Gutxieneko soldata «deszentralizatzea» helburu, langileen estatutua aldatzeko eskatuko dute euskal sindikatuek Madrilen

Galiziako eta Herrialde Katalanetako sindikatu subiranistekin arituko dira ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru. Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdi gehienekin eta Yolanda Diaz Lan ministroarekin bilduko dira, haien proposamena bidera dezaten.

Galiziako eta Herrialde Katalanetako sindikatuek online hartu dute parte gaurko agerraldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Galiziako eta Herrialde Katalanetako sindikatuek online hartu dute parte gaurko agerraldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko urtarrilaren 27a
12:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxieneko soldata propioaren alde beste pauso bat ematera doa Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala, Galiziako eta Herrialde Katalanetako sindikatu subiranistekin batera. Langileen estatutua aldatzeko eskatuko dute Madrilen: bilerak galdegin dizkiete Espainiako Kongresuko alderdi gehienei eta Yolanda Diaz Lan ministroari, proposamen hori bidera dezaten. «Gutxieneko soldata deszentralizatzea» da helburua, hau da, autonomia erkidegoetako gobernuek eskumena izan dezatela ordainsari horren zenbatekoa ezartzeko, betiere Espainiako Gobernuak jartzen duen zifra orokorraren gainetik.

Madrilera eramango duten Lanbide arteko gutxieneko soldata propioaren aldeko manifestua aurkezteko, agerraldia egin dute gaur Bilbon ELA, LAB, Steilas eta Etxalde sindikatuetako ordezkariek —Hiruk ere babestu du—, eta online parte hartu dute beste bost erakundek: Galiziako CIG, Kataluniako Intersindical eta IAC, Valentziako Intersindical Valenciana eta Balear Uharteetako STEI. «Aldarrikapen estrategikotzat» jo dute oinarrizko soldata propioaren aldekoa.

«Estatuan lan harremanak zentralizatzeko joerak beheranzko uniformizazioa dakar, bai soldatetan, bai lan baldintzetan, eta prekarizazioa hedatzea»

GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra

Izan ere, sindikatu horiek guztiak bat datoz «Espainiako Estatuan lan harremanak zentralizatzeko joera» kritikatzean. «Beheranzko uniformizazioa dakar, bai soldatetan, bai lan baldintzetan, eta prekarizazioa hedatzea. Gutxieneko soldata zenbatekoa den erabaki ahal izatea funtsezko neurria da prekaritateari eta pobreziari aurre egiteko, eta baita ere langileen, emakumeen eta pertsona migratuen eskubideei eraso egiten dien olatu erreakzionarioa gelditzeko», adierazi du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak.

Hego Euskal Herrian aspaldikoa da eskakizun hori, baina sendotu egin da azken hilabeteetan: sindikatuek herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean, eta beste bat Nafarroako Parlamentuan, baina ez zituzten tramiterako onartu. Hala, gutxieneko soldata propioa eskatzeko, greba orokorrera deitu dute martxoaren 17rako. Prozesu horrekin bat dator, beraz, Madrilen egin duten proposamena.

Artikulu bat moldatzea

Funtsean, Langileen Estatutuaren Legearen 27. artikulua aldatzeko eskatuko dute, eta horretarako lege testua ere aurkeztu, manifestuaren barruan. Horren arabera, Espainiako Gobernuak ezarriko luke lanbide arteko gutxieneko soldata, baina «autonomia erkidegoek modua izango lukete beren lurraldean aplikatzekoa den gutxieneko soldata ezartzeko», eta erkidegoetako gutxieneko ordainsariak Madrilek zehaztutakoa baino handiagoa izan beharko luke. Espainiako Konstituzioari buruzko xedapen bat ere erantsi dute —Eusko Jaurlaritzak esana du horixe moldatu behar dela gutxieneko soldataren eskumena aldatzeko—.

Egitasmoa aurrera ateratzeko modua ikusten du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak: «Europako zuzentarau batek behartu egiten ditu estatuak gutxieneko soldaten inguruko arauak eguneratzera. Aukera hori probestu behar da gure proposamena langileen estatutuan jasotzeko».

«Presio sindikal eta politikoa egin behar dugu. Kontuan izan behar da gaur egun estatuko gobernagarritasuna indar subiranistetan oinarritzen dela»

MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia

Langileen estatutua aldatzeko, lege bat aurkeztu beharko lukete gobernuak edo alderdi politikoren batek. Hala, sindikatuek beren testua aurkeztuko diete Kongresuan ordezkaritza duten alderdi gehienei: EH Bildu, EAJ, BNG, ERC, Junts, Podemos, Sumar eta PSOE. Bilerok otsaileko lehen hamabostaldirako lotzea espero dute. Yolanda Diazekin ere egon nahi dute, nahiz eta jakina den Lan ministroa ez dela gutxieneko soldata deszentralizatzearen aldekoa. «Presio sindikal eta politikoa egin behar dugu. Kontuan izan behar da gaur egun estatuko gobernagarritasuna indar subiranistetan oinarritzen dela, eta guk indar horiei eskatuko diegu presioa egin dezatela ministerioan», adierazi du Lakuntzak.

Gutxieneko soldata ez da nahikoa

Ildo horretan mintzatu da CIGeko ordezkari Paulo Carril ere: «Espainiako Gobernua indar politiko subiranistetan sostengatzen da, eta hori lan arloko politiketan ere nabaritu behar da». Haren ustez, gutxieneko soldata deszentralizatzea «bidezko neurri bat» da langile guztientzat, ez soilik estaturik gabeko nazioetan bizi direnentzat. CIGen arabera, Galizian aurten 1.375 eurokoa beharko luke ordainsari horrek; Herrialde Katalanetako sindikatuek, berriz, 1.600 eurotan jarri dute kopurua.

Oro har, ordezkari guztiek nabarmendu dute Madrilek ezarritako gutxieneko soldata ez dela nahikoa bizitzeko. «Milaka langilek ezin diete aurre egin oinarrizko premiei», adierazi du Intersindical Valencianako Beatriu Cardonak. «Estatuko batezbestekoaren gainetik dago bizitzaren kostua hemen, besteak beste, turismoan oinarritutako eredu ekonomikoaren ondorioz», erantsi du Intersindicaleko Sergi Perellok. «Subiranotasun laboral eta ekonomikoa behar dugu bidezko lanak lortzeko», ondorioztatu du IACko David Caño.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.