, ordea, behera egiten du. Oporren eragina izango da». Udazkenean, berriz egiten du gora kopuruak. «Gabonen aurreko egunak ere lan handikoak izaten dira, baina behera egiten du urteko azken egunetan». Jaiegun bereziak noiz tokatzen diren, horrek ere eragina izaten du. «Aste barruan egokitzen badira, posta gutxiago banatzen da. Lan egutegia egiteko garaian kontuan izaten ditugu halakoak».

8

Hego Euskal Herrian ohiko zenbat gutun banatu ziren ekainean, milioitan. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, ohiko gutunei dagokienez, zortzi milioi baino gehiago banatu ziren. Ezohikoak, gutxigatik, ez ziren milioi bat izan. Correosen pakete zerbitzuak 3,5 milioi gai banatu zituen.

Baina nolako bidea egiten dute eskutitzek helmugara iritsi aurretik? Hego Euskal Herritik bidalitako eskutitza bada, hurbileneko postontzian edo Correosen bulegoan entregatu behar da; Correoseko langileek bildu egiten dituzte, eta Gasteizko Jundiz industrialdeko logistika gunera bidali. Han, pilatu egiten dituzte aurrena, eta helmugaren araberako sailkapenak egin ondoren. Orain, sistema guztia digitalizatuta daukate, eta milaka gutun bideratzen dituzte egun bakarrean. Horri esker, hiru eguneko epean gutuna dagokion tokira iristeko konpromisoa du Correosek.

Iraganean eskuz egin beharreko lana zela gogoratu du Amelibiak. 48 urte egin ditu bertan lanean, aurten erretiroa hartu duen arte. «Lehen egunean, iritsi, eta bizkarrean eramateko zaku huts bat eta herriko postontzi guztietako giltzak eman zizkidaten. 'Zoaz herriko gutun guztiak jasotzera, eta ekarri hona', agindu zidaten. Horrela hasi nintzen», oroitu du. Gerora, beste haimaka alorretan jardun du: bulegoetan lan egin du, marketin alorrean ere bai, Hego Euskal Herriko eta Errioxako (Espainia) arduradun izan da... «Denetarik egin behar izan dut».

Eskutitzetatik paketeetara

Gutunen joeraz bestelakoa dute paketek. Pakete zerbitzua handitu eta handitu ari da: ekainean, kasurako, 3,5 milioi pakete baino gehiago banatu zituen Correosek Hego Euskal Herrian. «Ditugun baliabideak ditugu, eta ezin gara zoratu. Nahiko genuke pakete gehiago banatu edo bestelako eduki batzuekin hasi, baina ezinezkoa da», adierazi du. «Correos enpresa publikoa da, eta haren xedea ez da ugazabarentzat —Espainiako Gobernua— dirua irabaztea. Kontrara. Haren helburua da ahalik eta eraginkorrena izatea, herritarrei ahalik eta zerbitzu onena ematea, gehiegi kostatu gabe».

Euskal Herriko hiri eta herrietako paisaia urbanistikoaren parte bilakatu dira banatzaileak. Furgonetan, bizikletan edo patinetean, oinez ere bai batzuetan, tamaina eta pisu guztietako paketeak entregatzen dituzte. Bogan dago sektorea: Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordearen arabera, Hego Euskal Herrian ia 140 posta operadore zeuden erroldatuta 2023. urtean Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioaren Posta Erregistroan.

Alpha North Logistic da horietako bat, eta Felix Urdangarin (Usurbil, Gipuzkoa, 1976) da bertako beharginetako bat. «Egunero ehun pakete baino gehiago banatzen ditugu. Batzuetan, berrehun ere bai», zehaztu du. «Itxialdiaren aurretik, Gabon garaia zoramena izaten zen, baina orain urte osoan da zoramena. Handitu egin zen bolumena, eta ez da jaitsi». Urdangarin, normalean, Gipuzkoan aritzen da banatzen, baina Alpha North enpresak Hego Euskal Herri osoan ematen du zerbitzua. Amazon multinazionalaren azpikontrata bat da.

