ELAk eta LABek greba orokorrera deitu dute martxoaren 17rako, gutxieneko soldata propioaren alde

Eskaera horren inguruan dagoen blokeoa amaiarazi nahi dute protestaren bitartez. Nahi dute alderdiren batek herri ekinaldi legegileko eskaerak parlamentuetara eraman ditzala berriz ere, eta oraingoan eztabaidatu daitezela.

Mobilizazioa antolatu duten sindikatuetako buruak, Bilbon gaur eginiko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mobilizazioa antolatu duten sindikatuetako buruak, Bilbon gaur eginiko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko abenduaren 15a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELAk eta LABek beste pauso bat emango dute Hego Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzearen aldeko bidean, eta greba orokorrera deitu dute egungo blokeo egoera konpontzeko. Martxoaren 17rako deitu dute protestara, eta, presio bide hori baliatuta, Confebask patronala gai horri buruz negoziatzera behartu nahi dute, baita erakunde publikoen jarrera aldarazi ere. Steilasek, Hiruk eta Etxaldek ere deitu dute grebara.

Orain arte, Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa izan da lan urte honetako auzirik beroena, eta ez dirudi hurrengo urtean epelduko denik. Are, guztiz kontrakoa: sindikatu abertzaleek indartu egingo dute haren aldeko apustua, eta hordago jo diete patronalari eta erakunde publikoei. Lehen hilabeteetan, herri ekinaldi legegile bat, manifestazioak eta agerraldi publikoak izan dira estrategiaren oinarri, eta, orain, lanuzte orokorrera deitu dute.

DATUa

307.000

Zenbatek duten 1.500 eurotik beherako soldata Sindikatuen arabera, Hego Euskal Herrian 307.000 dira hilean 1.500 euro gordin baino gutxiago irabazten dituzten langileak. Horietatik 164.000k jardunaldi osoan dihardute.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak eman dute erabakiaren berri, eta langileak mobilizatzera deitu. Bi esparrutako eragileei egotzi diete blokeoaren errua. Batetik, salatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bizkarra eman diotela sindikatuek sustatutako herri ekinaldi legegileari, «138.495 herritarren babesa izanagatik ere». Bestetik, gaitzetsi dute hala Confebask nola CEN patronalek ere uko egin diotela negoziazio mahaian esertzeari eta sektore arteko akordio bat adosteari.

«Ate guztiak itxi dizkigutelako egingo dugu greba orokorra», nabarmendu du Lakuntzak: «Orain arte Pradalesen eta Txibiteren gobernuek eta Confebaskek zehaztutako bidetik joan gara, eta negoziazioaren bideak ez du ezertarako balio izan. Bi bide urratu ditugu, eta biak zapuztu dizkigute». Are gehiago, hiru erakundeen «hipokrisia» salatu du: «Mobilizazioetara jotzen dugulako kritikatzen gaituzte, baina, gero, atea ixten digute. Ba ote hipokrisia handiagorik?».

«Ate guztiak itxi dizkigutelako egingo dugu greba orokorra. Orain arte Pradalesen eta Txibiteren gobernuek eta Confebaskek zehaztutako bidetik joan gara, eta negoziazioaren bideak ez du ezertarako balio izan» MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia

ELAko idazkariak gehitu du egun agerikoa dela «ezin dela bizi 1.184 eurorekin», eta Espainiako Gobernuak inposatzen duen gutxieneko soldatak ez duela prekaritatea konpontzen. Halaber, gehitu du gutxieneko soldata igota aberastasuna hobeto banatzen dela eta burujabetasuna handitzen dela: «Lortzeko modukoa da eskumen hori. Alemanian, lander bakoitzak zehazten du bere lurraldeko gutxieneko soldata».

Aranburuk bide beretik jo du, eta datu argigarriak eman. Zehaztu du egun Hego Euskal Herriko 307.000 langilek irabazten dituztela hilean 1.500 euro baino gutxiago eta horietatik 164.000k lanaldi osoan dihardutela. Gaineratu du 2008an soldatak Hego Euskal Herriko BPGaren %49 zirela, eta egun %41,9 direla, Europako batezbestekoa baino askoz gutxiago: %47.

«Confebaskek hiru aldiz esan dio ezetz eskaerari, eta CENek CCOOren eta UGTren laguntzarekin egin zion uko. Eskrupulurik gabeko patronalak dira, erasora jotzen ari direnak»

GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra

LABeko koordinatzaile orokorrak salatu du enpresa eta politika arloko erabakiak daudela gutxieneko soldata propioari jarritako traben atzean. «Confebaskek hiru aldiz esan dio ezetz eskaerari, eta CENek CCOOren eta UGTren laguntzarekin egin zion uko. Eskrupulurik gabeko patronalak dira, erasora jotzen ari direnak. Horren eredu da Tamara Yague Confebaskeko presidentearen jarrera despotikoa, esan baitzuen gutxieneko soldataren orria pasatua zela dagoeneko».

Torresek negoziatzeko eskatu die deitzaileei

Mikel Torres Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak ELA eta LABen greba deialdia «errespetatzen» du, baina hitz egitera gonbidatu ditu. Bere ustez, negoziazio kolektiboan oinarrituriko gutxieneko soldata bat hitzartzea da bidea eta mahaiaren inguruan nahi ditu sindikatuak. Horren eredu, elkarrizketa sozialeko mahaia jarri du, eta nabarmendu du bertan dauden sindikatuekin —CCOO eta UGT— lanean ari dela «akordioetara iristeko». Jaurlaritzak urte hasieran agindutako ikerketaren ustez, gutxieneko soldata 1.268 eta 1.385 euro artean egon beharko luke. Langileen %3 dago kopuru horien azpitik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.