Gutxieneko soldata propioa eta lanaldiaren murrizketa, Maiatzaren Leheneko aldarrikapen nagusiak

Manifestazio jendetsuenak hiriburuetan espero dira, eguerdian. Eskuin muturraren eta «militarismoaren» goraldiak murrizketa sozialak ekar ditzakeela ohartarazi dute.

Hiru emakume duela urte batzuetako Maiatzaren Leheneko mobilizazio batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Hiru emakume duela urte batzuetako Maiatzaren Leheneko mobilizazio batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko apirilaren 30a
17:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtero legez, langileen protestek mundu osoko kaleak hartuko dituzte ostegun honetan, Maiatzaren Lehenean. Euskal Herrian nagusiki sindikatuek antolatu dituzte mobilizazioak. Langile klasearen identitatea eta lan eskubideak aldarrikatzearekin batera, gaur egungo testuinguru politiko eta sozialarekin loturiko hainbat eskaera entzunaraziko dituzte. Bizimoduaren garestitzea, etxebizitzaren auzia, eskuin muturraren goraldia... Hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak, baina, zenbaitetan, eskualde eta herri mailakoak ere antolatu dituzte.

Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izango da Maiatzaren Leheneko eskaera nagusietako bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lau sindikatu nagusiak batera ari dira borrokan horretan. Confebaskekin biltzeko eginiko saioek, baina, porrot egin dute, patronalak ez baitu horri buruz hitz egin nahi, Jaurlaritzak horretarako deia egin arren. Sindikatuek sinadura bilketa bat abiatu dute Eusko Legebiltzarrean herri ekinaldi legegile bat aurkezteko.

Nafarroan, berriz, oso bestelakoa da egoera: CCOOk eta UGTk ez dute babestu aldarrikapen hori, ezta patronalak ere.

MOBILIZAZIO NAGUSIAK

  • ELA. Bilbo (11:30) eta Iruñea (11:30).
  • LAB. Iruñea (12:00), Baiona (11:00), Bilbo (12:30), Donostia (12:00), Gasteiz (12:00), Maule (11:00) eta Tutera (12:30).
  • CCOO eta UGT. Bilbo (11:30), Gasteiz (12:00), Donostia (12:00) eta Iruñea (12:00).
  • Steilas. Bilbo (11:30), Iruñea (12:00), Donostia (12:00) eta Gasteiz (12:30).
  • CNT. Bilbo (11:30), Donostia (12:00), Gasteiz (12:30), Iruñea (12:00) eta Barakaldo (12:30).
  • ESK. Bilbo (11:30), Donostia (12:00), Gasteiz (12:30) eta Iruñea (12:30).
  • CFDT, CGT, FSU, UNSA, Solidaires eta LAB. Baiona (11:00).
  • CGT, FSU, Solidaires eta LAB. Maule (10:30)
  • EHKS. Bilbo (13:00).

ELA

Gutxieneko soldata propioaren aldeko bandera astinduko du ELAk Maiatzaren Lehenean. Gutxieneko soldata hemen erabaki izango da leloa, eta Bilbon eta Iruñean egingo ditu mobilizazio nagusiak. Horrekin batera, «militarismoaren» kritika egingo du, eta aberastasunaren banaketa eta politika publiko «ausartagoak» eskatuko ditu.

LAB

LAB sindikatuak mobilizazioak antolatu ditu hiriburuetan eta beste herri batzuetan. Hark ere gutxieneko soldata propioa aukeratu du aldarrikapen nagusi gisa. Baina pentsio duinena gehitu dio, lelo luze honetan: Patronala, esplotatzailea. Langileen alde. Soldata eta pentsio duinak. Prekaritatearen aurka, hemen erabaki. Aldarrikapen guztien muinean «burujabetzaren» beharra dagoela nabarmendu du.

CCOO eta UGT

Sindikatu abertzaleak ez bezala, CCOO eta UGT batera joango dira Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean. Lortutakoa babestu, etorkizuna irabazi izango da haien lelo nagusia. Besteak beste, Espainiako Gobernuak aurki onartuko duen asteko 35 orduko lanaldiaren alde mobilizatuko dira; horrekin batera, soldata igoerak, funtzio publikoko zerbitzuen sendotzea eta fiskalitate «bidezkoagoa» eskatuko dute.

Steilas

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek abiatutako greba dinamikak markatuko ditu Steilas sindikatuaren mobilizazioak. Horrez gain, beste aldarrikapen batzuk eramango ditu kalera: etxebizitza, gerra, ekologia, patriarkatua...

CNT eta ESK

Sindikatu txikiak ere aterako dira kalera. Langileen antolakuntza burujabea eta ekintza zuzena defendatuko ditu CNTk. Laneko osasunak toki berezia izango du aurtengo mobilizazioetan, aukeratutako leloak dioen moduan: Bizitza kenduko ez digun enpleguaren alde. ESK-k, berriz, gaurko mobilizazioetako beste salaketa nagusietako bati helduko dio: gastu militarrari, Industria militarra ez da alternatiba lelopean. Horrekin batera, gutxieneko soldata propioa aldarrikatuko du.

Ipar Euskal Herria

Batasun sindikalak protagonismo berezia izango du aurten ere Ipar Euskal Herrian, eta azkenengo urteetan bezala LAB gainerako sindikatuekin —CFDT, CGT, FSU, UNSA eta Solidairesekin— batera mobilizatuko da Baionan, eta lehen aldiz Maulen. «Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean», klase elkartasuna eta borroka defendatuko dituzte. Salatuko dute gobernuek «gerra ekonomia inperialista» erabiltzen ari direla «zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak desegiteko».

EHKS

EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere «gerra inperialista eta Europako estatuen berrarmatzea» eramango du lehen lerrora. «Gorakada belikoa» eta murrizketa sozialak eskutik doazela salatuko du. Aurten ere Bilbon mobilizatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.