«Hiri handietan galdua da postariaren eta herritarren arteko lotura hori. Dena hotzagoa da orain»

JOSE ANTONIO AMELIBIA Correoseko langile ohia

Urdangarin LAB sindikatuko ordezkaria da, eta, bi urteko negoziazioen ostean, lan hitzarmena sinatzea lortu berri dute. «Lau eguneko astea adostu dugu. Badago bost egun egiten dituenik ere, baina haien ordaina handiagoa da». Soldatak finkoak dira. «Hobe horrela. Banatutako paketeen arabera balitz, ez litzateke justua izango. Banaketa ibilbide luzeagoa duenak edo jende gutxi bizi den eremuetan banatzen duenak ez luke horrenbeste irabazteko aukerarik izango». Erregaia enpresaren kontura izaten da, eta, furgoneta garbi eta txukun entregatuz gero, hilabete bukaeran aparteko ordainsaria dute.

«Niretzat, txarrena errepidean egin beharreko kilometroak dira. Zumaiatik [Gipuzkoa] Berriaturaino [Bizkaia] joan naiteke, eta errepidean beti dago arriskua». Udan, eguzki errea; neguan, asfalto bustia. Eta presa ez da bidelagun ona. «Korrika ibiltzen gara, denbora justua izaten dugu eta». Behin iritsitakoan hartzailea ez badago etxean, «buruhaustea» da banatzaileentzat. «Amazonen politika da egunean bertan beste saiakera bat egitea, gutxienez lehen saiakera egin eta ordubetera. Beste joan-etorri bat egin behar, ondorioz». Halere, azaldu du bezeroek gero eta gehiagotan eskatzen dutela atarian edo bizilagunari uzteko paketea inor ez badago etxean. «Arrisku bat da guretzat, eta kexak jaso izan ditugu. Baina ez da ohikoena».

«Itxialdiaren aurretik, Gabon garaia zoramena izaten zen, baina orain urte osoan da zoramena. Egunero ehun pakete baino gehiago banatzen ditugu»

 FELIX URDANGARIN Alpha North enpresako banatzailea

Amelibiak esan du gaur egungo banatzaile enpresenak baino hobeak direla Correoseko lan baldintzak. «Correoseko postariren batek entzuten badit, esango du hobeak izan daitezkeela, baina merkatuari oro har begiratuz gero, batez bestekoaren gainetik gaude: Gizarte Segurantzan alta emanda daude langile denak, lan eskubide guztiak bermatuta dauzkate...». Posta zerbitzuaren publikotasuna defendatu du. «Ezinbestekoa da. Correosek kalitatezko zerbitzua eta kalitatezko lanpostuak eskaintzen ditu, behar bat asetzeko».

Etorkizunean, robotak

Amelibia eta Urdangarin bat datoz pakete zerbitzuak ez duela berehalakoan behera egingo. «Dudarik ez dut honek jarraitu egingo duela. Internetetik egiten diren erosketa gehienak txorakeriak dira: pilak, Coca-Colak... denetarik banatu dut. 'Ezin al zinen dendara jaitsi?', galdetzen diot neure buruari», esan du Urdangarinek.

«Badirudi joera dela dena automatizatzea eta robotizatzea, baina banatzaileen lana ez dut uste galduko denik», iragarri du Amelibiak. «Pena emango lidake. Hiri handietan galdua da postariaren eta herritarren arteko lotura hori. Dena hotzagoa da orain». Haren ustez, hobetzekoen artean, indarrak landa eremuan jarri behar dira: «Hor dago beharrik handiena. Gainera, normalean jende heldua bizi da, eta, posta zerbitzuaz gain, bestelako beharrak ere izaten dituzte. Toki batzuetan hasiak gara bankuekin lanean, haien zerbitzua ere zabaltzeko, adibidez». 

EEUU AMAZON ANIVERSARIO
Banatzaile bat, paketez inguratuta, artxiboko irudi batean. ANGEL COLMENARES / EFE

Digitalizazioaz ere mintzatu dira. Gaur egun, PDA baten laguntzarekin, barra kode bat eskaneatu eta datu guztiak elektronikoki gordetzen dira. Ia ez dute paperik erabiltzen egunerokoan. «Beste garai batzuk ziren. Gogoan dut lehen datu guztiak eskuz jasotzen zirela, eta fisikoki gordetzen ziren. Erreklamazio bati erantzuteko, bi hilabeteko epea genuen, informazioa aurkitzen ere lanak izaten genituelako. Orain, klik bakarrean jakin dezakegu gutuna edo paketea noiz, nork, nora bidali duen», argitu du Amelibiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.